Deklaratu ostean aske geratu dira Vito Quilesen kontrako protesten harira atxilotutako lagunak

Atxilotuak izan eta gero aske geratutako bi pertsona Indar Gorri taldeko kideak dira, eta beste bat, Jardun koordinakundeko militantea. Atxiloketak salatzeko, Iruñean elkarretaratze bat egin dute arratsean, Aske antolakundeak deituta.

Aske antolakundeak deituta gaur arratsaldean Nabarreria plazan egindako elkarretaratzea. BERRIA
Aske antolakundeak deituta gaur arratsaldean Nabarreria plazan egindako elkarretaratzea. BERRIA
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 21a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Poliziak lau lagun atxilotu ditu gaur, urriaren 30ean Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak Nafarroako Unibertsitatean deitutako elkarretaratzearen kontrako protestetan parte hartzeagatik. Lau pertsonak aske geratu dira epailearen aurrean deklaratu ostean, baina ez dizkiete itzuli eskuko telefonoak. Poliziak hartutakoetatik bi Indar Gorriko kideak dira, eta hirugarrena, Jardun koordinakundekoa, bi talde horiek jakinarazi dutenez. Aske antolakundeak deituta, atxiloketak salatzeko elkarretaratze bat egin dute gaur arratsaldean Nafarroako hiriburuko Nabarreria plazan.

Aske antolakundeak salatu du atxiloketarekin agerian geratu dela Espainiako Estatuak zer-nolako jarrera duen mugimendu antifaxisten inguruan, eta horren aurka «antolatzera eta borrokatzera» dei egin du: «Espainiako Estatuko gobernurik aurrerakoienak bere beso armatu diren Espainiako polizia faxistak babesten ditu, eta antifaxistei jazarri». Era berean, salatu du atxilotutako kideetako bati euskaraz aritzea galarazi zaiola dei batean, eta «gazteleraz egitera behartu» dutela. Indar Gorrik, berriz, X sare sozialen bitartez exijitu du atxilotuak askatzeko.

Azken hilabeteetan, Quilesek elkarretaratzeak egin ditu Espainiako eta Herrialde Katalanetako zenbait unibertsitatetan, eta Euskal Herrian ere halako bat egiteko deia egin zuen, urriaren 30erako, Iruñean. Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatean mobilizatzeko deia egin zuen, unibertsitatearen baimenik gabe. Azkenean, baina, ez zen bertaratu. «Zuen lagunek, terroristek, ez digute utzi Nafarroan sartzen», esan zuen Quilesek berak bideo batean; Diario de Navarra egunkariaren egoitzaren kanpoaldean grabatu zuen, Cordovillan (Nafarroa).

Izan ere, Quilesen deialdiak mugimendu antifaxisten erreakzioa eragin zuen, eta dozenaka lagun elkartu ziren unibertsitatean, Faxismoaren aurrean kaleak hartu lelopean. Han istiluak izan ziren eskuin muturreko ekintzailearen kontra mobilizatutakoen eta Espainiako Poliziaren artean. Egun hartan, bi lagun atxilotu zituzten. Horiek epailearen aurretik igaro ziren, eta aske geratu.

Gasteizen urriaren 12rako Falange Espainolak deitutako mobilizazioaren harira gertatu bezala, mugimendu antifaxistek polizien jarrera salatu zuten orduan ere. Besteak beste, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak mugimendu horien «kriminalizazioa» salatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.