Eusko Jaurlaritzak, Gaztela-Mantxako eta Kanarietako gobernuekin batera, proposamena egin dio Espainiako Gobernuari, medikuen greba «desblokeatzeko» xedez: bitartekari «independente eta neutral bat» izenda dezatela, Osasun Ministerioaren eta greba batzordearen arteko hartu-emanak sustatu eta bi aldeen arteko konfiantza areagotu dezan. Hautagai bat ere jarri dute mahai gainean: Pazienteen Erakundeen Plataforma.
EAEko, Gaztela-Mantxako eta Kanarietako osasun arduradunek egin dute proposamen bateratua, Espainiako Osasun ministro Monica Garciari igorritako gutun batean. Idazkian, «negoziatzeko esparru neutral bat» ezartzeko beharra nabarmendu dute Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek, Gaztela-Mantxako kontseilari Jesus Fernandezek eta Kanarietako Osasun arduradun Esther Monzonek: «Bitartekariaren figurak helburu gisa izanen luke negoziazio eraikitzailea sustatzea, elkarrenganako konfiantza giro bat sortzea eta elkarrizketan oinarrituriko konponbide bat bideratzea, lan gatazkak pazienteengan eta osasun zerbitzu autonomikoetan dituen ondorioak gehiago luza ez daitezen».
Gutunean, hiru osasun arduradunek adierazi dute Pazienteen Erakundeen Plataforma entitate «egokia» izan daitekeela bitartekari rol hori betetzeko, «ezagunak baitira haren independentzia eta interes orokorrarekiko duen konpromisoa». Edonola ere, Osasun kontseilariek argi utzi dute Madrili dagokiola figura hori hautatzea.
Espainiako Osasun Ministerioak esker onez hartu du proposamena, baina kontseilariei erantzun die bitartekaritza molde berririk ez dela behar, eta elkarrizketak «ezarritako bideetan» sendotu behar direla. Izan ere, ministerioak oroitarazi du badela eztabaida hori gauzatzeko «gune legitimo bat», hots, Mediku Lanbidearen Foroa delakoa, eta bertan ordezkatuta daudela kolektiboko eragile nagusiak. Hala ere, ministerioak hiru erkidegoei adierazi die haiek ere hobetu ditzaketela osasun langileen lan baldintzak, euren eskumenak baliatuta, «eta gatazkari amaiera jartzen lagundu, Asturiasek demostratu duen bezala».
Eragina osasun artan
Izan ere, medikuen grebak osasun sistemetan duen eragina ere aipagai izan dute Martinezek, Fernandezek eta Monzonek. Uste dute, Espainiako Estatu osoan piztutako lan gatazka izanagatik, haren eragina «pazienteek eta osasun zerbitzu autonomikoek» sufritzen dutela zuzenean: «Handitu eta handitu ari da tentsioa». Are: «kezka handia» adierazi diote ministroari, azken asteetan ez baitute aurrerapausorik sumatu Espainiako Gobernuaren eta grebalarien arteko negoziazioetan.
«Grebaren eragina nabaria da jada, eta presioa areagotzen du autonomia erkidegoetako osasun artan», adierazi dute. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo dute lan gatazkari «konponbide adostu bat» ematea, «osasun arretaren kalitatea eta jarraitutasuna bermatzeko». Bukatzeko, Osasun Ministerioarekin elkarlanean aritzeko prest azaldu dira EAEko, Gaztela-Mantxako eta Kanarietako osasun arduradunak, «hala profesionalen nola herritarren hobe beharrez».
OSAKIDETZAK ASTELEHENEAN ABIATUKO DU LEP-ETAN IZENA EMATEKO EPEA
2023, 2024 eta 2025eko LEP lan eskaintza publikoetan izena emateko epea astelehenean zabalduko du Osakidetzak bere webgunean, hautagai gehien duten bederatzi kategorietan: administrariak, administrazio laguntzaileak, erizainak, erizain laguntzaileak, zerbitzuetako langileak, zeladoreak, fisioterapeutak, laborategiko teknikariak eta administrazioko eta kudeaketako goi teknikariak. 5.425 lanpostu aterako dira, horietako 2.160, berriak. Azterketak ekainaren 19an, 20an eta 21ean izango dira, BECen (Barakaldo, Bizkaia).