Jaurlaritzako Giza Eskubideen Sailak ia %8 handitu du aurrekontua, besteak beste «biktimen gaineko arreta hobetzeko»

Maria Jesus San Joseren sailak ia 400 milioi euro izango ditu 2027an, «justizia eredu modernoagoa eta hurbilagoa garatzen jarraitzeko eta giza eskubideen, memoriaren eta bizikidetzaren politikak sendotzeko».

Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonso eta Maria Jesus San Jose Giza Eskubideetako sailburua. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonso eta Maria Jesus San Jose Giza Eskubideetako sailburua. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2026ko azaroaren 4a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak 397,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an, aurreko ekitaldian baino %7,7 gehiago. 28,5 milioi euro inguruko igoera horri esker, zenbait helburu beteko ditu sailak: «Justiziako zerbitzu publikoak indartuko dira; biktimentzako arreta hobetuko da; gizarteratzea bultzatuko da; azpiegiturak eta kudeaketa judizialeko sistemak modernizatuko dira; eta finkatuko dira giza eskubideak sustatzeko eta memoria demokratikoa zaintzeko politikak».

Maria Jesus San Jose sailburuak aurkeztu du bere sailaren aurrekontu proiektua, xede politiko jakin bati erantzuten ei diona: «Justiziarako sarbidea bermatzea, biktima guztientzako arreta hobetzea, gizarteratzea indartzea, giza eskubideak babestea eta memoria demokratikoa zaintzea». Edonola ere, sailburuak esan du garrantzitsuena ez dela zenbat diru bideratzen den bere sailera, «baizik eta zertarako egiten den eta zerbitzu publikoaren zer eredu eraikitzen jarraitu nahi den». Hala, azpimarratu du garai sozial eta politiko honetan «kezkaz» ikusten dituztela hainbat dinamika; jarrera horiek «giza eskubideak eta zuzenbide estatua zalantzan» jartzen dituzte, «indarkeria hutsaltzen edo justifikatzen» dute, eta «desberdina denaren deshumanizazioa» elikatzen dute, haren arabera.

Aurrekontuan barneratuta, jakinarazi du langileen atala 222 milioi eurokoa dela. Gainera, 18 milioi bideratuko dira ofiziozko txandara eta abokatutzaren guardiako txandara, eta 1,13 milioi prokuradoretzara, doako laguntza juridikoa bermatzeko, «arrazoi ekonomikoengatik inor kanpoan gera ez dadin».

Biktimak eta espetxeak

Biktimei arreta ematea «lehentasuna» izango da aurrerantzean ere. 1,2 milioiko kopuruari eutsi zaio Biktimari Laguntzeko Zerbitzurako, eta handitu egin dira genero indarkeriaren biktimei laguntza juridikoa emateko baliabideak. Gainera, Gazte Justiziara eta Familia Elkarguneetarako diru saila ia 21 milioi euroraino handitu da, eta Espetxeak Kudeatzeko Zerbitzua 9,1 milioira iritsi da. «Diru sail horiei esker, egoera konplexuetan dauden adingabeen eta familien arretari eutsiko zaio».

Espetxeen eremuan, aurrekontuak 3,66 milioi euro aurreikusten ditu espetxeetan Aukerak Gizarteratzeko Euskal Agentziaren zerbitzuetan lan egiten duten 630 presoren ordainsarietarako. Lan egiteko prest dauden presoen %60 dira. «Euskal espetxe ereduak segurtasunaren, duintasunaren eta gizarteratzearen printzipioetan aurrera egiten jarraituko du, zigorrak bete ondoren gizarteratzeko eta laneratzeko aukerei bide emanez», esan du San Josek.

Justiziaren alorrean, berriz, Digitaleko eta Azpiegituretako Zuzendaritzaren aurrekontua 46,7 milioi eurotik 60,8 milioi eurora igoko da 2027an, 14 milioitik gorako igoera, «eraldaketa teknologikoan aurrera egiteko eta instalazio judizialak hobetzeko». Bilboko Telefonica eraikineko obrekin jarraituko dute, eta Donostiako San Martingo Justizia jauregiko azken solairua eraberrituko dute; Gasteizen, berriz, lokalak erosiko dituzte.

Giza eskubideak

Bestalde, Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren arloak 12,4 milioi euro izango ditu. Hala, zuzendaritzarako 7,15 milioi izango dira, eta Gogora Instituturako 5,25 milioi izango dituzte, «biktimen arreta, aitortza eta erreparazioa lehentasuntzat hartuz». Besteak beste, AVTk, Covitek, Terrorismoaren Biktimen Fundazioak, Fernando Buesa fundazioak eta Egiari Zor fundazioak 55.000 eta 64.000 euro arteko diru sailak jasoko dituzte.

675.000
Zenbat diru emango zaien gizarte erakundeei 2027. urtean giza eskubideak sustatzeko proiektuetarako

.

Ekarpen horiei buruz aritzean, San Josek nabarmendu du ez direla diru laguntza politika soil baten ondorioa, «erakundeen arteko lankidetza politika baten ondorio» direla baizik. Azaldu du elkarte horiek «esperientzia, ezagutza eta ikuspegi ordezkaezina» ematen diotela sailari, biktimei zuzendutako politika publikoak diseinatzeko eta garatzeko.

Hori horrela, aurrekontuan 675.000 euro emango zaizkie giza eskubideak sustatzeko proiektuak garatzen dituzten gizarte erakundeei, 125.000 euro tokiko erakundeei, eta 250.000 euro Elkarrekin Bonuei laguntzeko. Adi-adian eta Ikaskuntza komunitatea programak mantenduko dira, unibertsitateekin, ikastetxeekin eta gizarte erakundeekin garatutako giza eskubideen inguruko sentsibilizazio eta hezkuntza egitasmoekin batera.

Gogora institutua

Gogora institutuak, berriz, 5,25 milioi euroko diru saila izango du. Haren lan ildo nagusien artean ikerketa, testigantzak berreskuratzea eta memoria demokratikoaren transmisioa egongo dira. «Institutuak Nafarroako, Euskadiko eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako erakundeekin lankidetzan» jarraituko duela azaldu dute, Memoria Demokratikoen eta Mugaz Gaindiko Identitateen Partzuergoaren bidez.

Era berean, frankismoan beren orientazio sexualagatik errepresaliatutako pertsonen testigantzen bankua handituko dute, eta 1990eko hamarkadara arte, jazarpenarekin eta indarkeriarekin lotutako testigantzak jasotzen hasiko dira, eta poliomielitisak diktaduraren aldian eragindako pertsonei buruzko ikerketa bat bultzatuko du Gogora-k. 1976 eta 1980 bitartean egindako desobiratze goiztiarrei buruzko ikerketak ere egingo ditu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA