Jaurlaritzak 871 milioi euro inbertituko ditu familien planeko neurrietan

Familia politiken inguruko «marko berri bat» onartu dute, Familien V. Planaren bitartez. Seme-alabengatik emandako 200 euroko laguntza 4 urtera arte luzatzeko asmoa berretsi du Nerea Melgosa sailburuak.

Erantzukidetasuna sustatzea da planaren helburuetako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Erantzukidetasuna sustatzea da planaren helburuetako bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko otsailaren 17a
16:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Familiek komunitatearen eraikuntzan eta gizarte kohesioan duten garrantzia aitortu nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako, familia politiken inguruko «marko politiko berri bat» ezarri du Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko V. Planaren bitartez. Gobernu Kontseiluak gaur onartu du, eta, ondoren, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak ardatz nagusien berri eman du prentsaren aurrean. Nabarmentzekoen artean, memoria ekonomikoa, «inoiz ez bezalakoa»: 2026tik eta 2030era bitarte 871 milioi euro inbertitzea aurreikusten dute. «Lehentasunak ez dira aitortzen soilik; baliabideen bidez babesten dira», adierazi du Melgosak.

Hamar helburu nagusi bildu ditu planak; besteak beste, familia proiektuak garatzeko baldintza egokiak sortzea, pobrezia belaunaldi batetik bestera transmititu dadin eragoztea, familiei heziketa arduratsuan laguntzea, zaintzan erantzukidetasuna sustatzea, haurren eta nerabeen ongizate fisiko eta emozionala bultzatzea, eta haien aurkako indarkeriari aurrea hartzea. Horiek gauzatzeko, hamazazpi neurri eta 78 ekintza osagarri bildu dituzte planean.

datuak

%16

18 urtetik beherakoak zenbat diren. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa oro har hartuta, 350.000 adingabe inguru daude egun, Jaurlaritzaren datuen arabera; biztanleen %16 dira. Urtean 6,1 haur jaiotzen dira 1.000 biztanleko; familien ia %12k nahi baino seme-alaba gutxiago dituzte.

%10,8

Guraso bakarreko familiak zenbat diren. Azken lau urteetan nabarmen areagotu dira guraso bakarreko familiak: 17.000 gehiago dira, eta gehienek emakume bat dute buru. Sendien %10,8 dira.

 

Horietako batzuk, halere, martxan dira jada. Guraso bakarreko familien alorrean, esaterako, Jaurlaritzak abenduan onartu zuen sendiok juridikoki aitortzeko dekretua, eta hainbat laguntza lortzeko modua eman zien, hala nola hilabetean 100 euroko diru laguntza umeak 7 urte bete arte; bada, hilabete eta erdian, guraso bakarreko familia gisa egiaztatzeko 2.000 eskaera jaso ditu gobernuak. Planaren barruan sartu dute, halaber, sexu abusuak jasaten dituzten adingabeei arreta integrala emateko Barnahus zentroa: datozen asteetan hasiko dira Gasteizen lehen kasuak artatzen, langileek trebakuntza espezializatua amaituta.

Hala, iragarpenik esanguratsuenetako bat izan da Jaurlaritzak seme-alaben jaiotzagatik ematen duen 200 euroko laguntza luzatzea: haurrak 3 urte bete arte ematen da orain, eta 4 urtera artekoa izango da aurrerantzean. Iaz iragarri zuten neurri hori, eta espero dute urteko lehen hiruhilekoan erabat onestea; atzerako eraginez aplikatuko da, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera. Melgosak azaldu duenez, luzapen horren ondorioz beste 12.000 espediente kudeatu beharko dira, eta guztira 40.000 laguntza inguru emango dituzte. Espainiako Gobernuak iragarri du antzeko neurri bat ezarriko duela, seme-alabek 18 urte bete arteko diru laguntza bat, baina sailburuak aitortu du ez dakiela bateragarriak izango diren: «Testua eskatu dugu, baina ez digute bidali; beraz, ez dugu edukien berri».

«Ez da plan sektorial bat, ezta laguntzen katalogo bat ere. Datozen urteetan Euskadik nola zaindu, nola elkarrekin bizi eta ongizate kolektiboa nola eraiki nahi duen zehazteko marko politiko bat da»

NEREA MELGOSA Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburua

Familien kezka nagusietako bat kontziliazioa dela eta, Jaurlaritzak hainbat asmo jaso ditu planean, datozen urteetan lantzeko, hala nola guraso baimen besterenezinak zabaltzea —Espainiako Gobernuarena da eskumena, baina gaia aztertu nahi du Melgosaren sailak— eta Haurreskolak partzuergoaren eskaintza handitzea —ez dute zehaztu non eta noiz—. Gainera, zaintza lanetan erantzukidetasuna sustatzeko bide gisa, hauek ere aipatzen dira planean: Zainketen Aldeko Euskal Ituna garatzea, erantzukidetasuna berdintasun politiketan ardatz gisa txertatzea, zaintzaileak kontratatzeko diru laguntzak indartzea, Gizonduz programa hedatzea eta ikastetxeetan goizeko ikasgelak sustatzea.

Bestalde, planaren berrikuntzarik handienetako bat parte hartzean datza. Familiak eragile bihurtu nahi dituzte, eta haurren eta nerabeen artean «herritartasun aktiboa» sustatu; izatez, plana lantzeko prozesuan, adingabeen partaidetzarako eremuak eratu dituzte, eta horiei jarraipena emateko foro bat ere sortuko dute. Era berean, Melgosak iragarri du behatoki bat jarriko dutela martxan haur eta familien politiken alorra ikertzeko.

%13,18

Zenbat herritar bizi diren bakarrik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan denera 290.497 pertsona bizi dira bakarrik, eta, beraz, «pertsona bakarreko familiak» osatzen dituzte, Jaurlaritzaren datuen arabera; biztanleen %13,18 dira, eta etxebizitzen %31tan bizi dira. 289.361 etxetan, berriz, gurasoak eta seme-alabak bizi dira: 1.059.900 pertsona dira, herritarren %48.

Edonola ere, plana «apustu estrategiko bat» dela nabarmendu du sailburuak: «Ez da plan sektorial bat, ezta laguntzen katalogo bat ere. Datozen urteetan Euskadik nola zaindu, elkarrekin nola bizi eta ongizate kolektiboa nola eraiki nahi duen zehazteko marko politiko bat da». Aurrekoekin alderatuta, plan berriak bestelako ikuspegi bat dakar, haren iritziz: familia politiken «zeharkakotasuna eta koordinazioa hobetu» egiten ditu, intersekzionalitatearen irizpidea txertatzen du, eta «bizi zikloaren ikuspegia» hartu.

Izan ere, Melgosak aitortu du eraldaketa sozial asko gertatzen ari direla: «Familiak gero eta askotarikoagoak dira, zaintzak kontziliazio orekatua eskatzen du, emantzipazioa atzeratu egin da, eta haurrek eta nerabeek erronka berriei aurre egin behar diete. Errealitate berri horiek kontuan hartuta, erakundeok ezin dugu ez ikusiarena egin, herri moduan asko baitugu jokoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.