Aurrerantzean, beste bi modutara ere egiaztatu ahal izango dira sektore publikoan euskarazko hizkuntza eskakizunak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: lanean euskara erabilita eta hautaketa prozesua euskaraz eginda; agindua atzo argitaratu zuten EAEko aldizkari ofizialean.
Orain arte, modu batean baino gehiagotan froga zezakeen batek bazuela eskatutako euskara maila: HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko azterketak gaindituta, beste titulu ofizial batzuk aurkeztuta —HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen azterketen bidez lortutakoak, hizkuntza eskola ofizialetakoak, unibertsitateetakoak...—, edo ikasketak euskaraz eginda. Orain, «aukerak zabaldu» egingo dituzte, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearen arabera: «Eusko Jaurlaritzak bi bide ireki ditu, errazak, malguak eta errealitatearekin bat datozenak, euskararen ezagutza egiaztatzeko. Eguneroko lanean hizkuntzaren ezagutza formala eta erabilera erreala eta eraginkorra baloratzen ditugu. Administrazio elebiduna, modernoa eta hurbila nahi dugu, euskarak bere lekua izan dezan».
«Eguneroko lanean hizkuntzaren ezagutza formala eta erabilera erreala eta eraginkorra baloratzen ditugu»
IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua
Bi bide horien xehetasunak aletu ditu sailburuak. Bat: lanean euskara erabiltzea. Hain zuzen, lanpostuan euskara erabili ohi duten sektore publikoko langileek arrazoi horregatik berarengatik eska dezakete euskara maila jakin bat dutela egiaztatzea. Zenbait baldintza bete behar dituzte horretarako: lanpostuak derrigortasun data izatea, lanpostu horretan gutxienez urtebetean aritu izana, eta erakundeak euskara erabiltzeko plan bat edukitzea. Gainera, hautagaiak lanpostuari ezarritako eskakizuna egiaztatzeko baino ezingo du eskatu.
Eta nola egiaztatuko dituzte gaitasunak? Lehenik eta behin, dagokion erakundeak —udalak, aldundiak, Eusko Jaurlaritzak...— ziurtatu beharko du hautagaiak euskara «behar bezala» erabiltzen duela eguneroko lanean. Ondoren, HAEEk balorazio hori «berrikusi», «egiaztapena ofizialki baliozkotu», eta tituluen eta ziurtagirien erregistroan sartuko du.
Beste bide bat ere zabaldu dute: euskara hautaketa prozesuetan egiaztatzea. Hori egin ahal izango dute sektore publikoan lanpostu bat lortzeko hautaketa prozesu batera (oposizioa, lehiaketa...) aurkezten direnek edo lanpostu batetik bestera mugitu nahi dutenek —betiere azterketa prozesu bat egitea derrigorrezkoa bada lekualdaketa horretarako—. Eta hiru baldintza jarri dituzte: probak aurretik HAEEk balioetsitakoak izatea eta euskara hutsean egitea; hautaketa prozesua gainditzea; eta deialdian zehaztuta egotea horretarako aukera badagoela. Hautaketa prozesuko epaimahaiak edo batzordeak egiaztatuko du hautagaiak euskaraz egin eta gainditu dituela probak. Ondoren, HAEEk «ofizialki baliozkotuko» du egiaztapen hori, eta euskara titulu eta ziurtagirien erregistroan inskribatu.
Sailak azaldu duenez, HAEE arduratuko da bide berrien bidez lortutako egiaztagiriak kudeatzeaz eta balioesteaz. Agindua argitaratuta, HAEEk ebazpen bat onartu beharko du, prozesua garatzeko xehetasunak zehazteko.
Dekretua garatzen
Zehaztapen guztiak jasota daude atzo argitaratu zen aginduan. Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretua garatu du agindu horrek. Dekretua 2024an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta administrazio publikoan euskararen erabileran sakontzeko».
Orduan, Euskalgintzaren Kontseiluak dekretuaren aurka egin zuen: «Ez die erantzuten euskararen normalizazioak egun dituen erronka, hutsune eta betebeharrei, ez du jauzi sendorako bokaziorik». Argi mintzatu ziren: «Ez da euskararen normalizazioak behar duen dekretua». Kontseiluak uste zuen bazegoela aukera «jauzi sendoagoa» egiteko; are, aukera horri «uko» egin izana gaitzetsi zuen: «Anbizioz jokatu eta oldarraldi judizialak ezarritako mugak gainditu beharrean, epaitegiek ezarritako murrizketak islatu dira dekretuaren azken bertsioan».