Gizarte Segurantzaren eskumen batzuk jasoko ditu Jaurlaritzak lehen aldiz

Kotizazio gabeko prestazioen kudeaketa jasoko du; langabezia sariena ez, ordea, Madrilek akordiotik kanpo utzi baitu arlo hori. Pradalesek Sanchezi eskatu dio «etxea txukuntzeko» eta lanak azkartzeko.

Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, gaur, Madrilen. J. J. GUILLEN /EFE
Imanol Pradales eta Pedro Sanchez, gaur, Madrilen. J. J. GUILLEN /EFE
aitor biain
2025eko uztailaren 15a
22:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzari lotutako lehen eskumenak kudeatuko ditu Gernikako Estatutua onartu eta 46 urtera. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bitariko batzordean adostutakoa betetzen badute, Gasteizko gobernuak bere gain hartuko ditu kotizazio gabeko pentsioen kudeaketa eta eskola aseguruen prestazioena. Zehazki, familientzako prestazioak dira, seme-alabak edukitzeagatik, familia ugaria izateagatik edo guraso bakarra izateagatik ematen direnak. 

Urrats garrantzitsua da, baina ez Jaurlaritzak nahi zuen bezainbestekoa. Izan ere, adostu zuten Gizarte Segurantzari lotutako eskumenak lau bloketan negoziatzea, eta Jaurlaritzak nahi zuen horietan lehenari buruzko akordioa gaur gauzatzea. Baina lehen sortako neurrien erdiak ezartzea baino ez du lortu Jaurlaritzak, Pedro Sanchezen gobernuak akordiotik kanpo utzi baititu langabeziari lotutakoak. Horien artean daude langabezian egoteagatik jasotzen den saria eta langabezia agortzen denean edo nahikoa kotizatzen ez denean jasotzen den diru laguntza.

Jaurlaritzak esana zuen ez zuela «erdizkako akordiorik» onartuko, eta tinko eutsi dio jarrera horri azken ordura arte. Horren erakusgarri da bilerak uste baino gehiago iraun izana: 17:30ean hasi dute Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bitariko batzordea, Pedro Sanchez eta Imanol Pradales buru zirela, eta 21:00ak ziren Eusko Jaurlaritzako lehendakaria prentsaren aurrera azaldu denerako. Pradales pozik agertu da lortutakoarekin, eta akordioak duen garrantzia azpimarratu du. Hala ere, gogorarazi du ez dela esperotakoa, ez baita bete eskumenen egutegian zehaztutako guztia.

«Sanchezi eskatu diot dagokion exijentzia ezar dezala etxean, bermatu egin behar baitu adostutakoa betetzea»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Sanchezi ohartarazi dio akordioak betetzeko daudela, eta eskatu dio lanak azkartzeko: «Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu diot dagokion exijentzia ezar dezala etxean, bermatu egin behar baitu». Uste du borondate politikoa baduela, baina «lidergo handiagoz» aritzea galdegin dio, «oztopo administratiboak eta eragozpen politikoak gainditzeko». Izan ere, lehendakariak ohartarazi du «jokabide zentralizatzaileek» bere hartan dirautela oraindik; bada, Sanchezi eskatu dio «etxea txukuntzeko» eta halako jarrerak eteteko.

Angel Victor Torres Lurralde Politikarako Espainiako ministroak ez dio garrantzirik eman ohartarazpen horri, eta lortutako akordioen balioa nabarmendu du. Esan du Sanchez buru duen gobernuak bete egiten dituela akordioak, eta, halaber, gogorarazi du legealdiak «beste bi urte» iraungo duela oraindik, eta, beraz, tarte hori dutela falta diren eskualdaketak adostu ahal izateko. Azpimarratu du, hori bai, Gizarte Segurantzaren eskumena Jaurlaritzaren esku uzteko akordioa bat datorrela legearekin, eta horrek ez duela kotizazioen kutxa bakarra hautsaraziko: «Gezurra da hori, erabat». 

46 giltzarrapo

Gizarte Segurantzaren eskumenaren transferentzia zen Lankidetzarako Bitariko Batzordearen interesgune nagusietako bat, eta Pradalesek ez du ezkutatu. Izan ere, lehen aldia da Espainiako Gobernuaz bestelako erakunde batek haren kudeaketa hartuko duena. Lehendakariak azpimarratu du, hain zuzen, urteetako tabua haustea lortu dutela: «Gizarte Segurantza 46 giltzarraporekin itxita egon da: giltzarrapo bat Gernikako Estatutua bete ez den urte bakoitzeko. Azkenean, baina, ate bat zabaldu da. Bazen garaia».

Espainiak oraindik eskualdatu ez dituen eskumenen negoziazioan aurrera egiteko ere baliatu dute gaurko bilera, eta, bide horretan, adostu dute Jaurlaritzaren esku uztea hala itsas salbamenduaren nola laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko funtzio gehigarriei lotutako eskumenak. Osalanen gaitasunak handituko ditu horrek, aurrerantzean Jaurlaritzaren esku geratuko baitira makineria egiaztatzeko Barakaldoko (Bizkaia) zentroari dagozkion ardurak ere. Urte amaieran jasoko ditu eskumen horiek.

«Gizarte Segurantza 46 giltzarraporekin itxita egon da: giltzarrapo bat Gernikako Estatutua bete ez den urte bakoitzeko. Azkenean, baina, zabaldu egin da. Bazen garaia»

IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria

Bestalde, Pradalesek adierazi du jarrerak hurbiltzeko ahalegina egin dutela azpiegituren arloko eskumenen transferentziari dagokionez ere; aireportuena, besteak beste. Hain justu, alor horretan ere «lehen aldiz atea ireki» izana goretsi du lehendakariak. Azpibatzorde bat eratzea adostu dute bi gobernuek, aztertzeko  eta negoziatzeko «euskal erakundeek» zer aukera dituzten interes orokorrekoak diren aireportuen «kudeaketan, konektibitatean eta lehiakortasunean parte hartzeko». Talde horren emaitzak lau hilabeteko epean jasotzea espero dute. Azkenik, eskualdatzea falta diren eskumenei dagokienez, Pradalesek jakinarazi du «iniziatiba hartuko» duela eta irailerako proposamenenak bidaliko dizkiola Madrili.

Konpromisoak 

Pradalesek eskumenen transferentziaz bestelako eskaera batzuk ere egin dizkio Sanchezi bileran. Horien artean dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako argindar sarearen gaitasuna handitzea. Bada, atal horretan ere badira aurrerapausoak: inbertsioak egiteko egutegi bat adostu dute, «euskal industriak dituen beharrei erantzun ahal izateko». Jaurlaritza prest zegoen dirua aurreratzeko, kupo energetiko baten bidez, baina ez da horren beharrik egongo.

Jaurlaritzak eta aldundiek, hala ere, dirua jarri dute hainbat arlotan inbertsio jakin batzuk egiteko, hala nola Osakidetzan, trenbide sarean, birgaitze energetikoan eta ur saneamenduan. Europako funtsekin finantzatzeko irizpideak betetzen dituzte horietako hainbatek, eta, beraz, Madrilek konpromisoa hartu du funtsen hurrengo adjudikazioetan kontuan hartzeko. Horrez gain, Sanchezek Pradalesi hitzeman dio lanean jarraituko duela euskara Europako Batasunean ofizial izan dadin, baita makroeskualde atlantikoa sortzeko proposamenak aurrera egin dezan ere.

Gai zerrendan ez zegoen arren, Talgoren etorkizuna argitzeko urratsa egitea ere adostu dute bi agintariek gaurko bileran. Pradalesek jakinarazi du Madrilek operazioan parte hartuko duela, SEPI industria funtsaren bidez, erosketa «bideragarria» izan dadin. Lehendakariak ez du zehaztu 75 milioi euro jarriko ote dituen maileguaren erdia ordaintzeko, baina hori espero da. Pradalesek azpimarratu du parte hartze horri esker Talgok jarduerari eutsiko diola.

PRADALES, USTELKERIARI BURUZ: «EGOERA LARRIA DA»

Ustelkeria kasu baten zantzuek estualdian jarri dituzte PSOE alderdia eta Sanchez bera, eta ikusteko dago gai izango ote diren inbestidurako bazkideen babesari eusteko. Pradalesek ez dio izkin egin gaiari, eta egoera analizatuz hasi du hitzaldia. Egoera «oso larria» dela esan du, eta halako gertakariek  «kaltea handia» egiten diotela politikagintzaren sinesgarritasunari. Herritarren konfiantza berreskuratzea «lehentasuntzat» jo du lehendakariak, eta, bide horretan, Sanchezen ustelkeriaren planari erreferentzia eginez ohartarazi du «erregulazio hutsarekin» ez dela nahikoa izango; «printzipioak eta kultura politikoa dira gakoak», haren hitzetan. Horiek hala, Espainiako presidenteari gogorarazi dio «eredugarritasuna, gardentasuna eta kontu ematea oinarrizko balioak» direla.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.