Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hobekuntzak iragarri ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako jantoki zerbitzuan. Zehazki, iragarri du «pixkanaka» murriztuko dituela begiraleen ratioak Lehen Hezkuntzako eskola jantokietan, eta Haur Hezkuntzako arreta indartuko duela.
Neurri horiek 2026-2027ko ikasturtean sartuko dira indarrean, «datozen hiru ikasturteetarako (2026-2029) eskola jantokien zerbitzuaren lizitazio kontratu berria izapidetzearekin batera».
Lehen Hezkuntzako begiraleen eta ikasleen ratioei dagokienez, Jaurlaritzak adierazi du taldeko jankideen gehieneko kopurua «pixkanaka» murriztuko duela: gehienez ere 30 ikasle izan nahi dituzte begirale bakoitzeko 2027-2028ko ikasturterako. Hezkuntza Sailaren arabera, horrek aukera emanen du jantokian «arreta hobetzeko eta ikasleen autonomia errazteko».
Ratioen jaitsiera hori indarrean sartu bitartean, gainera, behin-behineko neurri batzuk ere ezarriko dituzte: 2026-2027ko ikasturtean, esaterako, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 3. mailara bitarteko jankideak 30 baino gehiago badira, beste begirale bat jarriko dute, 2027-2028ko ikasturtean ratio berriak indarrean jarri arte. Haur Hezkuntzan ere, hiru urteko taldeko jankideak 20 baino gehiago badira, Jaurlaritzak begirale bat gehiago ezarriko du, «gazteenen arreta indartzeko».
Greba, bihartik aurrera
Otsaileko hondar astean, hiru greba egun egin zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jangeletako langileek, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta. Horren ostean, baina, ELAk eta LABek ez dute «aurrerapen esanguratsurik» antzeman negoziazio mahaian, eta eskola jantokietako langileak grebara deitu dituzte berriro, bihartik aurrera. Aldaketarik ezean, langileek lanuztea eginen dute bihar, etzi eta ostegunean.