Jantzien azpiko memoria argitara

Nahi duten konpainiako jantziarekin desfilatzeko aukera izan dute Jaizkibeleko kideek; aniztasuna ikusarazteko eta senideak omentzeko baliatu dute askok.

Jaizkibeleko emakume bat, Txangairen arropa jantzita, gaur goizeko desfilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jaizkibeleko emakume bat, Txangairen arropa jantzita, gaur goizeko desfilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Hondarribia
2026ko irailaren 8a
16:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bularra ohi baino beteago eta begiak ohi baino bustiago zituztela ibili dituzte lehen pausoak gaur Jaizkibeleko kideek. 06:30 aldera iritsi dira urteroko topaketara, urteroko urduritasunarekin, urteroko zirrararekin, baina ez denak urteroko jantziekin. Alkandora zuria, jaka beltza eta zapi koloretsua izan ohi dituzte soinean konpainia parekideko emakumeek eta gizonek, baina aurten batzuek beste itxura bat hartu dute: jakarik gabe, edo alkandora gorriarekin, edo zapi urdinarekin, edo txapel beltzarekin... Nahi duten konpainiaren uniformea janzteko aukera eman die Jaizkibelek bere kideei, eta loratu egin da jantzien azpian dagoen memoria, azaleratu dira gatazka urteetan pilatutako ezinak, isilarazitako istorioak, ukatutako pozak.

«Asko eskertzen diogu Jaizkibeli aukera hau eman izana. Bestela, ez genuke inoiz aukera izango gure koloreak janzteko». Txangai Gora Arrantzale Gazteak konpainiaren atorra urdina eta zapi zuria jantziak ditu Ianirek —abizenik gabe agertzea hobetsi dute elkarrizketatuek—. Alboan, Ixone lehengusua, Ama Guadalupekoa konpainiaren alkandora gorria eta zapi zuria soinean: «Aitona Amakoa zen, eta ni Amakoa sentitzen naiz: hor atera nintzen kantinera, hor ateratzen dira senide asko». Biek nabarmendu dute «harro» desfilatzen dutela Jaizkibelen: «Aukera ematen digun konpainia bakarra da». Baina esan dute emozio handia izan duela goizeko desfileak. «Azken egunotan arropak aparte probatu ditut; gaur arte ez dut neure burua jantzita ikusi. Ilusio handia egin dit», azaldu du Ixonek.

«Asko eskertzen diogu Jaizkibeli aukera hau eman izana. Bestela, ez genuke inoiz aukera izango gure koloreak janzteko»

IANIRE Jaizkibeleko kidea

Txangairen arropa hautatu du Itsasnek ere, eta hala jantzita doa seme gazteena; alabak, ordea, Jaizkibelen jantziei eutsi die. «Etxeko konpainia izan da Txangai: familiako gizonak hor ateratzen ziren, eta hor dago semeetako bat ere». Azaldu du oso berezia izan dela gaur janztea: «Hunkituta, baina, aldi berean, eroso eta lasai. Oso egun polita izan da».

Beteranoek ere ez diote uko egin jantzia aldatzeko aukerari. Duela 30 urte alardean sartzen saiatu ziren 26 emakumeetako bat da Ixabel Alkain, gerora Jaizkibeleko lehen kapitaina izango zena: «Sototik atera ginenean, Kosta konpainiara sartu nahi genuen, eta haien jantziak jarri genituen. Izatekotan, ni Kostakoa nintzateke, nire anaiak han ateratzen ziren. Baina arratsaldeko desfilean Jaizkibelen zapia jarriko dut».

«Nire konpainia Jaizkibel da, baina ilusioa egiten zidan familiaren konpainia ordezkatzeak»

ANA IRIAZABAL Jaizkibeleko kidea

Alkainek ondoan du Aurora Lopez laguna; praka zuriei zinta urdin batzuk josi dizkie Herria konpainiaren uniformera egokitzeko: «Alde Zaharrean bizi naiz, auzo horretako konpainia da Herria. Bestela, ezingo dut inoiz honela jantzita desfilatu». Eta Ana Iriazabal, arrantzale familia batekoa denez gero, Itsas Gizonen Kofradiako uniformearekin atera da, zapi zuria eta txapel beltza jantzita: «Orain dela 50 urte Kofradian atera nintzen kantinera, 17 urterekin. Nire konpainia Jaizkibel da, baina ilusioa egiten zidan familiaren konpainia ordezkatzeak».

Gizonak ere bai

Jaizkibeleko emakumeek ez ezik, gizonek ere izan dute aukera beste jantziekin ateratzeko. Beti Gazteren alkandora zuria eta zapi urdina armairutik ateratzeko probestu du Patxik: «Txikitan pasteleroetan ateratzen nintzen, baina duela bederatzi urte Jaizkibelera aldatu nintzen, eta orain ilusioz berreskuratu dut trajea». Urtzik, berriz, atzo bertan erabaki zuen Kofradiako arropak janztea: «Beti atera naiz Jaizkibelen, baina aitona Kofradian ateratzen zen, eta hura bezala jantzi nahi nuen».

Iñakik lehen aldia izan du desfile parekidean, eta bere betiko uniformearekin atera da, Ama Guadalupekoa konpainiakoarekin: «Aukera oso ona da erakusteko Jaizkibeleko askok ere badutela jatorrizko konpainia bat, eta hor atera nahi dutela; alardearen parte dira». Betikoentzat ere aukera ona dela gaineratu du Urtzik: «Gazte askok esaten dute ez zaiela axola emakumeak alboan ateratzea, eta gaur ikusi egin dituzte emakumeak euren konpainietako jantziekin». Eta hirurek berriro izango al dute uniforme horiek janzteko aukera? Baiezkoan da Patxi: «Gertatuko da. Ez dakigu noiz eta nola, baina gertatuko da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA