Udazkeneko lehenengo hotzaldiekin batera egin du salaketa Dar Etxea elkarteak: Iruñeko Arostegi etorbideko eraikin huts batean —garai batean Jaso ikastolarena zen eraikinean— dozenaka gazte migratzaile bizi dira, egoera ezin prekarioagoan: argindarrik, urik eta berotze sistemarik gabe. Egoera «dramatikoa» da, elkarteko kideen ustez: «Hondakinen artean irauten dute».
Iruñeko Udalak esana du «lanean» ari dela arazoa konpontzeko, baina Dar Etxeko arduradunek kezka adierazi dute, iritzita udala «eskuinerantz» lerratzen ari dela gizarte politiken alorrean: «Eskubideak bermatu ez, eta pobreziaren kudeaketa neoliberal baterantz doa», salatu dute: «Udalak badaki etxegabe ugari egoera tamalgarrian bizi direla, hala Arga ibaiaren ertzetan nola Jaso ikastolaren hondakinen artean, eta haren estrategia da horiek abandonatzea eta kriminalizatzea», adierazi dute Samira Calvok eta Susana Cañetek, elkartearen izenean. Jaso ikastola zaharraren eraikinean bertan egin dute agerraldia, gaur goizean.
Pobreziaren kudeaketa «arrazista» kritikatu dute Dar Etxeko kideek, eta horrekin lotu dute egungo etxebizitza larrialdia ere: «Mugak altxatzen ditu hiri barruan, eta agerian uzten du oinarrizko giza eskubideak ez daudela behar bezala bermatuta». Uste dute, gainera, Iruñerria ez dela salbuespena: «625 udal etxebizitza daude, eta horietatik 432 baino ez dira erabiltzen. Jabetza publikokoak diren zenbait eraikin eta espazio ez dira erabiltzen, eta etxebizitza larrialdiaz arduratu beharko lukeen erakunde publikoa bihurtu da soberako biztanleak kanporatzeko eta zigortzeko tresna». Jokabide horren adibideen artean, hauek zerrendatu dituzte Calvok eta Cañetek: Poliziaren «etenik gabeko presentzia», «kaleratze mehatxuak» eta «kriminalizazioa», besteak beste.
Horiek horrela, Dar Etxea elkarteak hiru eskaera zehatz egin dizkio Iruñeko Udalari, egoerari buelta emate aldera. Batetik, udalarenak diren espazio publiko hutsak jar ditzala «kalean bizi diren pertsonen eskura», hala nola Oscus antzokia, Gelbenzu zine aretoa eta autobus geltoki zaharraren gaineko etxebizitzak; bigarrenik, udalari galdegin diote «erroldaren gisako oztopo administratiboak kentzeko»; eta azkenik, «neurri zehatzak» har ditzala etxebizitza politikan: adibidez, etxebizitza hutsen errolda egitea, alokairuan ez dauden etxebizitza huts guztiak zergapetzea, eta jabetza publikoko etxebizitza huts guztiak «zirkulazioan» jartzea.
«Zer egin dezakete?»
PSN izan da Jaso ikastola zaharreko etxegabeei buruz mintzatu diren alderdietako bat. Marina Curiel bozeramaileak esan du ez dutela onartuko «legez kanpoko asentamendurik» eta horien aurkako neurri zorrotzagoak galdeginen dituztela. Hari erantzunez, Calvok esan du ez dakitela zer egin dezaketen pertsona horiek: «Zer espero du Curiel andreak, pertsona horiek besterik gabe desagertzea? Hiltzea, eguzkitan utzitako landareak balira bezala?».
Dar Etxea kolektiboarentzat, egoera «oso larria» da, eta oraingoz, udalak ez du erantzunik eman: «Espero dezagun negu honetan gauzak aldatzea eta udalak erabaki humanitarioren bat hartzea». Behin-behineko konponbide gisa, azkenik, eraikin horien erabilera kudeatzeko prest azaldu dira elkarteko arduradunak: «Sistema sozialaren kolapso bat izateaz gain, sistema horri aurre egiteko hautu politiko bat ere bada. Bien bitartean, sareak eraikitzen jarraituko dugu, elkartasunez eta elkar laguntzearen bitartez, gure hirian gero eta biztanle gehiagori eragiten dien proletarizazio prozesuari aurre egiteko».