Eusko Jaurlaritzak bitartekari lanak egingo ditu hipoteka ordaindu ezinik dabiltzan sendien eta banketxeen artean, zailtasunak izan arren etxea gal ez dezaten: «Familia asko gizarte bazterkerian ez geratzea du xede». Neurri horrekin mailegua ez ordaintzeagatik etxetik botatzen dituzten familia kopuruak behera egin dezan lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Oraingoz, banketxeekin negoziatzen ari da, horiekin «gutxieneko» adostasun batera ailegatu eta egitasmoarekin bat egin dezaten. Etxebizitza galtzear daudenentzat nahiz banketxeentzat borondatezkoa izango da zerbitzua, beraz.
Aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzu «integrala» emango diete Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxea galtzeko eta baztertuak izateko arriskuan daudenei. Gainera, jadanik etxetik bota dituztenak ere lagunduko dituzte: beste etxebizitza bat eskainiko diete alokairuan. Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu Idoia Mendiak, Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak eta Kontsumobideko zuzendari Ana Colliak aurkeztu zuten egitasmoa, atzo, Gasteizen. Mendiaren esanetan, banketxeekin kredituaren ordainketa adosterik izan ez dutenentzako zerbitzua izango da, batez ere. Haren arabera, hipoteka pagatzeko zailtasunak dituztenen %5 dira banketxeekin akordiorik lortzen ez dutenak, eta Jaurlaritzak horiei eskainiko die bitartekaritza zerbitzua. Gainerako %95ek akordio bat lortzen dute banketxeekin maileguaren ordainketaren inguruan, Mendiak adierazi zuenez.
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak kudeatuko du bitartekaritza, eta doakoa izango da. Zorrak ondarearekin pagatzeko kasuetan, aditu direnak arituko dira bitartekari lanetan; horiek aztertuko dituzte hipoteka bankuekin negoziatzerik izan ez duten herritarren kasuak, banan-banan.
«Lehen mailako arazo» bilakatu da sendien «gainzorpetzea», Jaurlaritzaren hitzetan. Aitortu du arazoa saihesteko orain arteko egitasmoek —besteak beste, maileguak amortizatzeko epeak luzatzea eta pentsio funtsak berreskuratzeko aukera ematea— huts egin dutela, ez dituztela eman espero zituen emaitzak, eta bankuak ere egoera hobetzeko ahaleginak egiten ari direla nabarmendu du.
Etxe kaleratzeei aurre egiteko bestelako neurrien alde azaldu da, ordea, Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea. Martxoaren 30ean proposatu zuen BBK-ko eta Kutxako gizarte ekintzarabideratutako dirua jartzea etxea galtzeko arriskuan daudenak babesteko. Kaleratzeak saihesteko funts bat sortzea jarri zuten mahai gainean.
1. Aholkularitza
Bi zeregin izango ditu aholkularitza zerbitzuak: batetik, hipoteka mailegu bat kontratatu nahi duten herritarren egoera aztertzea; bestetik, hainbat jarraibide emango dizkie zerbitzura jotzen duten herritarrei, jakin dezaten nola jokatu behar duten mailegua kontratatzeko orduan. «Haien egoeran, hipotekarik egokiena kontrata dezaten informazio nahikoa ematea» nahi du Jaurlaritzak.
Herritarrek aurrez aurre edo Internet bidez egin dezakete kontsulta. Kontsumobide arduratuko da aholkularitzaz, erakunde horren eginbeharra baita «herritarrei jakinaraztea kontsumoaren arloan zein eskubide dituzten».
2. Bitartekaritza
«Ohiko etxebizitza erostearen ondorioz gainzorpetu diren partikularrentzako» zerbitzua izango da, banketxeekin zorra kitatzeko ados jar daitezen. Edonola ere, Jaurlaritzak zenbait muga ezarri dizkio zerbitzuari; ez da bitartekaririk izango mailegua 350.000 euro baino gehiagokoa bada. Bitartekaritza eman edo ukatzeko, berriz, ez da irizpide bat izango prozesu judizial bat abian dagoen edo ez.
Zorra pagatzeko «ahalik eta baldintzarik onenak» bermatu nahi dizkie Eusko Jaurlaritzak kaleratzeko arriskua dutenei. Finantza erakundeen eta kaltetuen artean bitartekari izateaz gain, etxea galtzear dauden herritarren gaitasunari buruzko azterlana egingo du Justizia Sailak.
3. Alokairua
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak «lehenbailehen» eskainiko die babestutako alokairuko etxebizitza bat bizilekutik bota dituztenei. Lehenago, egiaztatu egingo du familia bat «gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan» dagoela. Behin hori frogatuta, errentaren arabera ordainduko dute alokairua.
Baztertuta geratzeko arriskua larria ez den kasuetan bestela jokatuko du Jaurlaritzak. Kaltetuek alokairuko etxebizitza bat eskatu beharko dute aurrena, eta, etxebizitza lortzeko premia «berezia» duten kolektiboren batekoa izanez gero, horiek lehenetsiko ditu administrazioak etxe bat ematerakoan. Babes ofizialeko etxe bat eskuratzeko, zozketa egin ohi zuen orain arte Jaurlaritzak, baina iragarri du puntuak ematen hasiko dela baztertuta gera daitezkeen herritarrei. Babes ofizialeko etxe batean bizi eta ordaindu ezinik dabiltzanen kasuan, berriz, Jaurlaritzak berak erosiko du etxea. Horrela, zorra pagatzetik salbuetsiko ditu jabeak, eta ez ditu kaleratuko. Gainera, etxearen balioa osorik pagatzeko falta den aldea ere ordainduko du administrazioak.
Etxe kaleratzeak. Eusko Jaurlaritzaren plana
Jaurlaritza bitartekari, bankuen eta etxea galtzear daudenen artean
Zerbitzu «integrala» emango die hipoteka ordaindu ezinik daudenei: bitartekaritza, aholkularitza eta «berehalako» alokairuaBitartekaritza borondatezkoa izango da herritarrentzat nahiz banketxeentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu