Jaizkibel konpainian agerian egongo dira aurten «alardearen kolore askotarikoak»

Proposamena egin die desfilatuko duten andre eta gizonei: «identifikatzen dituela sentitzen duten konpainiaren jantziarekin desfilatzera» animatu ditu. Usadioa konplituz, irailaren 8an izango da aurten ere Hondarribian alardea.

Jaizkibel konpainia, iaz, Hondarribian. GORKA RUBIO / FOKU
Jaizkibel konpainia, iaz, Hondarribian. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2026ko abuztuaren 8a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru hamarraldi daramatzate Irunen eta Hondarribian (Gipuzkoa) alarde parekideen aldeko ekintzak berritzen. Ekainaren 30ean, milaka herritarrek Irunen argi utzi zuten, berriro ere, udalak antolatutako alarde bat nahi dutela: parekidea, inor bazterrean utziko ez duena. Usadioa berrituz, irailaren 8an izango da aurten ere Hondarribian alardea. Alarde parekide baten eskean, Jaizkibel konpainia parekideak ere desfilatuko du, eta keinu bat egin du bere desfilean propio «alardearen kolore askotarikoak» txertatzeko: izan ere, desfilatuko duten andre eta gizonak animatu ditu «identifikatzen dituela sentitzen duten konpainiaren jantziarekin desfilatzera». Keinu bat da. Beste bat. Baina ukazioak trabatutako bideetan keinu txiki bakoitza da garrantzitsua. Baita hau ere. 

Herriaren alardea da agiriaren bidez egin du Jaizkibel konpainiak proposamena. Aldarriaren urtemugaren harira, aurrerapausoak egiten jarraitzeak berebiziko garrantzia duela gogoratu du. «Urtemuga hau gogora ekarri nahi dugu nondik gatozen ez ahazteko, baina baita zubiak eraiki eta elkarrekin aurrera begiratzen jartzeko ere». Hondarribiko alardearen bereizgarrietako bat da konpainia bakoitzak jantzi ezberdinak dituela; Irungoan ez bezala, aniztasuna handia da Hondarribikoan. Eta, janzkeraren bidez, kutunen zer konpainia duten argi adierazteko modua eman nahi die aurten konpainia parekideak desfilean parte hartuko dutenei: «bakoitzak bere koloreak harrotasunez janzteko» deia egin du. Jai oso sentituak dira alardeak, eta Jaizkibelen badakite «norberaren familiarekin, auzoarekin edo historiarekin» lotzen dituzten koloreekin desfilean ateratzea garrantzitsua dela herritar askorentzat.

Horregatik egin dute janzkeran nork bere hautua egiteko proposamena. «Kolore horiek bizi, sentitu eta gure eginez ere erakusten baitugu jaia denona dela eta elkarrekin egoteak aberastu egiten gaituela», azaldu dute. «Alardea, konpainiak, koloreak, espazioak eta jaiak herritarronak baitira, eta horietaz ere gozatzeko eta horiek erabiltzeko eskubidea baitugu, neska zein mutil izan». Esan dute herriarena izan dena «berreskuratzeko» ahalegin bat dela keinua. 

Sorburura

Aldarria hala berrituta, hein batean, orain dela 30 urte lehen aldiz alardean parte hartzeko urratsa egin zuten «aitzindarien» desioa konplitzeko beste urrats bat egiten ari direla uste dute Jaizkibelen. «Pertsona orok, baita emakumeek ere, izan dezatela beren herriko jaietan eta nahi duten konpainian parte hartzeko aukera». Izan ere, urratsa egin zuten haien lehen helburua alardean parte hartzea zen. Ukazioa gogorra izan zen, hesiz bete ziren aldarriaren alde jarraitzeko bideak, eta eskakizuna berritzen jarraitzeko bide bat izan zen aparteko konpainia parekide bat sortzea. 

Baina aurrerabideak etengabeak izan dira. Eta beste bat egingo dute Jaizkibelen orain egin duten proposamenarekin. «Keinu honen bidez, alarde bakar, publiko eta parekidea irudikatu nahi dugu, herritarrena dena, herrira eta herritarrei itzuli behar zaiena».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA