Espainiako Osasun Ministerioak egiten ditu BAME mediku egoiliarren hautaprobak. Prozesu horren bidez, medikuntzako alor jakin batean espezializatu ahal izaten dira Medikuntza ikasketak bukatu berri dituzten ikasleak. Bada, postuen eskaintza eta hautaketa prozesua arautzen dituen urteko aginduan hemendik aurrera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako postuetan euskararen ezagutza aintzat hartzeko eskea egin du Eusko Jaurlaritzak. Gutun bat helarazi du Osasun sailburu Alberto Martinezek ministeriora, eskabidearekin.
Martinezek eskatu du hautagaien komunikazio konpetentziei buruzko atalean baloratzeko euskara gaitasuna. Osasun Sailak prentsa ohar baten bidez eman du gutunaren berri, eta helarazitako mezuaren gako nagusiak zein izan diren azaldu du. Aldaketa eskumen autonomikoen «erabilera legitimoan» oinarrituta egin daitekeela argudiatu du Martinezek, eta osasun arretaren «kalitatea, ekitatea eta segurtasuna» bermatzen lagunduko duela. «Pazientea bere ama hizkuntzan artatzeak komunikazio klinikoa hobetu, konfiantza handitu, akatsak murriztu, atxikimendu terapeutikoa indartu eta oztopo kulturalak gainditzen laguntzen du».
Euskara aintzatesteak «gazte talentudunak» erakartzen ere lagun dezakeela erantsi du sailburuak, eta Euskal Herrian bertan trebatu diren gazteei bertan lan egiteko aukerak handitu diezazkiekeela: «Azken batean, hemen beren bizi proiektua eraiki ahal izan dezaten». Hizkuntza normalizazioaren bidean egun indarrean dauden «printzipioak» betetze aldera ere euskara baloratzea «aurrerapausoa» dela gogoratu du.
Txosten juridikoa
Gutunarekin batera txosten juridiko bat ere bidali du Martinezek ministeriora. Proposamena Espainiako legeekin «guztiz bateragarria» dela erakutsi nahi izan du txosten horren bidez, eta «berdintasun printzipioa» errespetatzen duela. Asmo «eraikitzailez» egindako proposamena izan dela gogoratu du, eta aintzat hartuko duten esperantza du. Gogoratu du egin dituzten bileretan-eta ministroa «prest» azaldu izan dela aldaketa hori egiteko.
Bestelako eskabideak ere badira arloan. Izan ere, BAME azterketa, adibidez, gaztelaniaz bakarrik egin daiteke gaur egun. Medikuntza ikasketak euskaraz egiten dituztenek ere hizkuntza aldatu behar izaten dute etsamina egiteko. Hori aldatzeko eskea eginda dago, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak berak egin izan du, Euskaltzaindiarekin batera: Jaurlaritzari eskatu izan diote urratsak egiteko azterketa euskaraz egin ahal izateko . Behin espezializazioa hasitakoan ere euskarazko trebakuntza askotan Osakidetzan eskasa izaten dela salatu dute behin baino gehiagotan osasungintza euskalduntzeko lanean ari diren erakundeek.