Eusko Jaurlaritzak gaur egin du gobernu kontseilua, eta hezkuntzaren inguruko erabakiak hartu dituzte: Hezi Lab Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa eta Bizi Lab Inklusioaren, Bizikidetzaren eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa sortzeko dekretuak onartu dituzte. Hezkuntza Sailaren arabera, hezkuntza sistemari laguntzeko bi zerbitzu berri dira, eta ikastetxeei laguntzeko baliabideen «aro berri bat» zabalduko dute: «Eusko Jaurlaritzak ikastetxeei laguntzeko eredu berri bat abian jarriko du».
Bi baliabide horien bidez, orain arte Berritzeguneek eta Ingurugela zerbitzuak betetzen zituzten eginkizunak «berrantolatu eta espezializatu» asmo dituzte, «eredu argiagoa, osagarriagoa eta eraginkorragoa eratzeko». Hezkuntza errealitate «gero eta askotarikoagoari eta zorrotzagoari erantzutea», horixe izango da xedea, Hezkuntza Sailaren esanetan. «Bi erakundeek hezkuntza sistema eraldatzeko palanka elementu gisa jardungo dute, eta modu koordinatuan lan egingo dute, lankidetza eta zerbitzu eredu partekatua sustatuz. Eredu horri esker, ikastetxeei laguntza koherenteagoa, estrategikoagoa eta beren benetako beharretara egokituagoa eskaini ahal izango zaie».
Baliabide baten zein bestearen funtzioak eta ezaugarriak ere aletu dituzte. Hezi Labek berrikuntza izango du oinarri: «Hezkuntza sistemaren erreferentea izango da berrikuntza pedagogiko, metodologiko eta teknologikoaren arloan». Bizi Labek, berriz, inklusiora: «Ikastetxeentzako laguntza indartuko du funtsezko eremuetan, ekitatea, gizarte kohesioa eta aukera berdintasuna bermatzeko».