2029 bitarte hezkuntza sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko Adimen Digitala izeneko plana aurkeztu du gaur Eusko Jaurlaritzak. «Digitalki gaitua, segurua eta etorkizunerako prestatua den hezkuntza komunitatea» lortzeko, 271,6 milioi euro inbertituko ditu datozen lau urteetan. Neurri nagusien artean dago software librean oinarritutako hezkuntza plataforma propioa garatzeko asmoa.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetako 600 zuzendariren aurrean aurkeztu du gaur plana Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Sei printzipio jaso dituzte egitasmoan: pertsona trebatuak garatzen laguntzea; aniztasunarekiko arreta eta ekitate digitala bultzatzea; hezkuntza hibridoa, malgua eta irekia eskaintzea; burujabetza digitala bultzatzea; segurtasun digitala bermatzea; eta teknologiaren erabilera segurua, osasungarria eta arduratsua sustatzea.
«Teknologia ez da berez helburua, baizik eta tresna, ikaskuntza hobetzeko, aukera berdintasuna indartzeko eta gazteak XXI. mendeko erronketarako prestatzeko»
BEGOÑA PEDROSA Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
Hain zuzen, teknologiaren erabileran «ekitatea, segurtasuna eta ongizatea» bermatzea du helburu estrategiak, Predosaren arabera. Bi «dimentsiotan» garatu nahi dute plana: batetik, eremu teknologikoan, azpiegitura, tresna eta baliabide digitalen garapenean zentratua; eta, bestetik, giza dimentsioan, «dimentsio etiko, inklusibo eta arduratsuan», prestakuntzan, alfabetatze mediatikoan eta erabilera kritiko eta arduratsuan zentratua. «Teknologia ez da berez helburua, baizik eta tresna, ikaskuntza hobetzeko, aukera berdintasuna indartzeko eta gazteak XXI. mendeko erronketarako prestatzeko», adierazi du sailburuak.
Lan berezia ikasleekin
Jaurlaritzak azaldu duenez, hainbat neurri zehazten ditu planak. Deigarriena, software librean oinarritutako hezkuntza plataforma propioa garatzea: IRADI. Horretaz gain, segurtasun digitala eta datuen babesa sustatzea, irakasleen prestakuntza teknopedagogikoa indartzea, teknologia digitaletan oinarritutako metodologia berritzaileak aztertzea, eta euskarazko eduki digitalen garapena bultzatzea proposatu dute.
Ikasleekin ere lan berezia egin nahi dute planaren barruan, alfabetatze digitala, «pentsamendu konputazionala» eta erabilera kritikoa sustatze aldera; besteak beste, desinformazioa eta albiste faltsuak identifikatzen eta borrokatzen laguntzea jarri du helburu Pedrosak, baita ikasleen osasun emozionala zaintzea ere.