Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren astearte honetako bitariko batzordeak ez du Gasteizek nahi zuen emaitza ekarri: Gizarte Segurantzaren transferentzian aurreikusi zituzten bi alorrak eskualdatzea. Imanol Pradales lehendakariaren gobernuak kotizazio gabeko prestazioen kudeaketa jasoko du, baina langabezia sariena ez, ordea. Eta Eusko Jaurlaritzako eta EAJko eledunek kontuan hartzeko haserrea adierazi dute ordutik. Bada, gaur, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak edalontzia erdi beteta ikusi du, eta balioa eman dio Madrilekin hitzartutakoari, estreinakoz «Gizarte Segurantzaren ateak ireki» egin direlako. Gogoratu du ate horiek «beti itxita» egon direla «Euskadirentzat».
Azken orduetan Lakuak helarazi duen mezua berretsi du: bitariko batzordearen emaitza «gazi-gozoa» da, «ez delako erabateko akordiorik egin», baina balioa eman die Jaurlaritzak kudeatuko dituen eskuduntza berriei. «Ez gara ohartzen zeinen garrantzitsua den Eusko Jaurlaritza egiten hastea Gizarte Segurantza egiten dituen zenbait lan. Mugarria da, eta aurrekari bat, eta aurrekariak beti dira garrantzitsuak juridikoki beste urrats batzuk egiteko».
Edonola ere, langabezia sariak ez ditu kudeatuko oraingoz Jaurlaritzak; 800 bat milioi euro kudeatzea litzateke hori. Ubarretxenak azaldu du ez diotela horri uko egiten: «Uste genuen akordioa egingo genuela astearte honetan. Denbora eskatu digute, eta urteko azken hiruhilekorako beste bitariko batzorde bat egitea adostu dugu. Ordurako espero dut langabezia sariak ere transferentzian sartuko ditugula».

Sumar, UGT eta CCOO
Atzotik fokua Espainiako Gobernua osatzen duen bazkide txikian jartzen ari dira EAJ eta PSE; alegia, Sumarren. Yolanda Diazek gidatzen duen Lan Ministerioan «erresistentziak» daudela zabaldu dute hala jeltzaleek nola Jaurlaritzako lehendakariorde Mikel Torres sozialistak. Diazek hurbileko harremana dauka UGT eta CCOO sindikatuekin, eta jakina da sindikatu horiek betidanik izan direla Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra haustearen aurkakoak. Aurreikusita dagoen transferentziaren izaerak ez luke hautsiko kutxa, Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak berak sarritan azaldu dutenez, baina, zenbait iturriren arabera, Diaz ministroa estu hartu dute Espainiako sindikatu nagusi biek.
Sumarrek, Lander Martinez diputatuaren bidez, adierazi du haiek ez direla transferentzia osoa egiteko oztopo izan, baina, gaur bertan, Ezker Anitza-IUko koordinatzaile Arantza Gonzalezek esan du ulertzen duela Sumarrek denbora gehiago nahi izatea langabeziaren sarien eskumena eskualdatzeko. Gonzalezek EAJri eskatu dio Sumar hartzen duen bezain estu hartzeko Confebask eta CEOEko enpresaburuak.
Nekez beteko den ituna
Azken orduetan uste bat nagusitzen ari da: Moncloatik atera berritan Pradales lehendakariak egin zituen adierazpen gogorrak Sumar gogoan hartuta egin zituela. Sanchezi ohartarazi zion akordioak betetzeko egiten direla, eta eskatu zion lanak azkartzeko: «Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu diot ordena jar dezala etxean». Pradalesek uste du Sanchezek borondate politikoa baduela, baina «lidergo handiagoz» aritzea galdegin zion. Izan ere, lehendakariak ohartarazi zuen «jokabide zentralizatzaileek» bere hartan dirautela oraindik ere.
Horiek horrela, zaila ematen du, beste behin ere, Sanchez Moncloara eramateko PSOEk eta EAJk 2023ko azaroan egindako akordioa betetzea. Urtea amaitzerako, Gernikako Estatutuak oso-osorik beteta egon beharko luke ituna betetzeko, eta, azken urtean Madrildik Gasteizerako transferentzien jarioa azkartu bada ere, litekeena da ituna guztiz bete gabe gelditzea, aurreko legealdian bete gabe geratu zen kronogramaren antzera.
Izan ere, akordio horri jarraikiz, 30 dira Jaurlaritzara eskualdatu behar diren eskumenak, eta azken urte eta erdian, sei baino ez dira gauzatu. Beste lau aurreikusi dituzte datozen hilabeteetarako, baina, hala ere, nekez itxi ahal izango du Pradalesek «Gernikako Estatutuaren karpeta»; besteak beste, ikusteko dago Sanchezek noiz arte jarraituko duen Moncloan, eta, bozak aurreratzen badira, PP-Vox gobernu bat eratuko ote den Espainian, alderdi abertzaleen bide orriak txikituta.
Batera edo bestera, behin baino gehiagotan ezarri du lehendakariak «Gernikako Estatutuaren karpeta» ixteko helburua, estatus berriaren eztabaidari heltzeko atariko baldintza gisa. Dagoeneko 46 urte dira Gernikako Estatua onartu zutela.