Jaurlaritzak Aitorpenerako Koadernoak banatu dizkie ETAren 29 biktimaren senideei

Argitu gabeko kasuen dosierrak eskura jaso dituzte biktimen senideek, eta haien memoria ez ahazteko eskatu dute. Ekitaldian «ekidistantziarik gabeko memoria kritikoa» aldarrikatu du Maria Jesus San Jose sailburuak.

ETAren lau biktimen senideek San Jose sailburuaren eskutik jaso dute dosierra. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
ETAren lau biktimen senideek San Jose sailburuaren eskutik jaso dute dosierra. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko maiatzaren 29a
13:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak Oroitzapenerako eta Aitorpenerako Koadernoak banatu dizkie ETAren eta Komando Autonomo Antikapitalistaren biktimen senideei. Erabat argitu ez diren 29 kasuren koadernoak berritu ditu gobernuak aurten, eta horietako lauri eskura eman die aitortza ikur gisa, Gasteizko Goiuri jauregian egindako ekitaldi xume eta hunkigarrian. «Badakit halako ekitaldiek ezingo dituztela zuen senideak itzuli, baina atsekabean lagun diezazuekegu, eta hori egitea dagokigu», esan die Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubide sailburuak.

Horrelako beste ia 200 aitortza koaderno banatu dizkie Jaurlaritzak ETAren biktimen senideei 2021etik gaur arte. Txosten horiek Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak AVT biktimen elkartearekin batera osatu ditu, eta, besteak beste, biktima bakoitzaren historia pertsonala eta hilketaren inguruko informazioa biltzen ditu, bai eta lehendakariak sinatutako aitortza bat ere. Aurten, 1983an eta 1984an hildakoen senideei eman dizkiete dosierrak.

Jose Naranjo Martin Elorrioko udaltzaina zen (Bizkaia), eta 1984an hil zuen ETAk. Consolacion Naranjo alabak jaso du txostena haren omenez, baina gogorarazi du «amaren eta familia osoaren ordezkari gisa» parte hartu duela ekitaldian. Hunkituta, eskerrak eman dizkio Jaurlaritzari, jasotako aitortzagatik eta omenaldiagatik.

ETAk Burgun (Araba) hil zuen Agustin David Pascual Jove guardia zibila, 1984an, eta Maria Jesus Monterroso haren alargunak jaso du Aitorpenerako Koadernoa, hura ere hunkiturik. Biktimak ez ahazteko eskatu du, eta «batasuna» aldarrikatu du «biktima guztien ohorea lortzeko borrokan». «Bizitza, ohorea eta askatasuna defendatu beste helbururik ez dauka borroka horrek».

Gainerako koadernoak Sebastian Nogalesek, Gaztela eta Leongo (Espainia) biktimen elkarteko kideak, eta Jose Vargasek, Terrorismoaren Biktimen Kataluniako Elkarteko presidenteak jaso dituzte, Aniano Sutil eta Jose Floresen omenez, hurrenez hurren. Ez dute hitzik hartu ekitaldian. Sutil Espainiako Poliziako kide zen ETAk 1983an hil zuenean. Flores, berriz, Espainiako armadako soldadua; 1984an hil zuen ETAk, Hondarribian (Gipuzkoa).

Memoriarekiko konpromisoa

«Zuen senideen historia kontatzea bermatu nahi dugu. Haien bizitza ez dadila soilik hilarri bateko data bat izan, eta haien duintasuna ez dadila itzalean geratu. Zuen memoria herri honen memoria kolektiboaren parte da», esan die San Josek biktimen senideei. Eta azaldu die eman dieten koadernoak «omenaldi sinboliko bat baino zerbait gehiago» direla. «Erreparazio ekintza bat dira, egia jakiteko eskubideari ekarpena egiten diote, eta oroitzapenean eta balio demokratikoetan hezteko tresna dira».

Sailburuak nabarmendu du biktimak «lehentasuna» direla hark zuzentzen duen sailarentzat, eta Eusko Jaurlaritzarentzat, oro har. Eta senideei esan die ateak zabalik dituztela nahi dutenerako. Halaber, azpimarratu du «ekidistantziarik gabeko memoria kritikoa» eraikitzeko konpromisoa duela gobernuak. «Memoria horrek argi eta garbi adierazi beharko luke hiltzea gaizki egon zela, bidegabea izan zela, konpondu ezin diren kalteak eragin zituela, eta izuak ez zuela justifikaziorik izan». 

«Koaderno horiek omenaldi sinboliko bat baino gehiago dira. Erreparazio ekintza dira, egia jakiteko eskubideari ekarpena egiten diote, eta oroitzapenean eta balio demokratikoetan hezteko tresna dira»

MARIA JESUS SAN JOSE Justizia eta Giza Eskubideen Sailburua

San Joseren arabera, «benetako eragina» izango duten politika publikoak egin behar dira, biktimei lagundu eta haiei entzungo diena. Bada, biktimen testigantzak ikastetxeetan entzutearen alde egin du beste behin, etorkizuneko belaunaldiek «zer gertatu zen ulertu, kritikoki onartu eta anbiguotasunik gabe gaitzetsi dezaten». Eta azpimarratu du garrantzitsua dela bereziki orain egitea, Europan «gorroto, bazterketa eta konfrontazio mezuak» ugaritzen ari diren garai «ilun» honetan. Horren aurka «ahotsa altxatu» behar dela adierazi du.

«Elkarbizitza, giza eskubideak eta giza duintasuna printzipio eztabaidaezinak dira», gogoratu du sailburuak. Eta erantsi du garrantzitsua dela etorkizunari «itxaropenez» so egitea, iraganari «arduraz» begiratzen bazaio betiere. «Izan ere, memoriatik, justiziatik eta eta egiatik soilik adieraz dezakegu ozen: sekula halakorik berriz ez». 

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta biktimen senideak ez ezik, Alberto Alonso Gogora institutuaren zuzendaria, Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatua, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta biktimen elkarteetako ordezkariak ere izan dira bertan. Txoriak txori kantuaren doinuekin eta aurreskuarekin amaitu da ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.