Jaizkibelek salatu du ez dela «inolako berrikuntzarik» Hondarribiko Udalak aurten alarderako ateratako ebazpenean

Konpainia parekideak deitoratu du urtean zehar auzia bideratzeko udalak egin dituen urratsak ere ez direla egokiak izan: «Ezin dira berdin tratatu eskubide bat defendatzen dutenak eta berau ukatzen dutenak».

Jaizkibel konpainia Hondarribiko Kale Nagusian desfilatzen. GORKA RUBIO / FOKU
Jaizkibel konpainia Hondarribiko Kale Nagusian desfilatzen. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2025eko irailaren 2a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten ere usadioa berrituko dute irailaren 8an Hondarribian (Gipuzkoa), herriko jaietan: alardea egingo dute herritarrek, milaka lagun batzen dituen desfilea, eta emakumeek parte hartzea aurten ere eragotzita egongo dela gogoratu nahi izan du andreak gizonen pare onartzen dituen konpainia bakarrak, Jaizkibelek. Izan ere, oraindik andreentzat itxita dagoen eremu bat da alardea: rol bakar batean atera daitezke, kantinera gisa, eta, gainera, hautatuak izan behar dute horretarako. Jaizkibelek aparte desfilatu behar izaten du. Ohar bat atera du propio egoera oraindik zein den gogora ekartzeko, eta salatzeko, gainera, Hondarribiko Udalak ez duela aurten aparteko urratsik egin alarde parekidearen alde: «Iazko ebazpenetik hona ez da inolako berrikuntzarik izan».

Lehengo astean plazaratu zuen udalak propio aurtengo desfilerako ebazpena, eta, Igor Enparan alkateak nabarmendu zuenez, iaz abiarazitako bideari eutsita, aurten ere dekretu bakar bat onartu dute kale erabileraren antolaketa arautzeko, eta, ondorioz, konpainia gisa desfilatu ahal izango du Jaizkibelek, bigarren urtez. Hain justu ere, iaz berrikuntza nabarmena izan zen hori konpainia parekidearentzat; mugarri bat. Ordura arte, udalaren baimenik ez, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren baimenarekin desfilatu behar izaten zuten, manifestazio gisara.

Jeltzaleek hamarraldiak egin zituzten Hondarribian udal gobernuan agintari; aldarri parekidearen kontrako jarrera izan zuten beti, eta Abotsanitz plataformak 2023an alkatetza lortuta heldu ziren Jaizkibel konpainia aintzakotzat hartzeko lehen erabakiak. 2023an, adibidez, aurrez inoiz egin gabeko harrera instituzionala egin zioten agintariek. Jaizkibeleko kideek eskertu dituzte urteotan keinu horiek, baina aurten «etsipena» adierazi dute, ikusita ez dela beste aurrerabiderik izan. «Egiari zor, urrats gehiago espero genituen». 

Modu berean biak

Ebazpenean jasotakoez aparte ere, Jaizkibel konpainiako kideei herabeegiak iruditu zaizkie udalak urtean zehar auzia bideratzeko egin dituen urratsak. «Bizikidetzaren bandera hartuta, eta arazoa, muinean, diskriminazio kontua dela ahaztuta, udalak modu berean tratatu nahi izan ditu bi taldeak. Eta ezin dira berdin tratatu eskubide bat defendatzen dutenak eta berau ukatzen dutenak», salatu dute.

Era berean, salatu dute udalak ez duela jarrera irmorik izan iaz alarde baztertzaileak izandako zenbait jarreraren inguruan. Alarde baztertzaileak bizkarra eman zion iaz Jaizkibeli: udalaren ebazpena bete ez, eta ez zen Jaizkibelen ondoan egon hura agindutako tokitik atera zenean, Gernikako Arbolatik alegia. Propio egindako keinua izan zen: parekidearen ondoan ez agertzeko. Hori ikusita, ordea, «inongo erreakziorik» ez izatea egotzi diote orain Jaizkibel konpainiako kideek udalari, eta aurten ere desfilearen hasierara begira aldaketa esanguratsurik ez egitea. «Txoko batean nahi dute Jaizkibel, dagokion espazioa aitortu gabe».

«Bizikidetzaren bandera hartuta, eta arazoa, muinean, diskriminazio kontua dela ahaztuta, udalak modu berean tratatu nahi izan ditu bi taldeak. Eta ezin dira berdin tratatu eskubide bat defendatzen dutenak eta berau ukatzen dutenak»

JAIZKIBEL KONPAINIA

Egungo udalari jeltzaleek «herentzia txarra» utzi diotela onartu dute konpainia mistoko kideek. EAJk zuzenduriko udal gobernuek guztiz arbuiatu zutenez beti aldarri parekidea, herrian hauspotu eta gaiztotu egin ziren urte askoan aldarri parekidearen kontrako mezuak. Eta traba da orain hori, gainditzen zaila: «Hortik abiatuta bideak zabaltzea ez da erraza». Baina aurrera egitea ezinbestekotzat daukate: «Konponbideak urrats sendoak eskatzen ditu, ausartak». Udalak ez ezik Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere esku hartu behar dutela uste dute: «Haiek ere honen guztiaren parte dira, hartu dituzten edo hartu ez dituzten erabakiengatik». 

Parekidetasunaren alde

Alarde parekidea lortzeko bidean urteotan hainbat proposamen egin dituztela gogoratu dute konpainia mistoko kideek. Azkenetarikoa izan zen Jaizkibel desfileko 22. konpainia izatea: «azken lekuan» desfilatzeko prest zeuden, baina alardearen barruan. «Guk ez dugu segregaziorik nahi; herri festak batera eta elkarrekin ospatzeko bideak zabaldu nahi ditugu», gogora ekarri dute. Tankerako konponbideren bat lortzea zail dagoela onartu dute, ordea, azaldu baitute auzia bideratze aldera abiarazitako foroetan andreek alardean tokia izatea «ukatzen» dutenek ez dutela izan «inolako parte hartzerik». 

Hala ere, alarde parekide bat lortzeko gogoa herrian bizi dagoela uste dute Jaizkibelen. Alde horretatik, azaldu dute uda honetan bertan bilera ugari egin dituztela udal gobernuarekin eta Guztion Alardea taldearekin. Izan ere, Jaizkibel ez da aldarri parekidearen alde ari den bakarra. 2019an abiatu zen Guztion Alardea mugimendua. Herriko hainbat gaztek jarri zuten martxan; alarde parekidearen alde daudela argi esan zuten hasieratik, eta, horren abaroan, 64 andrek eskari bat egin zieten Alarde fundazioari eta udalari: alardean parte hartu nahi zuten. Haiei ere ez zieten baiezko erantzunik eman alarde baztertzailearen antolatzaileek. Konponbiderako bidean mahai gainean jarri dituzten beste hainbat proposamenek ere ez dute oraindik fruitu argirik eman.

Baina, hala ere, aldaketaren alde daudenen arteko elkarrizketek duten garrantzia gogoratu nahi izan dute orain berriro Jaizkibeleko kideek, ezinbestekoa baita bide horretan aurrera egitea. «Zer etorkizun dauka bazterkerian eta banaketan sakontzen duen herriak?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.