«Senatari kargua eta presidentearena izan ezik, gainerako guziak atxiki ditut», erran du umorez Alain Lamassourek (Paue, Okzitania, 1944). 30 urtez egon da Frantziako eta Europako politika instituzionalean inplikatua, eta begirada horretatik abiatuz mintzatu da Frantziako Estatuak hizkuntza gutxituekin duen jarrerari buruz. 1992an, hura izan zen txostengile konstituzioko bigarren artikulua, hau da, Frantziako Errepublikako hizkuntza frantsesa dela dioena bozkatu zutenean. Artikulua bera ez du zalantzan ezarri, baina hizkuntza gutxituen erabilpen ofiziala defendatu bai.
Zerk ekarri zuen 1992an bigarren artikuluaren inguruko bozketa egitea?
Maastrichteko ituna sinatu ondotik, berretsi behar genuen. Horretarako, beharrezkoa zen konstituzioa aldatzea, konpetentzia batzuk Europaren esku utzi behar baikenituen, hala nola monetari buruzkoa. UDF alderdiko bozeramaile nintzen Europako gaietarako; RPR alderdian, berriz, Alain Juppe ari zen idazkari nagusi. Gure arazoa zen gure hautesleen artean bagenituela Europaren kontrako batzuk; lasaitu behar genituen.
Batetik, definitu genuen zer zen Europako Batasuna Frantziarentzat, eta Frantziako Parlamentuari boterea eman genion Europako politika kontrolatzeko. Jacques Touboni bururatu zitzaion zuzenketa bat proposatzea zehazteko errepublikaren hizkuntza frantsesa zela.
Europaren definizioa zegoen jokoan.
Europa eraikitzen ari ginen; eta ari gara oraindik, funtsean. Ez da sistema federal bat, ezta konfederala ere; sistema berri bat da, eta oraindik ez gara gai izan hura identifikatzeko hiztegi egokia asmatzeko. Ez da burujabetza partekatu bat; konpetentzia batzuk denenak dira, eta bakoitzak bere burujabetza atxikitzen du, bere identitatea, bere hizkuntza, bere kultura. Horregatik nabarmendu genuen konstituzioan errepublikaren hizkuntza frantsesa dela. Erakutsi nahi genuen gure identitatea eta kultura nazionala atxikitzen genituela, baina Frantziako agintariak behartu nahi genituen frantsesa defendatzera Europako eta munduko agertokian. Maluruski, ingelesa gaina hartzen ari baitzen garai hartan.
Garai hartan jadanik, arrangura sortu zuen hizkuntza gutxituei buruz.
Afera da bazela eskualdeko hizkuntzen inguruan lanean ari zen diputatu talde bat; oraindik ere bada, funtsean. Frantsesari buruzko zuzenketak arras asaldatu zituen, eta beste zuzenketa bat gehitu nahi izan zuten eskualdeko hizkuntzak aitortzeko. Entseatu ginen ken zezaten konbentzitzera, erranez porrot eginen zuela. 1992ko Frantzian, ez zegoen gehiengorik eskualdeko hizkuntzak aitortzeko. Eta, beraz, Konstituzio Kontseiluak, bigarren artikuluaz galdetzen ziotenean, erraten ahalko zuen konstituziogileak esplizituki adierazi zuela ez zituela eskualdeko hizkuntzak aitortu nahi.
Eta azkenean, hori gertatu zen: zuzenketak aurkeztu zituzten, eta lehertuak izan ziren. Horren ondorioz, Konstituzio Kontseiluak urte batzuk geroago eskualdeko hizkuntzen Europako itunari buruz erabaki behar izan zuenean, eztabaidetan oinarrituz erran zuen bigarren artikuluak eskualdeko hizkuntzak debekatzen zituela.
Alta, ez zen hori artikuluaren asmoa.
Lortu genuen talde politiko guzietako bozeramaileek adieraztea bigarren artikuluaren zuzenketaren alde zirela, baina horrek ez zuela aurrez epaitzen eskualdeko hizkuntzen estatusa.
Baina kontrakoa gertatu da.
Niretzat, konstituziogilearen intentzioa argi zen garai hartan, absolutuki argi. Baina jakobinismoa Frantziako Errepublikaren DNAren parte da. Berdintasunaren muturreko kontzepzioa du Frantziak; berdintasuna eta uniformetasuna nahasten ditu. Eztabaida interesgarria da. Guretzat, frantsesentzat, giza eskubideak norbanakoen eskubideak dira. Alemanian, Europa erdialdean, norbanakoek eskubideak dituzte, baina badira taldeak, komunitateak, nazioaren parte direnak, eta horiek ere badituzte eskubideak. Hor da, bistan dena, Espainiako kasu enblematikoa, autonomia erkidegoena.
Eskualdearen arabera arau publikoak —eta, beraz, obligazioak eta eskubideak— desberdinak izatearen ideiak sutan ezarriko lituzke frantziarren %90i. Badira eskualde batzuk, biztanle gutxikoak, tokiko kulturari eta identitateari atxikiak direnak; eta gutako gehienei hori ez zaigu nazio identitatearen antagonista iruditzen. Alderantziz, iruditzen zaigu gure eskualdeko identitateari ere balioa eman behar diogula besteak bezain alai izateko; eta horretarako, behar balitz, hizkuntza erabili, hizkuntza transmititu. Eta ohartu nahiz horrek histeriko jartzen dituela alderdi politiko guztietako hautetsiak, eta herritarrak ere bai.
Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren adibidea aipatu duzu lehen.
Hori ere biziki frantsesa da desmartxa gisara. 1991n, Berlingo harresia eraitsi zenean, Sobietar Batasuneko kolonia izandakoak demokrazia bilakatu ziren, gurearen gisako erregimenen hautua eginik. Eta trantsizio politiko hori egiten laguntzera entseatu ginen Europako Batasunean sartu aitzin. Horren ondorio izan zen Eskualdeko Hizkuntzen Europako Ituna, herrialde horietan ziren gutxiengoen eskubideak aitortzeko xedea zuena. Europako aferen ministro gisara, auziak eragiten zien Europa erdialdeko herrialdeen itzulia egin nuen konbentzitzeko ituna sinatu eta berretsi zezatela. Eta jakina, Frantzian ere proposatu nuen. Erran zidaten ez zela posible, Frantzian ez zegoelako gutxiengo erregionalik, ezta eskualdeko hizkuntzarik ere. Eskuina zen boterean garai hartan.
1997an, Nicole Perry txintxo horrek kanpaina egin zuen erranez euskara eta okzitaniera defendatuko zituela, eta ituna sinatu eta berretsiko zutela. Nik ere horren alde egin nuen, baina irabazi zidan. Lortu zuen Lionel Jospinek [garai hartako lehen ministroak] ituna sinatzea, baina ez zuen berretsi ahal izan. Konstituzio Kontseiluak ebatzi zuen itun hori konstituzioaren bigarren artikuluaren kontrakoa zela, frantsesaz bestelako hizkuntzak erabiltzeko eskubidea aitortzen baitzuen bizitza pribatuan ez ezik bizitza publikoan ere.
Erabaki horrek gaur arteko eragina izan du.
Frantziako sistema politiko-judizial osoak ez du kontuan hartu geroztik pasatu den guztia. Alta, izan da konstituzio erreforma bat 75-1 artikuluaren bitartez, aitortzen baitu eskualdeko hizkuntzak Frantziako ondarearen parte direla.
Baina Konstituzio Kontseiluak erran zuen horrek ez diela eskubiderik ematen hiztunei.
Ez du eskubiderik ematen, baina lurralde kolektibitateen araudi nagusian erraten da estatuak eta lurralde kolektibitateek parte hartzen dutela hizkuntza horien irakaskuntzan, zabalpenean eta sustapenean. Baionak eta beste herri batzuek hartu dituzten deliberoak artikulu horren aplikazioa dira.
Erran daiteke bigarren artikulua hizkuntzen inguruko aitzinamendu oro blokeatzeko erabili dela?
Bai, argiki. Baina frantsesa ingelesetik defendatzeko ere erabili izan da. Europako Batasuna osoki eleaniztuna da, eta ez da balentria txikia. 24 hizkuntza nazional erabili daitezke: nazioarteko erakunde bakarra da hala diharduena. Politika inteligentea da, bidea eman duena gisa anitzetako hizkuntza, kultura, identitate eta ekoizpen kultural nazionalak defendatzeko, Europako Batasunaren eskalan uniformizatu ordez. Eta hori gauza ona da. Haatik, egia da: Frantziako politikan eta magistratuen artean adostasun zabala da uniformizazioaren alde.
Paueko Administrazio Auzitegian lekuko gisa agertu zinen.
Ikusi beharko da zein izanen den funtsezko erabakia. Oraingoz, berehalako epaiketa baizik ez da izan. Afera honetan harrigarriena da administrazio auzitegiak prefetak nahi zuen hori baieztatu duela, erabaki baitu deliberoa baliogabetzea funtsezko erabakia iritsi bitartean. Alta, testuak argiak dira: eskubide publiko bat edo zerbitzu publikoen neutraltasuna larriki hunkia delarik bakarrik har daiteke berehalako erabaki bat. Baionako Herriko Etxeak erabakitzen badu eskualdeko hizkuntza sustatzen duen elkarte bati laguntza ematea —eta funtsean egiten du—, horrek ez dio inolaz ere mehatxu egiten ezein askatasun publikori. Paueko auzia zaila egin zitzaidan: epaileak erabakia hartua zuen gu entzun aitzin.
Zerk bultzatu zintuen lekukotasuna ematera?
Egia berriz finkatu nahi nuen, haserre bainengoen Konstituzio Kontseiluak bigarren artikuluaz egiten duen interpretazioarekin.
Zer iritzi duzu estatuak hizkuntzen kontra duen jarrera militanteari buruz?
Ez da militantzia, gaizki ulertzea da. Suminduak dira, zinez. Biziki harritzen naiz ikustean nire lagun politikoak, zentristak, biziki moderatuak, beti hautsi-mautsiak bilatzeko prest direnak... nola sutzen diren halako gai batekin. Errepublikaren batasuna zinez arriskuan izanen balitz bezala.
Nazionalismoa da?
Bai, hori da, nazionalismoa da. Frantziako Iraultzatik hona izan den eraikuntzan ditu erroak. Erregimen batetik besterako aldaketa izan den bakoitzean, indarrak egin dituzte batasun handiagoa lortzeko, eta, beraz, uniformizatzeko. Jules Ferryk irakaskuntza nahitaezko bilakatu zuen: ikasle guziek idazten, irakurtzen eta kontatzen ikasi zuten, baina hizkuntza bakarra ezarri zuen. XIX. mendearen bukaeran, Frantziako paisaia antropologikoa aldatu zuen hizkuntzaren uniformizazioaren bitartez. Patois-a mintzo zuten haurrak erasiatuak ziren. Eta horretan gaude oraindik. Guztiz gaitzesgarria da, erridikulua.
Bigarren artikulua aldatzeko proposamena egin dute Peio Dufauk eta Paul Molacek. Horren aldekoa zara?
Beroan bero, erranen dut ez nukeela bigarren artikulua aldatuko, printzipio handiak finkatzen dituen lehen artikuluetarik baita. Lehen artikulua: Frantzia errepublika laikoa da eta abar. Eta ondoko artikuluak, horrek zer erran nahi duen zehazteko. Egokiago ikusiko nuke ondoko artikuluetan sartzea, hala nola 75-1 artikuluan. Errealistagoa iruditzen zait.
Baina orain arteko moldaketa guzietan, bigarren artikuluaren nagusitasunaren alde egin da.
Aldatzeko saiakera oro aitzinetik kondenatua da. Gehiengoaren hiru bostenak behar dira. Ez da alderdi politiko bakar bat horren alde dena. Nire arrangura eraginkorra izatea da. Kontzientzia aldatzea gauza konplikatua da. 75-1 artikulua egiaztapen bat da, betebehar juridiko bat baino gehiago; hori landu behar da. 34. artikulua ez nuen gogoan; abila iruditzen zait. Zailtasun gutxiago izanen du onartzeko. Baina ni ez nago gehiago asanblean, beraz ez dakit zer aukera baden. Epe laburrera begira, galdutzat daukat; epe luzera, aldiz, biziki baikorra naiz.
Babestuko zenuke euskara koofiziala izatea Euskal Herriko lurraldean?
Konplikatua iruditzen zait. Erran nahiko luke langile publiko izateko beste hizkuntza bat jakin beharko litzatekeela, eta horrek desberdintasun bat sortzen du. Duda anitz sortzen dizkit.
30 urtez izan zara hautetsi. Zer diozu euskarak izan duen bilakaeraz?
Uste dut anitz hobetu dela EEP sortu genuenetik, eta ikastolek iraun zezaketela onartzen hasi ginenetik. Haatik, juridikoki ez gara anitz aitzinatu. Euskarazko irakaskuntza errotu da. Gizarteak eskatzen duen heinean, eskaerari erantzun behar zaio demokrazian. EEP sortu genuenean, anitz harritu ninduen ikusteak abertzaleez bestelako alderdi guziak alde zirela, RPR barne. Lehen lehendakaria Max Brisson izan zen. Parisera zihoalarik, gordeka aritu behar zuen, kar-kar-kar. Baina egin zuen. Zergatik? Hautesleek eskatzen baitzuten, sinpleki. Hori iruditzen zait baikorra azken 30 urteetan: gizartean errotu dela. Ondorioz, juridikoki segituko du, ororen buru. Eta ona iruditzen zait.
Frantziako Estatua zinez gai ote da deszentralizazioari bide emateko? Hizkuntza politika aipatzean hori ere bada jokoan.
Uste dut ezetz. Nahigabetuxea naiz. Duela 30 urte erraten nuen herriarteko erakundeak izanen zirela balioa izanen zuten komunitate politikoak. Baieztatzen ari da. Herriarteko erakundeak, eskualdeak eta Europa. Nazio estatuak, berriz, finantza banaketaz baizik ez lirateke arduratuko: pobreen eta aberatsen artean, zergak; erien eta sanoen artean, gizarte segurantza, eta gazteen eta zaharren artean, erretretak. Hori da nazio komunitatea. Gainerako guziak lokala izan beharko luke. Eta gai handietarako (ingurumena, atzerri politika, defentsa), Europa, bistan dena.