Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bere «neurri sorta izarra» aurkeztu du. Gobernu Kontseiluak bihar onartuko du premiazko neurriei buruzko dekretua, etxebizitzaren arloko «ezkutu soziala», eta, ondo bidean, bi aste barru sartuko da indarrean. Laburbilduz, Denis Itxaso sailburuak azaldu duenez, malgutasuna handitzea eta diru laguntzen eragina zabaltzea da xedea, «Etxebizitza Sailaren politikak merkatura egokitzeko eta etxebizitza duina eta egokia lortzeko zailtasunak dituztenei azkarrago eta eraginkorrago erantzuteko». Besteak beste, Bizigune eta Gaztelagun programak eguneratuko dituzte, eta lokal komertzialetan etxebizitzak egitea sustatu.
Bizigune maizterrak eta etxejabeak harremanetan jartzeko Jaurlaritzak duen bitartekaritza zerbitzua da. Orain arte, programa horretako etxebizitza batera sarbidea izateko, urtean gehienez ere 21.100 euroko diru sarrerak izan zitzaketen maizterrek, eta aurrerantzean 46.463Â eurora artekoak izan ahalko dituzte.
Izan ere, Itxasoren arabera, etxebizitzaren krisiak klase ertainari ere eragiten dio, eta, horregatik, lehen etxebizitza sozialen parekideak ziren etxebizitza horiek babes ofizialeko etxebizitzen parekideak izango dira orain. Programa horren parte dira Alokabidek kudeatzen dituen etxebizitzen ia erdiak, eta sailburuak uste du are gehiago izango direla aurrerantzean, besteak beste, «jabe asko daudelako eguneraketa honen zain». Haiek, lehen, gehienez ere 675 euro jasotzen zituzten pisuagatik; orain 700 eurora handituko dute muga, eta are gehiago tentsio handiko eremuetan: batez besteko errentaren %95era arte.
Arabak eta Bizkaiak badute erreferentziazko Prezioen indizea
Gaur  Arabako eta Bizkaiko erreferentziazko prezioen indizeak argitaratu dituzte BOE Espainiako Aldizkari Ofizialean. Bihar egongo dira ikusgai, eta orduan sartuko dira indarrean. Itxasok azaldu duenez, hala martxan jarriko dute jada tentsio handiko eremuei buruzko araudi guztia. Gipuzkoan iaztik dago zehaztuta indizea. Tentsio handiko eremutzat jotako hamalau udalerrietan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %53 bizi dira, eta gehiago izango dira laster, sailburuak aurreratu baitu datorren astean Gipuzkoako beste hiru herri sartuko direla zerrendan: Arrasate, Pasaia eta Zestoa. Beste hamabi izapidetzen ari dira: Basauri, Bermeo, Gorliz, Lekeitio, Elorrio, Sopela, Urduliz (Bizkaia), Bergara, Deba, Oiartzun, Orio eta Oñati (Gipuzkoa).
Â
35 urtera arteko gazteen emantzipazioa sustatzeko Gaztelagun programa ere eguneratuko du dekretuak. Orain arte, hiriburuetan, gehienez ere 800 euroko alokairua zutenek eskatu zezaketen laguntza, eta muga hori 900 eurora igoko dute. Hirien inguruko udalerrietan eta 10.000 biztanle baino gehiago dituztenetan 800 eurokoa izango da muga, eta gainontzekoetan 750 eurokoa. Muga malguagoa da tentsio handiko eremuetan: alokairuaren batez besteko prezioaren %95era arteko alokairuek jaso ahalko dute laguntza. Donostian, adibidez, 998 euroraino ordaintzen dutenek.
Bada beste berrikuntza nabarmen bat: aurrerantzean, logela bat alokatzen dutenek ere izango dute Gaztelagun programaren onuradun izateko aukera. Lehen, etxebizitza bakoitzeko pertsona bakarrak jaso zezakeen laguntza, baina orain bik ere bai. Aurreikuspenen arabera, aurten 9.500 izango dira programa horretatik dirua jasoko dutenak.
Erdiak, gazteentzat
Babes ofizialeko etxe bat eskuratu nahi dutenentzako arau berriak ere ezarriko ditu Jaurlaritzak. Gazteek lehentasuna izatea eta jada horrelakoetan bizi direnek «errotze maila handiagoa» izatea nahi dute, eta, horregatik, gutxienez hiru urteko errolda eskatuko da legez. Ez hori bakarrik: Itxasok iragarri du kuota bat ezarriko dutela etxe babestu berrien erdiak 36 urtetik beherakoei eskaintzeko.
Etxe eskubide subjektiboa bermatzeko diru laguntza jasotzeko mugak ere eguneratu dituzte. Aurrerantzean, urtean 14.000 eurora arteko diru sarrerak dituztenek eskatu ahalko dute, baita 18.000 eurora arteko errenta duten bikoteek eta 20.000 eurora arteko errenta duten familiek ere.
Bestetik, Jaurlaritzaren dekretuak malgutu egingo ditu lokal komertzialak eta eremu industrialak etxebizitza bihurtzeko baldintzak. Itxasok kontatu duenez, gaur egun bizigarritasun dekretuak ezartzen dituen mugak dira horretarako oztopo nagusia, eta kalkulatu dute horiek malgututa EAEn 7.500 lokal egon daitezkeela etxe bihurtzeko modukoak. «Lokal horiek aprobetxatu egin behar ditugu», esan du sailburuak.
Bihar Bilboko Carlton hotelean onartuko duten dekretuak, gainera, bide emango dio 106 milioi euroko kreditu espediente berezi bati. Horietatik 39,85 milioi birgaitze lanak egiteko laguntzetara bideratuko dituzte, 9,2 efizientzia energetikoa hobetzeko lanetara, 35,7 alokairua sustatzera eta 21,8 Gaztelagunera.
Dekretua EAEko aldizkari ofizialean argitaratzen denean jarriko da martxan; printzipioz, pare bat aste barru. Itxasok uste du jende asko dagoela moldaketa horien zain, «bereziki Bizigune programan parte hartu nahi duten etxejabeak eta Gaztelagun jaso nahi duten gazteak».