Araba, Bizkai eta Gipuzkoako familiek, aurrerantzean, seme-alabek 4 urte bete arte jaso ahalko dute Eusko Jaurlaritzak emandako hileroko laguntza. Hala jakinarazi du gaur Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak, Gobernu Kontseiluan diru laguntzei buruzko dekretua onartu ondoren. Sailaren arabera, neurriaren helburua da familia guztiei «gutxieneko baliabideak bermatzea» eta «haurren pobrezia saihestea».Â
Orain arte, haurrek 3 urte bete arte jaso zezaketen laguntza hori seme-alabak zituzten familiek; hots, berrehun euro hilean, haur bakoitzeko. Halere, adinaren epemuga luzatzea ez da onartutako aldaketa bakarra: 4 eta 7 urte arteko seme-alabak dituzten guraso bakarreko familiek eta familia ugariek ere diru laguntza jasotzeko aukera izango dute; ehun euro hilean. Halaber, harrera eta tutoretza familiek ere jaso ahal izango dituzte diru laguntza horiek.
Neurriak aurtengo urtarrilaren 1era arteko atzerako eragina izango du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren eskatu ahalko da; hau da, ekain amaieratik aurrera. Diru laguntza eskatzeko baldintzak dira, besteak beste, EAEn bizi eta erroldatuta egotea haurraren bizileku berean, gutxienez urtebetez, eta adingabearen bizikidetza eta zaintza bermatuta egotea. Sailak jakinarazi duenez, hurrengo 4 urteetarako laguntzak handitzeko aurrekontua 85,8 milioi euro da.Â
Kasuak
Neurriak zeini eragingo dion hobeto ulertze aldera, zenbait adibide aipatu ditu Eusko Jaurlaritzak: kasurako, aurtengo urtarrilaren 12an 3 urte bete dituen haurraren familiak laguntza jasotzeko eskubidea izango du abendura arte; kontrara, aurtengo urtarrilaren 12an 4 urte bete dituen haurraren familiak ez du laguntza berria jasotzeko eskubiderik izango, haurrak 4 urte bete aurreko hilabetean amaitzen baita laguntza.