Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak Memoria eta Errekonozimendu Koadernoak banatu dizkie oraindik erabat argitu gabeko hilketen zenbait biktimaren senideei, gaur Gasteizen egin duten ekitaldian. Zehazki, 1985etik 1989ra bitartean ETAk eta Iraultzak eraildako biktimei dagozkien 22 koaderno dira. Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak erran du gizarte demokratiko batek ezin duela gertatutakoa ahaztu. «Argi eta garbi esan behar dugu: hiltzea gaizki egon zen, kalte konponezina eragin zuen, eta ezin da justifikatu ezberdin pentsatzen duena hiltzea, hari izua eragitea edo haren aurkako indarkeria».
2021ean hasi zen Jaurlaritza halako koadernoak banatzen, «memoria eta historia pertsonala babesteko eta horiek publikoki aitortzeko». Ordutik 225 koaderno osatu dituzte. Txosten horiek Giza Eskubideen eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak AVT biktimen elkartearekin batera osatu ditu, eta, besteak beste, biktima bakoitzaren historia pertsonala eta hilketaren inguruko informazioa biltzen ditu, bai eta lehendakariak sinatutako aitortza bat ere.
Arratsalde honetan egin duten ekitaldian, Hego Euskal Herriko erakundeetako ordezkariak, talde armatuen biktimak eta biktimen elkarteetako eta kolektiboetako ordezkariak izan dira. San Josek adierazi du agiri horiek egitea «memoriaren tresna bat» dela, eta egiarako eskubidearekin eta egindako kaltea aitortzearekin lotu ditu. «Biktima bat ez da data bat, espediente bat edo haren heriotzaren edozein inguruabar. Biktimak baino lehen pertsonak izan ziren», adierazi du.
Horrez gain, nabarmendu du koaderno horiek aukera ematen dutela biktimen «giza dimentsioa» berreskuratzeko eta haien bizitzak, familiak, lanak, proiektuak eta egunerokoaren parte zirenak ezagutzeko. Haren ustez, hori da egiarako eskubidearen ildoetako bat: «Biktima izan zirenen memoria zaintzea, egindako kaltea aitortzea eta denborak haien istorioak ez isilaraztea bermatzea».