Jaurlaritzak gida sorta bat ondu du adingabeek Internet «egoki» erabil dezaten

Guraso eta helduentzako jarraibide batzuk jaso dituzte haur eta nerabeek «arduraz» erabil ditzaten teknologia berriak. Sei liburuki atera dituzte, adin tarte bakoitzeko bat.

Internetaren erabilera familian
Gaur aurkeztu dute gida, Gasteizen. ANDONI CANELLADA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko otsailaren 7a
15:15
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren Zuzendaritzak gida sorta bat argitaratu du adingabeek «egoki» erabil ditzaten Internet eta sare sozialak. Sei gida dira guztira, adingabearen garapen etapa bakoitzeko bat, eta familientzat eginak daude, «Internet zer den eta horrek zer arrisku dakartzan jakin dezaten». Nerea Landajo eta Igor Bilbao EDE fundazioko adituek ondu dituzte argitalpenak, eta gaur aurkeztu dituzte, Gasteizen, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak lagunduta.

Giden helburua da haur eta nerabeen ardura dutenei –gurasoei eta helduei– jarraibide batzuk eskaintzea adingabeek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak «arduraz eta segurtasunez» erabili ditzaten. Melgosak azaldu duenez, teknologia berriak ikasteko eta garatzeko «aukera» gisa ikustea da asmoa, eta adingabeek horiek modu «arduratsuan eta onuragarrian» erabiltzea. «Internet tresna indartsua da, eta ateak irekitzen dizkigu. Baina leku ilun bat ere bada, edo izan daiteke, batez ere gazteentzat», ohartarazi du sailburuak. Hori dela eta, erantsi du helduek badutela «betebeharra», adin txikikoen arduradun diren aldetik, sarearen arriskuetara hurbiltzeko ere.

Adinaren arabera

Adin tarteen arabera sailkatu dituzte gidak: 0-3 urte, 4-6 urte, 7-9 urte, 10-12 urte, 13-15 urte eta 16-18 urte. Horietako bakoitzean modu labur eta orokor batean azaldu dute adin tarte bakoitzeko adingabeak nolakoak diren, zer-nolako harremana duten Internetekin, zer arrisku sor daitezkeen, eta zer egin dezaketen helduek haiei laguntzeko. Bilduma online eskuratu daiteke, www.euskadi.eus/familiawebgunean.

Teknologia berrien erabilerari buruzko batzorde baten gidaritzapean ondu dituzte gidak, eta hauek osatu dute batzorde hori: zenbait psikologok, familia teknikarik, ikertzailek, EDE Suspergintzako haur eta gazte saileko arduradunek, eta Jaurlaritzako zenbait ordezkarik. Bilduma egin duten adituek nabarmendu dute «ahalik eta gida praktikoena» egiten saiatu direla, eta prebentziorako jarraibiderik eta informaziorik osatuenak bildu dituztela horretarako. «Adingabeen segurtasuna bermatzeko eta Internetekin duten harremana bide seguruagoa izateko jarraibideak eta informazioa jaso dugu», azaldu du Bilbaok.

Adin tarte bakoitzean familiek izan ditzaketen zalantzen inguruko galderak eta irizpideak bildu dituzte gida bakoitzean. Hiru galdera nagusi egin dituzte: «Nolakoak dira adin horretan? Nola lagun diezaiekegu garatzen? Eta nola eragiten diete teknologia berriek?». Azken galdera horretan, adin tarte bakoitzari lotutako arriskuak eta horiei aurre egiteko tresnak jaso dituzte: besteak beste, pantailen erabilerari buruzko irizpideak; gurasoen kontrola eta eduki desegokien kudeaketa; sakelako lehen telefonoaren erabilera; pornografiaren kontsumoa; Interneteko apustuak; teknologia berrien bitartez sortutako genero indarkeria eta online erosketak.

Sakelakoa, «heldutasunaren» arabera

Gida bakoitzak edukiaren laburpena, informazio interesgarria eta familian ikasi eta jolasteko baliabideak biltzen ditu. Esaterako, 10 eta 12 urte bitarteko epeari dagokion gidan, jarraibideak jaso dituzte eskuko telefonoaren erabilerari dagokionez. Aditu gehienek diote ez dela gomendagarria 14 urtetik beherakoek eskuko telefonoa izatea, baina askoz lehenago erabiltzen hasten direla azaldu du Bilbaok, 10-11 urterekin. Haren ustez, adinari bainoago, umearen «heldutasunari» erreparatu behar zaio pauso hori emateko orduan, eta horren araberako tresnak eman, era «seguruan» erabil dezan.

Pornografiaren kontsumoaz ere oharra egin dute adituek; izan ere, nerabeak gero eta gazteago hasten dira kontsumitzen: batez beste, 10 urterekin hasten dira, eta gehienak mutil heterosexualak dira. Landajok azpimarratu du familietan eta hezkuntza komunitatean «kezkaz» ikusten dutela arazo hori, eta uste du ezinbestekoa dela aurrez hezkuntza sexuala lantzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.