Martin Ugalde foroa

Jatorri anitzeko biolentzien biktimek elkarri entzuteko beharra nabarmendu dute

ETAren, GALen eta BVEren lau biktima elkartu dira Martin Ugalde Foroan: Maria Jauregi, Naiara Zamarreño, Eneko Etxeberria eta Nagore Otegi. Ikusi solasaldiaren laburpen bideoa.

2020ko otsailaren 7a
21:40
Entzun

«Gorrotoak» jan beharrean, «enpatia»; bestearen azalean jartzeko beharra. Indarkeriaren lau biktima batu ziren atzo Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa), Martin Ugalde Foroak Foro Sozial Iraunkorrarekin elkarlanean antolatuta, Jatorri anitzeko biolentzien biktimak izenburupean: Naiara Zamarreño eta Maria Jauregi, ETAk hildako Manuel Zamarreño PPko zinegotziaren eta Juan Mari Jauregi Espainiako gobernadore zibil ohiaren alabak, Eneko Etxeberria Batallon Vasco Españolek desagerrarazitako Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia eta Nagore Otegi GALek hildako Juan Mari Otegiren alaba. Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak gidatu zuen solasaldia, eta laurek esandakoak entzuteko elkartu ziren dozenaka lagun: tartean, ordezkaritza politiko eta instituzional zabal bat.

Mintzatu ziren elkarbizitzaz, gorrotoaz, egiaz. Gertatutakoaren transmisioaz. Laurek ez zuten elkar ezagutzen. Urte luzez, Jauregik ez du izan harremanik beste biktima batzuekin, eta, Otegirentzat, gisa horretako lehen saioa zen atzokoa. Baita Etxeberriarentzat ere. Ez Zamarreñorentzat, baina aitortu zuen «zaila» egiten zaiola oraindik.

Jauregik eta Zamarreñok salatu zuten zenbait politikarik «erabili» egiten dituztela biktimak «etekin politikoa ateratzeko». «Inork ez dauka eskubiderik inolako biktimaren izenean hitz egiteko», esan zuen Zamarreñok. «Eta ez dago ahots bakar bat biktima guztiak ordezkatzen dituenik», gehitu zuen Jauregik.

Zamarreñorentzat, «elkarbizitza» ezinbestekoa da. «Ez gara denok ados egongo, baina garrantzitsua da entzutea eta enpatia lantzea. Honelako ereduek benetan merezi dute». Etxeberriak adierazi zuen ezin daitekeela ahaztu oinarrizko eskubideak unibertsalak direla, eta berdin balio dutela denentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.