Azken bi hamarkadetan %38 murriztu dira berotegi efektuko gasen isuriak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbaok azaldu duenez, joera horri eutsiz gero, bete egingo dute 2030erako jarria duten helburua: isuriak %45 murriztea, alegia. «Albiste ona» dela iruditzen zaio Bilbaori, baina %45eko murrizketara iristeko oraindik «hanka jokoa eragin» behar zaiola azaldu du. Hala ere, azken urteetako joera bat nabarmendu nahi izan du: isuriak hazkunde ekonomiko betean murrizten ari dela. Hala, bi helburu horiek bateragarriak direla azaldu du. Eta ez da Bilbao izan hori nabarmendu duen bakarra, Maria Garciak, Ihobeko Estrategia eta Berrikuntza zuzendariak, hori bera goraipatu baitu: «Ekonomiaren hazkundea eta ingurumena bide beretik doaz, errail beretik».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ingurumenaren egoeraren txostena azaltzeko prentsaurrekoan eman dituzte datuok. Ingurumenarekin lotutako hainbat adierazleren bilakaera aztertu dute; laburbilduz, gehienetan bilakaera egokia izan arren, batzuetan arazoak antzeman dituzte, eta oro har lanean jarraitzeko beharra dagoela nabarmendu du Bilbaok.
«Kanpoko energiaren mende gaude. Hausnartu eta hobetu egin behar dugu»
JOSU BILBAO Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea
Karbono isurien bilakaerari eman dio garrantzi berezia Bilbaok, eta Europako Batasuneko batez besteko murrizketa erritmoaren gainetik dago EAE, haren hitzetan. Izan ere, 2005etik 2024ra bitartean EBn %33 murriztu dira berotegi efektuko gasen isurketak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, %38. Hala ere, 2023tik 2024rako jaitsiera txikiegia izan dela azpimarratu du. Industriaren sektorea emisioen murrizketan egiten ari den lana nabarmendu du Bilbaok; kontrara, garraioan isurketek gora egiten jarraitzen dutela esan du. Haren arabera, garraio kolektiboan sakondu behar da, sektore horren karbono kontsumoa ere murrizten has dadin.
Berriztagarriak eta ura
Energia berriztagarrien pisuak lotura du karbono isurketen murrizketarekin, eta, berriztagarriei dagokienez, Europako batezbestekoaren azpitik daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Energiaren kontsumoaren %21 ekoizten da iturri berriztagarrien bidez lurralde horietan, eta Europako Batasunean, berriz, %25. Horrez gain, Bilbaok nabarmendu du EAEn kontsumitzen den energiaren %8,8 soilik ekoizten dela bertan: «Kanpoko energiaren mende daude. Hausnartu eta hobetu behar dugu». Gainera, nazioarteko gatazken nolakotasuna ikusita, uste du gero eta beharrezkoagoa dela berriztagarrien hedapenean sakontzea. Garciak ere hala uste du: «Energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak modu masiboan zabaldu behar dira».
%38Zenbat murriztu diren karbono isuriak EAEn 2005etik 2024ra, ehunekotan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %38 murriztu dira berotegi efektuko gasen isuriak 2005etik 2024ra. Bien bitartean, Europako Batasunean %33 murriztu dira epe berean.
Europako Batasunak hartzen duen eremuaren heren batean estres hidrikoa pairatzen dute. EAEn ez da arazo orokortu bat, plubiometria dela eta, baina ur masen kalitatea bai, bada arazo bat. Alde horretatik, Bilbaok nabarmendu du 2015ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ur masen %44 zeudela bakarrik egoera onean, eta 2024an, berriz, %53. Azaldu duenez, hobekuntza hori are esanguratsuagoa da jakinda 2016an uraren kalitatea baloratzeko baldintzak aldatu zirela: gaur egun, ur masa baten egoera ona dela aitortzeko, kalitate kimikoak eta ekologikoak onak izan behar dute; hau da, bietako batek huts egiten badu, ezin da esan ona denik.
«Energia berriztagarria ekoizteko azpiegiturak modu masiboan zabaldu behar dira»
MARIA GARCIA Ihobeko Estrategia eta Berrikuntza zuzendaria
Azken hilabeteetan polemika izan da airearen kalitatea dela eta, Ekologistak Martxan taldeak eta beste elkarte batzuek salatu baitute Eusko Jaurlaritzak ez duela Europako Batasuneko araudia betetzen airearen kalitatearen indizea argitaratzean. Bada, Bilbaok berretsi du Eusko Jaurlaritzak araudia betetzen duela. Araudi horren arabera, 2024ko egunen %94an airearen kalitatea ona edo oso ona izan zen EAEn. Hain zuzen, ekologistek salatu dute Europako Ingurumen Agentziaren eskalan ez dagoela modurik egun bateko airearen kalitatea «oso ona» dela esateko. 2030ean sartuko dira indarrean airearen kalitatea sailkatzeko neurri berriak. Kutsatzaile batzuen kasuan asko handituko da exijentzia maila, baina, Bilbaoren arabera, aldaketa horiek kontuan hartuta ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako airearen kalitatea ontzat jo daiteke.
1.639Zenbat hektarea berreskuratu dituzten. Ia bi hamarkadatan 1.639 hektarea berreskuratu dira beste erabilera bat emateko. 2030erako 2.117 hektarea izateko helburua du jarria Euskadiko Lurzorua Babesteko 2030erako Estrategiak.
Lurraren erabilerari dagokionez, aurrez industriarako erabiltzen ziren lurrak berreskuratzen segitzen dutela esan du Bilbaok. Orain arte 1.639 hektarea berreskuratu dituzte, eta 2030erako 2.117 hektareara iristea da helburua. Bilbaok zehaztu duenez, lan horri esker, artifizializazio tasa ia ez haztea lortu dute: 2010ean EAEren eremuaren %6,57 zegoen artifizializatuta, eta 2024an, berriz, %6,83. Jaizkibel-Capbreton itsas eremua babestu dutenez, gaur egun 56 dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nolabait babestuta dauden eremuak, eta hiru herrialdeek hartzen duten lurraren %23 Natura 2000 Sarearen parte da.
Ikusi gehiago
Azkenik, hiri hondakinen sorrera gora egiten ari dela adierazi du Bilbaok, eta esan du gizarteak lan handia egin behar duela alor horretan, askotan errua ekoizleari botatzen baitzaio, eta ez kontsumitzaileari. Pakete asko dituzten galleta kutxen adibidea jarri du, eta adierazi gizarteak halakoak kontsumitzeari uzten badio eta aztarna txikiagoko produktuak erosten baditu ekoizleak eskaintza horretara moldatuko direla.