Jaurlaritzak Lanbide Heziketako ikaspostuen erdiak emakumeentzat gordeko ditu

Hezkuntza Sailak 74.963 ikaspostu eskainiko ditu, aurreko ikasturtean baino 7.920 gehiago. Gaurtik zabalik dago aurrematrikula egiteko epea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 184 Lanbide Heziketako ikastetxeetan.

Lanbide Heziketako ikasleak, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Lanbide Heziketako ikasleak, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko maiatzaren 4a
13:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2026-2027ko ikasturteko Lanbide Heziketako eskaintza aurkeztu du. Bada nobedaderik: ikaspostuen erdiak emakumeentzat gordeko dituzte. Orotara, 74.963 ikaspostu eskainiko dituzte, ikasturte honetan baino 7.920 gehiago; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 184 ikastetxetan egongo da Lanbide Heziketa ikasteko aukera.

Emakumeen presentzia bultzatzea. Horixe izango du xede Jaurlaritzak Lanbide Heziketan hartuko duen «neurri historikoak». 2026-2027ko ikasturterako berritasun «esanguratsuena» da, eta esleipen sisteman «egiturazko aldaketa» dakar. Egun, antzeko sistema bat aplikatzen da beste talde batzuekin, esaterako, elbarritasunen bat dutenekin edo goi mailako kirolariekin. Hain zuzen, emakumeentzat erreserbatutako postu kopurua %33ko desgaitasuna edo handiagoa dutenentzako, hezkuntza laguntzako premia espezifikoak dituztenentzako, ikasle errepikatzaileentzako eta goi mailako kirolarientzako gordetako postuak kendu ondoren kalkulatuko dute. Neurria oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako zikloetan ezarriko dute, baita espezializazio zikloetan ere.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azaldu ditu arrazoiak. Haren hitzetan, zenbait sektoretan emakume asko daude; ez, ordea, beste batzuetan. «Desoreka historiko» horri erantzun nahi diote. «Egoera horren aurrean, ezin dugu beste aldera begiratu, ezin dugu talentu hori alferrik galdu. Elektrikaria edo mekanikaria izan nahi duen neska batek mutil baten aukera berberak izatea nahi dugu. Eta Euskadiko Lanbide Heziketak neurri honekin bermatuko du hori».

Orotara, 74.963 ikaspostu jarriko dituzte aukeran, ikasturte honetan baino 7.920 gehiago, 184 ikastetxetan. Mailari dagokionean, askotariko aukerak egongo dira: ikaspostuen %9,4 oinarrizko mailako zikloetakoak izango dira; %32,9, erdi mailako zikloetakoak; eta %46,3, goi mailako zikloetakoak. Horietaz gainera, ziurtagiri profesionalak, profesionaltasun ziurtagiriak, espezializazio ikastaroak eta espezializazio programak ere egongo dira aukeran.

7.920

Zenbat ikaspostu sortuko dituzten. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikasturte honetan baino 7.920 ikaspostu gehiago eskainiko ditu datorren ikasturtean; horietatik 6.035 sare publikokoak izango dira.

7.920 ikaspostu berrietatik 6.035 (%76,2) sare publikoan sortuko dituzte. Sektore hauetan, hain zuzen ere: gizarte eta kultura zerbitzuak —1.395 ikaspostu gehiago—, fabrikazio mekanikoa —1.160 ikaspostu gehiago—, administrazioa eta kudeaketa —665 ikaspostu gehiago—, merkataritza eta marketina —590 ikaspostu gehiago—, eta instalazioa eta mantentze lanak —490 ikaspostu gehiago—. Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak eskaintza hedatu izana goraipatu du: «Enpresei entzuten diegu, profesionalak non behar diren identifikatzen dugu eta prestakuntza eskaintza zabaltzen dugu, erakundeen, pertsonen eta gizartearen benetako beharrei erantzuteko. Euskadiko Lanbide Heziketa etengabe aldatzen ari da».

Horrela, Jaurlaritzak Lanbide Heziketaren aldeko apustua berretsi nahi du, eta emaitzak ematen dituela azpimarratu; izan ere, %90eko laneratze tasa du ikasketak amaitzen dituztenen artean, Hezkuntza Sailaren arabera. Lanbide arloei dagokienez, hauek nabarmentzen dira: energia eta ura (%98,08); instalazio eta mantentze lanak (%95,01); jarduera fisikoak eta kirol jarduerak (%92,42); fabrikazio mekanikoa (%91,89); informatika eta komunikazioak (%90,86), eta osasuna (%90,15).

Lehenengoz, gradu bikoitzak

Beste berrikuntza bat ere izango du Lanbide Heziketak datorren ikasturtetik aurrera: lehenengo aldiz gradu bikoitzak eta ibilbide integratuak eskainiko dituzte. Lehenengoei dagokienez, bat goi mailakoa izango da: Sukaldaritza Zuzendaritza eta Jatetxe Zerbitzuen Zuzendaritza; Galdakaon (Bizkaia) emango dute. Eta bestea, erdi mailakoa: Instalazio Elektriko eta Automatikoak eta Telekomunikazio Instalazioak, Iurretan (Bizkaia). Biek ala biek hiru ikasturteko iraupena izango dute, eta modua emango dute bi tituluak eta dagozkien modulu guztiak egiaztatzeko.

Horietaz gainera, lau ikasturteko ibilbide integratuak ere zabalduko dituzte. Horiei esker, ikasleek DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua eta oinarrizko teknikariarena lor ditzakete lehenik, eta gero, erdi mailako teknikariarena, denak ikastetxe berean.

Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko pasabide sistema ere finkatu dute. Hala, goi mailako 75 ziklok eta bost espezializazio ikastarok kredituak aitortuko dituzte 59 unibertsitate gradutan.

Izen ematea

Gaurtik zabalik dago izen ematea, eta maiatzaren 22ra arte aurkez daitezke eskaerak, online, Lanbide Heziketako ikastetxeetan edo Zuzenean zerbitzuan. Hezkuntza Sailak gomendatu du zerrendan gutxienez hamar aukera jartzeko, aukera gehiago izateko haietako batean sartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA