Euskara maila jasoagoa duten irakasleei B2 postuetarako sarbidea mugatu nahi izatea egotzi diote Jaurlaritzari

Agindu proposamen batean jasotako irizpidea dela salatu dute Lanbide Heziketa Defendatzen ekinbideko kideek, eta helegiteak aurkezteko deia egin dute.

Lanbide Heziketako irakasleak, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Lanbide Heziketako irakasleak, artxiboko irudi baetan. AITOR KARASATORRE / FOKU
arantxa iraola
2026ko otsailaren 19a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak izenpetutako agindu proposamen bat da, urtarrilekoa, ikasturte hasierako lanpostuen esleipen prozesua arautzeko propio ateratakoa, eta horra, hainbat langileren artean ezinegona piztu du, C1 euskara maila duten irakasleei sarbidea mugatuko baitie eskakizun apalagoa duten lanpostuetarako: hau da, C1 maila jasoagoa da B2 maila baino, baina maila apal hori dutenak lehenetsiko dira hizkuntza eskakizun hori duten postuetan.

Horra nola jasota dagoen artikuluan hori: «2. hizkuntza eskakizuna egiaztatua duten pertsonek 2. hizkuntza eskakizuna (C1 maila) eta derrigortasun data igaroa duten lanpostuak baino ez dituzte eskuratuko. Hala ere, 1. hizkuntza eskakizuneko lanpostuak (B2 maila) eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta aukera hori baliatzeak ez badu eragozten eskatutako hizkuntza eskakizuna ez duten pertsonek lanpostua eskuratzea». Lanbide Heziketa Defendatuz ekinbideko kideek dei egin dute irizpide horren kontrako helegiteak jartzera. Otsailaren 25ean amaitzen da horretarako epea.  

Proposamenaren sarreran jasota dago administrazioak zer argudio eman duen irizpide horren alde: «Hizkuntza eskakizunari dagokionez, antolaketa arrazoiek eta eskura dauden baliabideak optimizatzeko arrazoiek gomendatzen dute lanpostuak parte hartzaileek egiaztatutako hizkuntza eskakizunaren arabera jasotzea». 

Lanbide Heziketa Defendatzen ekinbideko langileek adierazi dute «kasualitatez» izan dutela agindu proposamenaren irizpide horren berri, eta ondorioekin arduratuta daudela. Bigarren hezkuntzarako irizpide orokorra bada ere, gogora ekarri dute, oro har, C1 baino euskara eskakizun apalagoa duten lanpostuak Lanbide Heziketan daudela bereziki, eta horregatik daudela arduratuta horrek sektorean izan ditzakeen ondorioekin. «Hemen eragin handiagoa izango du».

Euskara «demeritu»

Lanbide Heziketa Defendatzen mugimenduko kideek uste dute zenbait langile «babestu» nahi dituela Hezkuntza Sailak irizpide honekin, baina ohartarazi dute hor aurrerabideak ezin direla egin «besteen eskubideen gainetik». Eta, hain justu ere, irizpide hori euskara maila jasoena duten irakasleen kalterako dela nabarmendu dute: «Azkenean, artikulu horrekin gertatzen dena da euskarazko eskakizuna lortua izatea demeritu bat bihurtzen dela, aukera gutxiago izango dituztelako irakasle horiek». Identifikatuak dituzte, adibidez, euskarazko zikloak desagertuta orain erabaki honen ondorioz ataka zailean gera daitezkeen irakasleak, eta horien eskubideen alde egin nahi dute. 

Helegiteak aurkezteko orriak prestatu dituzte Lanbide Heziketa Defendatzen-en logoarekin-eta, baina, oro har, bigarren hezkuntza osora zabaldu nahi dute horiek aurkezteko deia. Izan ere, administraziotik euskararen sustapenaren inguruan egiten diren adierazpenak entzunda, uste dute gero halakoak «kontraesana» direla: «Egiten dituzten hizkuntza politikak ez datoz bat horrekin». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.