Udal eta Foru hauteskundeak. Donostia

Izan nahi dute alkate 'Donostiyakua'

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako Donostiako alkategaiek Deustuko Unibertsitateko ikasleen galderak erantzuten jardun dute. Goiaren arabera, Donostian ez dago «etxe nahikorik». Izagirrek dio turismoak ezin diola jendeari kalterik egin. Garmendiak integrazioa defendatu du, eta Lasak, berriz, tranbia.

Juan Karlos Izagirre, Marisol Garmendia, Eneko Goia, Borja Corominas eta Victor Lasa, atzo, Deustuko Unibertsitatean. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Jose Antonio Larrañaga Urko abeslari donostiarraren abesti batek gaurkotasun osoa du. Hala dio: «Quisiera ser alcalde Donostiyakua» (Izan nahi nuke alkate Donostiakoa). Izan ere, bost donostiarrek borondate hori azaldu dute: Eneko Goiak, egungo alkate eta EAJren hautagaiak; Juan Karlos Izagirrek, alkate ohi eta EH Bilduren alkategaiak; Marisol Garmendiak, PSE-EEko alkategaiak; Elkarrekin Podemoseko Victor Lasak; eta PPko Borja Corominasek. «Zergatik izan nahi duzue alkate?», galdetu die gazte batek. Harrotasuna, konpromisoa, lidergoa, etorkizuna eta kolore txuri-urdinak aipatu dituzte, laburki.

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako Donostiako Udalerako zerrendaburuak Deustuko Unibertsitateko hainbat ikaslerekin elkartu ziren atzo, etxebizitzaz, turismoaz, mugikortasunaz, auzoez eta ondareaz hitz egiteko, besteak beste. Gazteen galderei erantzun behar izan zieten alkategaiek, gaika banatutako bost talde txikitan.

Dozena bat ikasleren lana izan da Goiari etxebizitzari buruz galdetzea. «Ez da oso dotorea nire aurkariekin sartzea, haiek ni entzun gabe, baina iruditzen zait hiri beldurgarri bat marraztu dutela. Hiria ez dago hain gaizki, baina hobeto egon behar du».

Esan die etxebizitzarena dela hiriko arazorik «handiena», eta «betidanik» izan duela arazo hori. «Turismoak okertu dezake, baina ez da bidezkoa turismoari erru guztia botatzea. Faktore askok dute eragina. Gure zeregin handiena eskaintza sortzea izan behar da. Ez dago etxe nahikorik».

Loiolako kuartelen eremuan eraikitzekoak diren etxeak irtenbide bat izango direla esan du Goiak, eta ikasle batek esan dio bere ustez ez dela «beharrezkoa» kuartel bat eraistea, beste leku batean eraikitzeko. «Nire intuizioa da ez dutela beste kuartel bat eraikiko, edo, zerbait egiten badute, oso txikia izango dela», erantzun dio Goiak.

Arte Ederrak

Gaia aldatu dute. «Duela gutxi, zinema areto zaharra [Amara auzoko Arte Ederrak eraikina] eraitsi zuten. Nola neurtzen da ondarearen babesa?», galdetu dio ikasle batek, eta Goiak hauxe erantzun dio: «Babestu beharreko ondarea da, baina erabilerarekin arazoak zeuden. Zinemak ixten ari diren garaiotan, ez zaio inori burutik pasatzen zinema bat irekitzea. Beste zer erabilera zen posible? Orain lantzen ari direna: hotel bat».

Hotelen inguruan hitz egiteko beta ere izan du Izagirrek. Turismoak «alde on asko» dituela esan du, baina alor horretan «desgobernantza» dagoela. «Sektore turistikoa zaindu behar da, baina ezin da donostiarren kaltetan izan», adierazi du. Zenbait neurri proposatu dizkie: «Parte Zaharraz gain, beste auzo batzuk izendatu beharko genituzke eremu saturatu, hotelen moratoria zabaldu beharko litzateke, eta pisu turistikoak arautu beharko lirateke».

Auzoetako betiko dendak desagertzen ari direla ere esan diote ikasleek Izagirreri. Hark esan du merkataritza eremu handien garapena eten beharko litzatekeela, eta tokiko dendak babestu. «Hamar minutu igaro dira! Aldaketa tokatzen da», esan du Felix Arrieta irakasleak. «Jo! Zer erradikala, ezta?», esan die Izagirrek ikasleei, barrez.

Taldez mugituta, Garmendia gazteen aisiaz hizketan hasi da ikasle batzuekin. Berako (Nafarroa) bat izan da talde horretan hitza euskaraz hartu duen bakarra. Azalpen luze baten ostean, esan dio: «Donostian udalak antolatzen dituen kontzertuak mundu guztiarentzako modukoak izatea gustatuko litzaidake». Garmendiak hau erantzun dio: «Ados nago. Hurrengoa».

Hurrengoak migratzaile gazteen inklusioaz galdetu dio, eta Garmendiak erantzun dio «ezinbestekoa» dela integrazioa: «Donostiak behar du jende asko etortzea lanera, hiriko garapen ekonomikoari ekarpena egitera».

Mugikortasunaren gaiari helduta, Lasak esan du tranbia bat egokia izan litekeela hirian, eta Bilboko eredua aipatu du.

Hizketaldi gehienak gazteleraz egin zituzten, askotan ikasleek eskatuta. Hizkuntza gaiez ere ez zuten jardun. Donostiako alkate izan nahi dute, baina ez dute zehaztu Donostiyakua edo San Sebastiangoa izan nahi duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.