Eusko Jaurlaritzak egiten duen airearen kalitatearen indizeak eztabaida sortu du berriro erakunde publikoaren eta ekologisten artean. Aurreko astean EAEko Ingurumen Testuinguruari Buruzko 2025eko Txostena argitaratu zuen Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren ingurumen arloko erakundeak. Txosten horretan, beste ingurumen aldagai batzuk aipatzeaz gain, airearen kalitateari buruz jardun ziren, eta azaldu 2024ko egunen %94tan airearen kalitatea ona edo oso ona izan zela.
Bada, Ekologistak Martxan taldeak berriz adierazi du Jaurlaritzak ez duela behar den moduan neurtzen unean uneko airearen kalitatea. Izan ere, EIA Europako Ingurumen Agentziak arau batzuk jarriak ditu airearen kalitatearen indizeak osatzeko, eta salatu dute Jaurlaritzak ez dituela betetzen.
Lehenik eta behin, salatu dute airearen kalitatearen baremoak gaizki aplikatzen direla. Izan ere, EIAk 2019an berritu zuen gai kutsatzaileen mailaketa, eta orain, bost sailkapen egon beharrean, sei daude: ona, onargarria, erdipurdikoa, txarra, oso txarra eta ikaragarri txarra. Bada, Jaurlaritzak bost kategoria erabiltzen ditu oraindik ere: oso ona, ona, erdipurdikoa, txarra eta oso txarra.
Oso ona kategoria erabiltzea ere kritikatu dute ekologistek, uste baitute zientziaren kontra doala. Izan ere, Europako indizeko sailkapenik onenaren itzulpena ona da; oso ona hori gehiegizkoa dela iruditzen zaie ekologistei, are gehiago kontuan hartzen bada airearen kalitate txarrak zer-nolako inpaktua duen gizakien osasunean. Ekologistek gogorarazi dute 2022an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan oro har izan ziren 1.270 heriotza airearen kalitate txarrarekin lotu zituela EIAk.
Horiek horrela, Ekologistak Martxan-ek salatu du Jaurlaritza informazioa gaizki ematen ari dela 2019tik, ez delako egokitu EIAren aldaketetara.
Kutsaduraren mailaketa
EIAren 2025eko beste aldaketa bat ere ez du aintzat hartu Jaurlaritzak, Ekologistak Martxan-en arabera. Europako Batasuneko legedi berrira moldatzeko, agentziak airearen kalitatearen beste indize bat ezarri zuen 2025eko uztailean; legedi berriak neurri zorrotzagoak jartzen ditu, OME Osasunaren Mundu Erakundeak 2021ean emandako gomendioekin bat egiteko. Bada, PM2,5 gai kutsatzaileari dagokionez, aldaketaren aurretik ontzat jotzen zen metro kubo bakoitzeko zero eta hamar mikrogramo arteko kutsadura izatea, baina orain zero eta bost mikrogramo bitartekoa da tartea. Hau da, metro kuboko sei mikrogramo badaude, lehen esan zitekeen airearen kalitatea ona zela, baina orain ez. Bada, Jaurlaritzak ez ditu indizean sartu aldaketa horiek.
Ekologistek uste dute airearen kalitatearen indizeak helburu informatiboa izan behar duela soilik, herritarrek horren berri izan dezaten, baina Jaurlaritzak estatistikak egiteko erabiltzen du, eta, horren harira, ekologistek uste dute haien interesen araberako neurketa mota bat erabiltzen ari direla. Gehitu dute EIAk berak zehazten duela airearen kalitatearen indizeak funtzio informatiboa izan behar duela.
Xextra, baina, ez da aldebakarrekoa, Jaurlaritzak bai baitu ekologisten salaketen berri. Horren adibide da joan den astean Josu Bilbao Ingurumen sailburuordeak txostenaren aurkezpenean adierazitakoa. Ekologistek egiten dizkieten kritikei erantzunez, azaldu zuen instituzioek legedia betetzen dutela. Baina Ekologistak Martxan-ek gogorarazi du Jaurlaritzak bere webgunean adierazten duela Europako indizearen arabera egiten duela mailaketa, eta nabarmendu du gero egiatan ez dela hala.
Gainera, gogorarazi dute hori ez dutela eurek soilik esaten, baizik eta baita EIAk ere. Ekologistak Martxan-ek 2025aren amaieran kontsulta egin zion agentziari, eta EIAk berretsi zuen sei mailako sailkapen bat egin behar dela, eta 2025ean baremoak moldatu zirela OMEren gomendioekin bat etor zitezen.
Arretagunea Eusko Jaurlaritzatik aldenduta, Ekologistak Martxan-ek hilabeteak daramatza gogorarazten legediak arautzen duenak ez duela zertan bat etorri zientziak dioenarekin; horregatik diote, adibidez, airearen kalitatea oso ona edo ona dela esatea «azientifikoa» dela. Izan ere, gogorarazi dute OMEk 2021ean emandako gomendioen eta horren osteko araudi aldaketen xedea dela legedia ezagutza zientifikora gerturatzea, baina berretsi dute airearen kalitatearen auzian zientzia eta legedia ez datozela bat.