Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidentea hartu du gaur Ajuriaenea jauregian, Gasteizen, ordezkatzen dituzten bi erakundeen arteko hitzarmena berritzeko.
2019an izenpetu zuten lehen lankidetza hitzarmena, eta haren jarraipena da gaurkoa. Lehen hitzarmenak Hendaian garraio moduak trukatzeko aukera ireki zuen, eta Euskal Sagardoa sor-marka babestekoa ere bai.
Pradalesek eta Etxegaraik nazioarteko testuinguru aldakorra izan dute hizpide, eta aurrerantzean ere bi estatuek ezarritako mugaz gaindi lankidetzan aritzea adostu dute, auzi politiko, ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak elkarrekin gainditzeko, ohar bidez azaldu dutenez.
Bost urterako lankidetza hitzarmena da, eta bi erakundetako lantaldeek honako helburu hauek dituzte: euskara eta kultura sustatzea, mugaz gaindiko mugikortasuna errazteko urratsak egitea, enpresa sareak sortzea, nekazaritza jasangarria sustatzea, turismo arduratsua lortzea, goi mailako ikasketa eleaniztunak bultzatzea eta migratzaileen koordinazioa, tokiko erakundeekin elkarlanean.