«Gure unibertsitate sistema munduko onenen artean kokatzea». Horixe du ortzi muga Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak, eta, horretarako, unibertsitateak arautzeko esparrua berritu asmo du: gaur aurkeztu du Jaurlaritzak Unibertsitateen lege aurreproiektua; onartuz gero, gaur egungo legea, 2004koa, ordezkatuko du. Espero dute orain ekarpenak jasotzea eta azarorako Eusko Legebiltzarrera eramatea, bertan bere bidea egin dezan.
Hainbat aldaketa dakartza proposamenak, besteak beste: EHU Euskal Herriko Unibertsitateari Jaurlaritzak egiten dion ohiko ekarpena «jarduera mailaren mendekoa» izatea; salbuespenen bat gerta badaiteke ere, ordezko irakaslerik ez egotea EHUn; eta unibertsitateko kideen betebehartzat finkatzea gainerako kideak zaintzea. Honatx proposamen berriaren puntu nagusiak:
1
Sistemaren ezaugarri orokorrak
Sailburuaren esanetan, hiru eginkizun nagusi dituzte unibertsitateek: irakaskuntza, ikerketa, eta ezagutzaren transferentzia. Testuak unibertsitate guztiak sistematzat hartzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzari esleitzen dio unibertsitate ikasketen programazioa egitea, «eskaintza ordenatua» izan dadin, eta «herrialdearen beharrekin bat» etor dadin. Unibasqek «zeregin erabakigarria» izango du sisteman. «Unibasq arduratuko da nazioartean homologatu daitezkeen ebaluazio estandarrak bermatzeaz». Eta proposamenak unibertsitate eta unibertsitate zentro espezializatuak sustatzeko aukera ematen du, eta atea zabaltzen dio unibertsitateek atzerrian zentroak sortu ahal izateari.
Gainera, lege berriaren helburuetako bat da kalitate zigiluak sortzea, «unibertsitate sistemaren gardentasuna indartzeko eta gizarteari kontuak emateko». Unibertsitateen arteko harremanak ere baditu hizpide: «euskararen lurraldeko» unibertsitateen arteko «lehentasunezko harremanak indartzearen eta ezartzearen» alde egiten du.
Komunitateari aparteko arreta jarri asmo diote, halaber: «Irakasleak eta ikasleak zaindu behar dira. Unibertsitateko kideen betebeharretako bat da besteak zaintzea; legea onartzen bada, betebehar legala izango da». Legea bete ezean, sailburuak iradoki du ondorioak egon daitezkeela. Gainera, unibertsitateek berdintasun, aniztasun eta ongizate unitateak sortu beharko dituzte, eta berdintasun planak eta diskriminazioaren aurkakoak ondu.
2
Unibertsitate publikoa
Euskal Herriko Unibertsitateaz beren-beregi ari da testua. Unibertsitate horren finantzaketa zenbait eztabaidaren iturri izan da azken boladan, eta, hain zuzen ere, horretan egin asmo du aldaketa nagusia Eusko Jaurlaritzak —kazetarien galderei erantzunda, sailburuak ukatu egin du aldaketa desadostasun horiengatik egin dutela—. Behin legea onartuta, zera da sailburuaren asmoa: unibertsitate publikoari Jaurlaritzak egiten dion ohiko diru ekarpena «jarduera mailaren mendekoa izatea». Hots, «formula» bat adostu nahi dute EHUrekin, eta ohiko ekarpen hori, oinarrizko funtzioetarako izaten dena —irakasleen soldatak ordaintzeko, mantentze lanetarako...—, hainbat irizpideren arabera eman: ikasle kopurua, titulazio kopurua, zientzia ekoizpena... Orain arte, sailburuaren hitzetan, ez da irizpide finkorik egon, eta esleipena «historiaren araberakoa» izan da: «Hainbeste eman izan da, eta hainbeste eman behar da». Horretaz gainera, orain arte bezala, kontratu programak egongo dira —zeregin jakinetarako ematen den dirua—, eta azpiegituretarako finantzaketa. Gainera, unibertsitate publikoak «beste finantzaketa bide batzuk» bilatzea ere sustatu nahi dute.
Finantzaketaz harago, langileei dagokienez, zenbait nobedade daude: irakasleen eta ikertzaileen «ibilbide akademiko estandarra» ezarriko dute, eta bi urte atzerrian pasatzea sustatu; «salbuespenak salbuespen» ez da ordezko irakaslerik egongo EHUn; irakasle itzaltsuaren figura sortuko dute, «nazioarteko maila goreneko akademikoak erakartzeko»; eta soldata osagarriek zati bat finkoa izango dute, eta bestea, ez —hala nahiago duten irakasleek eta ikertzaileek egungo ereduari eutsiko diote—. Halaber, nazioarteko esperientzia meritu gisa hartuko dute irakasleak ebaluatzeko eta kontratatzeko. Gainera, irakasleak eta ikertzaileak egonkortzea eta lanaldi osoko kontratazioak egitea lehenetsiko dute.
3
Unibertsitate «ez-publikoak»
Perez Iglesiasek azaldu duenez, unibertsitate «ez-publikoak» ere araututa egongo dira lege berrian; alta, ez dute «aldaketa handirik» egin horientzat.