Biktimak

Jaurlaritzak dio epaiak memorian eta bizikidetzan aurrera egiteko aukera ematen duela

Jonan Fernandezek albiste garrantzitsutzat jo du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi izana polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen.

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak, gaur, Gasteizen. BERRIA
enekoitz esnaola
2020ko uztailaren 22a
12:51
Entzun

Jonan Fernandez Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak ongi hartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi izana Eusko Legebiltzarraren polizia abusuen legeak ez duela eskumenik urratzen. «Biktimentzat albiste ona» dela esan baitu, eta, haren arabera, ebazpenak «inflexio puntu bat markatzen du; biktimen, memoriaren eta bizikidetzaren arloan modu partekatuan aurrera egiteko aukera bat da». Epaiaren inguruko iritzia emateko agerraldia egin du Fernandezek Gasteizen, Lehendakaritzan.

Motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 Legea aldatzeko 5/2019 Legearen aurka, Ciudadanos taldeko 50 diputatuk baino gehiagok helegitea aurkeztu zuten iazko maiatzean, «eskumenak gainditzeagatik», Espainiako Konstituzioaren aurkako legea delakoan, baina auzitegiak ez du aintzat hartu eskaera; ez du ontzat jo puntu bat bera ere. Ciudadanosen ustez, Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren «izena zikintzen» eta «ekintzak zalantzan jartzen» ditu legeak; «haien jarduera kriminalizatzeko helburua du». Espainiako Konstituzionalak ebazpenean gogoratu du Espainiako Gobernuak (PP) 2016an helegitea jarri ziola legeari, eta Madrilgo eta Gasteizko gobernuen arteko bitako batzorde batek testuaren eduki batzuk aldatu zituela, eta Eusko Legebiltzarrak aldaketa horiek onartu zituela iazko apirilean. Legeak ez du bilatzen gertakariak argitzea, baizik eta aitortzea biktimak daudela eta erreparaziorako eskubidea dutela.  

Jaurlaritzaren «zilegitasuna»

Lege horrekin, beraz, Eusko Legebiltzarrak onarpena eta erreparazioa eman nahi dizkie arrazoi politikoengatik 1978-1999 artean EAEn Espainiako Estatuko funtzionarioen esku giza eskubideen bortxaketak pairatu zituzten herritarrei. Fernandezek esan du legea zuzentzen zaien biktimentzat pozgarria dela ebazpena. «Legearen konstituzionaltasuna baieztatzen duen epai garrantzitsua da, eta haren aurkako argudioak ezetsi ditu. Oso epai argia da edukiari dagokionez, ez du zalantzarik uzten, eta legearen garapena argitzen du une honetatik aurrera».

Ikuspegi juridikotik eta ondorio praktiko eta arauemaileetatik, Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Bizikidetza idazkari nagusiak dio baieztatuta geratu dela Jaurlaritzak «zilegitasuna» duela estatuko funtzionario publikoek edo partikularrek eragindako motibazio politikoko giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko. Gehitu du frogatu dela legezkoak direla erabilitako esparrua eta prozedura.

«Memoria kritiko argia eta zintzoa» ere bai

Haren esanetan, Konstituzionalaren epaiak aukera ematen du «giza eskubideen urraketa larri baten biktima orok» erreparazioa eta aintzatespena jasotzeko eskubidea duela partekatzeko, eta horrek «modu indibidualizatuan, bereizketarik egin gabe, biktimizazioaren kausak parekatu gabe, marjinaziorik gabe eta bazterketarik gabe» izan behar du. Era berean, azaldu du ebazpenak aukera bat ematen duela elkarrekin ondorioztatzeko giza eskubideen urraketa guztiek, «hilketa guztiek», «memoria kritiko argia eta zintzoa» izan behar dutela, «eta, nahitaez, haien bidegabekeria aitortu behar da, eragin duenak eragin duela, salbuespenik gabe, konpentsaziorik gabe eta inolako teoria justifikatzaile edo errugabetzailerik gabe».

EAJren eta PSE-EEren botoei esker onartu zuten legea Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk eta EPk abstentziora jo zuen, eta PPk aurka bozkatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.