Jaurlaritzak eritasun infekzioso emergenteen aholku batzordea aktibatu du, hantabirusaren bilakaera zaintzeko

Batzordearen arabera, birusa Euskal Herrian hedatzeko arriskua «oso txikia» da.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko maiatzaren 8a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko osasun arduradunek eta erakunde publikoek ez dute alarmarik piztu hantabirusaren auzia dela eta. Eritasuna Euskal Herrian hedatzeko aukerak «oso urriak» direla uste dute adituek. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du Gaixotasun Infekzioso Emergenteen Aholku Batzordea aktibatzea, Kanarietara doan MV Hondius ontziaren egoera «gertutik» aztertzeko eta, zer gerta ere, «Euskadiri eragin diezaiokeen edozein erabakiren aurrean prest egoteko».

Osasun sailburuorde Gontzal Tamayo da batzorde horren buru. Harekin batera, lantaldea osatzen dute osasun publikoko, mikrobiologiako, gaixotasun infekziosoetako, epidemiologiako eta ospitaleko asistentziako hainbat esparrutako espezialistek. Haren zeregina da «eskura dagoen informazio guztia aztertzea eta Osasun Sailari aholkularitza teknikoa ematea, gaixotasun emergente bat edo osasunerako garrantzi bereziko egoera bat dagoenean».

Hantabirusari dagokionez, Espainiako erakunde ofizialek emaniko informazioa aztertzen ari da batzordea, «egoerari aurrea hartzeko» xedez.

Lasaitasun mezua

Osasun Sailak jakinarazi du, gainera, aholku batzordeak lehen irizpen teknikoa egin duela, hantabirusaren bilakaera aztertzeko eta arriskua neurtzeko. Txosten horretan adierazi dutenez, Hondius itsasontzikoa «zaintzapean dagoen gertakari bat da», eta bidaiari guztiei egiten ari zaie jarraipena, prebentzio neurri gisa.

Batzordeak gogorarazi du animalien isuriekin izandako kontaktu zuzenaren bidez transmititzen dela hantabirusa —batez ere, karraskarien isuriekin—, eta «oso egoera jakinetan» transmititizen ahal dela pertsona batetik bestera: «Harreman estu eta jarraituen bidez, leku itxi eta gaizki aireztatuetan». Azpimarratu dute, gainera, birusa ez dela aire bidez kutsatzen.

EAE Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, arriskua oso apala dela uste dute batzordeko adituek: «Identifikatutako bidaiarien artean ez dago Euskadin bizi den inor, eta ez da aurkitu zaurgarritasun bereziko kasurik, kontakturik edo talderik, hala nola haurdunak edo adingabeak. Euskadin ez dago infekzioa bide horretatik hartzea ahalbidetuko lukeen animalia gordailurik ere, eta, beraz, infekzio arriskua oso txikia da gure inguruan».

Batzordeak gaineratu du orain ez dagoela kutsatutako inor Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «ezta kutsatutakoekin harremanetan egon denik ere», eta egoera ikerketa eta monitorizazio fasean dagoela oraindik. «Hori dela eta, ez da behar jarraipenaz eta zaintzaz bestelako neurririk hartzea».

Baliabideak, prest

Edonola ere, EAEko osasun sarea edozein eritasun infekziosori aurre egiteko «prest» egonen litzatekeela nabarmendu du Osasun Sailak, ohar batean. Donostia Ospitaleko goi mailako bakartze eta tratamendu unitatea jarri du horren adibidetzat: «Oinarrizko hiru baldintzak betetzen ditu goi mailako bakartzea behar duten pazienteei arreta emateko: diagnostikorako eta tratamenduari laguntzeko ekipoak sartzeko toki nahikoa; zirkuitu seguru bat pertsonentzat, ekipoentzat eta hondakinentzat; eta zehaztapen biologikoak maiz egiteko ekipamenduak».

Tamayo Osasun sailburuordearen arabera, «proaktiboa» izatea da Osasun Sailaren lehentasuna, eta «egoera zaintzea, informazio guztia izatea eta azkar erantzutea, aldaketa garrantzitsuren bat gertatuz gero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA