Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gizarte eragileak

Jaurlaritza berriari eskeak eta galdeak

Gutxiengo sindikala duten organoetan ez parte hartzeko eskatu dio ELAk datorren gobernuari. «Konpromisoak» nahi ditu Askapenak. Dekalogoa betetzea Kaleratzeak Stop-ek

Askapena eta beste zenbait erakunde internazionalistetako kideak, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez-Enekoitz Telleria
2016ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Kanpaina hasiera egin nahi duten guztiari buruzkoak azaltzeko hartu dute alderdiek, eta kanpaina hasiera alderdiek egin beharko luketenari buruzkoak azaltzeko beste hainbat eragilek. Horretarako baliatu zuten atzokoa, esaterako, ELA sindikatuak, Sareen Sareak, Askapena erakunde internazionalistak eta Kaleratzeak Stop plataformak.

Negoziazio kolektiboan «oinarrizko arau demokratikoak» errespetatzeko eskatu dio Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak hilaren 25eko hauteskundeen ostean sortuko den Gasteizko gobernu berriari. Horrela, gehiengo sindikala ordezkatuta ez dagoen organoetan ez parte hartzeko galdegin du sindikatuak. Finean, Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialeko Mahaian ez parte hartzea nahi du ELAk, han soilik CCOO eta UGT sindikatuak daudelako ordezkatuta —ELAk eta LABek ez parte hartzea erabaki zuten—, Confebask patronalarekin eta gobernuarekin batera.

Hain zuzen, Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk uztailean iragarri zuten eragin mugatuko lan hitzarmenak bultzatuko dituztela. ELA eta LAB horren kontra daude. Muñozen arabera, «izugarria eta thacherismo hutsa da Urkulluren gobernuak patronalari esatea nahi duena aukeratzeko, gehiengo sindikala bazter lagata».

Lan hitzarmenen gaia eta beste hainbat bildu ditu sindikatuak zortzi orriko agiri batean, azken lau urteetako gobernu jarduera kritikatzeko eta datozen lau urteetarako eskariak egiteko. Zerga politikan aldaketak egitea ezinbestekoa da, Muñozen esanetan: «Zerga politika aldatzen ez bada, gobernuak ez du ezertarako aukerarik izango». Zerga sistema bidezkoagoa eta progresiboa ezarri ezean orain arteko politika berberek jarraituko dutela azaldu du.

ELAk aurreikusi du hurrengo gobernuak murrizketak eta erreformak egiten jarraituko duela, eta, horregatik, «politika neoliberalen kontrako oposizio politiko bat» eskatu die oposizioan geratzen diren alderdiei.

Bestalde, Madrilen menpeko aurrekonturik ez egiteko eskaria ere egin du sindikatuak. Zor publikoaren ordainketa lehentasun gisa ez hartzeko eskatu du, eta Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei ezarritako defizit mugak ere ez errespetatzeko.

Sareen Sarearen eskaria

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako hamasei proposamen egin dizkie Sareen Sareak lehendakarigaiei. Bereziki, herritarren ongizate soziala bermatzen duten politiketan «edozein murrizketa ekiditeko» eskatu dute. «Batez ere, desabantaila eta zaurgarritasun handieneko egoerak dituzten pertsonengan eragina dutenetan».

Gainera, politika sozial horiek hobetzeko ahalegina ere eskatu die lehendakarigaiei. Zerga sistema progresiboagoa bultzatzearen alde agertu da Sareen Sarea, eta azpimarratu du iruzurrari eta zerga saihesteari aurre egin beharra dagoela.

DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren euskal sistema mantentzea eta sendotzea ere eskatu du, «herritar guztientzako gutxieneko sarrerak bermatzeko eta eragingarriak diren gizarteratze politikak abian jartzeko». Etxebizitza duina, egokia eta irisgarria eskuragarri izateko eskubide eragingarria bermatzea galdegin du, eta euskal estrategia prestatzeko eta garatzeko eskatu du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hirugarren Gizarte Sektoreko erakundeak biltzen dituen elkartea da Sareen Sare. Egoitza eta jarduera hiru lurraldeetan daukaten ekinbide sozialeko 3.500 erakundek osatzen dute sarea.

Sareak gogora ekarri du sektore sozialak 127.000 boluntario inguru biltzen dituela, eta zuzeneko enplegua ematen diela kontratatutako 36.000 laguni. «Beste nolabait esanda, EAEko langileen %4 biltzen du sektoreak. Kudeatutako bolumen ekonomikoa 1.451 milioi euro ingurukoa da. Hau da, EAEko BPGaren %2,2ren baliokidea».

Erakunde internazionalistek ere helarazi zieten atzo euren eskaria alderdi politikoei. Gasteizen egindako agerraldi batean, «jarduera internazionalistarako» eremu instituzionaletik hartu beharreko «konpromiso minimoen» agenda bat helarazi zieten Askapenak eta beste hainbat elkartek. «Dokumentu hau sinatzen dugunok, eremu internazionalistan ezer gutxi egin dela iritzi diogu. Maiz, modu aktibo edo pasibo batean, nazioartean nagusi diren menpeko harreman desorekatuak elikatu izan dira. Beste batzuetan, mugimendu sozialetatik burutzen dugun lana gutxietsi edo oztopatu izan da», salatu dute. Jarduera internazionalista erakundeek ez dutela «babestu» eta «sustatu», eta «aintzat hartzeko» eskatu dute.

Kaleratzeak Stop plataformakoek Donostian egin zuten atzo agerraldia. Etxegabetzeen, pobreziaren eta desberdintasun sozialen aurkako dekalogo eguneratua aurkeztu, eta hura babestu dutenei eskerrak eman zizkieten lehenengo. Gasteizko gobernuak Etxebizitza Legearen inguruan izandako jarrera txarretsi zuten, eta gobernu berriari hainbat eskaera egin. Besteak beste, alokairu sozial bat finkatzea, salmentan dauden BOE guztiak alokairuan jartzea, etxea ordainetan emateko aukera ezartzea eta Bigarren Aukeraren lege berri bat egitea, Kutxabanken kontrol publiko eta soziala...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.