Administrazio orokorrerako 461 postuko lan eskaintzan izena emateko epea ireki du Jaurlaritzak

Deialdiak administrarien eskalako 305 lanpostu biltzen ditu, laguntzako langileen 117, informatikakoen 14, eta osasuneko, laborategiko, osasun ikuskaritzako eta ingurumeneko beste 12. Lehen probak 2027ko urtarrilean izango dira.

Eusko Jaurlaritzak antolatutako LEP baten azterketak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Eusko Jaurlaritzak antolatutako LEP baten azterketak. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2026ko abuztuaren 19a
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak «enplegu publikoaren aro berrian» aurrera egiten jarraitzen duela jakinarazi du, gaitasunetan oinarritutako lan eskaintza publiko berria abian jarrita. Hala, gaur zabaldu dute administrazio orokorrerako bigarren LEPean izena emateko epea.

Deialdi berri horretan 461 lanpostu eskainiko dituzte guztira, eta, Eki planaren bidez, langile berriak hautatzeko, Eusko Jaurlaritza hautaketa prozesuen eredu berrian oinarrituko da: «Gaitasunetan oinarritutako hautaketa prozesua izango da». Beraz, langileak ez dituzte baloratuko soilik haien ezagutzen arabera, «baizik eta haien trebetasunengatik ere bai». Horren helburua ei da «profil berriak» batzea administraziora, «zerbitzu publikoen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko eta zerbitzu publikoen kalitatea indartzeko».

Horiek horrela, deialdi berrian administrarien eskalako 305 lanpostu biltzen dira, laguntzako langileen 117, informatikakoen 14, eta osasuneko, laborategiko, osasun ikuskaritzako eta ingurumeneko beste 12. Lehen probak 2027ko urtarrilean izango dira.

Prestaketa eta izen ematea

Probak prestatzen laguntzeko, parte hartu nahi dutenek ivap.eus webgunean eskura dute hautaketa prozesuei buruzko informazio guztia: gai zerrendak, azterketa ereduak, gaitasun probei buruzko informazioa eta bestelako material lagungarria. Interesa dutenek modu telematikoan eman ahal izango dute izena, irailaren 16ra arte, euskadi.eus webgunearen bidez.

Deialdi honetako lehen proba 2027ko urtarrilean egitea aurreikusi dute. Horrez gain, irailean, espetxe administrazioko 379 plazako deialdia egingo dute; Zigor Betearazpeneko Laguntzaileen Eskalakoak izango dira denak, eta urtea amaitu aurretik Jaurlaritzak deialdi gehiago abiaraztea aurreikusi du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA