Euskal espetxe ereduan «beste aro bat» irudikatu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak Zubietako espetxe berria (Gipuzkoa) inauguratuta. Ez soilik Martuteneko eraikin «zaharkitua» Zubietako «instalazio modernoagatik» aldatu dutelako, baizik eta urrats hori eginda amaitutzat jo dutelako espetxe eskumena eskuratu zutenetik egindako bidea. «Donostiarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat ziklo bat bukatu da Martuteneko kartzela itxita. Eta eraldaketa aro bati eman diogu hasiera», esan du Imanol Pradales lehendakariak.
Jaurlaritzak 2021eko urrian jaso zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kartzelak kudeatzeko eskumena, eta, ordutik, euskal espetxe eredua deritzona ezartzeko lanetan ari da. Hala nabarmendu du aldaketaren nondik norakoak xehatu dituen bideo batean, eta hitza hartzean ere horixe berretsi du lehendakariak. Pradalesen hitzetan, «humanismoan oinarritutako justizia eredu bat» da garatzen ari direna, eta argudiatu du hori dela egokiena delitu errepikatzailerik ez izateko eta gizarte kohesioan eragiteko. «Segurtasuna, gizabidea eta bigarren aukerak bermatu behar ditu, legeak ezarritakoaren arabera», adierazi du. Haren esanetan, espetxe sistemaren helburua ez baita presoak «sufritzen» ikustea, horiek «komunitatean integratzeko eta elkarbizitzarako prestatzea baizik».
Horren harira sor daitezkeen kritikei ere erantzun nahi izan die Pradalesek, eta «gorroto, mendeku eta estigmatizazio diskurtsoak» baztertzeko eskatu du. Izan ere, esan du Jaurlaritzaren espetxe eredua ez dela «onkeriarekin edo inozentziarekin» nahastu behar: «Tolerantziarik ez delituekin eta delitugileekin. Oinarri hori guztiz bateragarria da integrazioan eta birgizarteratzean oinarritutako espetxe eredu batekin». Hain zuzen, presoei adierazi die haien esku dagoela birgizarteratzean aurrera egitea: «Egindako kaltea aitortzea, hura erreparatzen laguntzea eta bizitza berreraikitzeko eskainitako aukerak baliatzea».
Eredu hori garatzeko, Pradalesek ezinbestekotzat jo du Martutenetik Zubietarako jauzia. Lehendakariaren esanetan, «baliabide onenak dituen azpiegitura moderno» batera igaroko dira presoak datozen egunetan, eta hori onuragarria izango da presoentzat zein langileentzat.
Norabide berean, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak adierazi du «pauso erabakigarri baten sinbolo» dela Zubietaren inaugurazioa. Hark gogoratu du «aldaketa historiko bat» izan zela Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bereganatzea, eta Zubietako kartzela martxan jarrita beste mugarri bat ezarriko dela euskal espetxe ereduaren ezarpenean. «Amaiera emango diogu 2021ean espetxe kudeaketaren transferentziarekin hasitako prozesuari», esan du, eta gehitu gaurtik aurrera «Euskadik espetxe administrazio integral bat» izango duela.
Hala, argudiatu du Zubietako kartzelak «baldintza hobeak» ezarriko dituela espetxe tratamenduan urratsak egiteko, «baliabideak eta arreta espezializatua hobetuko» direlako, eta «espetxe egonaldi aktibo baten» aldeko pauso gehiago egin ahalko direlako: «Gure konpromisoa berresten dugu espetxe eredu moderno baten alde, gertutasunean eta ardura instituzionalean oinarritutakoa, eta badakiena birgizarteratze aukerak eskaintzeak gizartea seguruago bihurtzen duela».
San Josek eredu horren ezaugarriei ere heldu die, lehendakariak egin bezala: «Pertsonak jartzen ditu erdigunean, duintasuna azpimarratzen du, eta helburu nagusia presoak gizarteratzea da». Hark azaldu du hala zehazten duela Espainiako Konstituzioak, eta Jaurlaritzak norabide horretan jarduteko «konpromiso etiko, juridiko eta soziala» duela.
«Zaharkitua»
Zubietako espetxearen eraikuntza Espainiako Gobernuak planifikatu eta gauzatu zuen, eta oraintsu utzi du haren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku. Hala, azpiegitura berri bat eraikitzearen garrantziaz mintzatu da Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska. Hark euskaraz ere egin du bere hitzartzean eta, Zubietakoa eraikitzeko arrazoiez soilik ez, Martutene ixtekoez ere aritu da. Haren hitzetan, espetxe hura «zigortuen itxialdia» bermatzeko asmoz eraiki zen, eta «arkitektura zaharkitua eta okerra» ditu. Era berean, azaldu du Donostiako hiri planifikazioak ere eskatzen zuela hura eraistea. Batetik, etxebizitzak eraikitzeko «eremu estrategikoa» libratzeko; bestetik, auzoak behar dituen ingurumen eta segurtasun lanak egiteko. Izan ere, espetxe hura dagoen lekuan 400 etxebizitza eraikitzeko plan bat ondu du Jaurlaritzak, eta hura bideratzeko konpromisoa berretsi dute gaur.
Barne ministroak Zubietako espetxea Jaurlaritzaren esku uztea ere onetsi du. «Gertuen dagoen administrazio autonomikoak aukera du gertuko eredu bat aplikatzeko, lurraldeko baliabide eta erakundeetara egokituta», defendatu du, argudiatuz hori lagungarria dela presoen lotura sozial eta familiarrak indartzeko.
Inaugurazio ekitaldian, protagonista izan dira Angel Jesus Mota, Jose Ramon Dominguez eta Francisco Javier Gomez Martuteneko espetxeko funtzionario izandakoak ere. ETAk hil zituen hirurak, 1990eko hamarkadan, eta haiek oroitu dituzte. «Inaugurazio hau terrorismoaren biktimekiko omenalditzat hartzen dut», esan du Grande-Marlaskak. Are, hiru funtzionarioak oroitzeko plaka bat jarri dute espetxearen sarreran.
FuntzionariOen protestak
Autoz iritsi dira Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Zubietako espetxera, eta, azken atea igaro aurretik, ezinbestean topo egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletako funtzionarioen protestarekin. Espetxe eredu baten alde; pertsonak erdigunean lelopean, salatu dute Zubietakoak ez diola euskal espetxe ereduaren beharrei erantzuten, «Espainiako espetxeen logikari» baizik. «Eusko Jaurlaritzak bere egin du diseinu hori oso-osorik», salatu du ELA sindikatuak, eta dituen gabeziak zenbatu ditu. Besteak beste, kritikatu dute emakumeentzako modulu bakarra duela, ez duela unitate psikiatrikorik, eta eraiki den birgizarteratze zentroak ez duela langile propiorik. Langileen egoerari dagokionez, berriz, salatu dute erdia baino gehiago aldi baterako beharginak direla, «beharrezko prestakuntzarik jaso gabeak».