ALDERDIAK

Javier Esparza aukeratu dute berriro UPNko presidente

Botoen %58,29 eskuratu ditu Esparzak. 1.774 kidek eman dute botoa; eskubide hori zutenen %67,42k.

Javier Esparza, artxiboko irudi batean. JESúS DIGES / EFE
jon olano
2020ko ekainaren 28a
17:18
Entzun

Jose Javier Esparzak jarraituko du UPNko presidentetzan, alderdiko afiliatuek haren alde bozkatu baitute 12. kongresuan. 2.631 pertsonak zuten botoa emateko eskubidea, eta 1.774k eman dute (%67,42). Horien artean, %58,29k egin dute Esparzaren alde, eta %41,71k Sergio Sayas diputatuaren alde.

Bost urte pasa daramatza Esparzak alderdiko buruzagitzan, baina aurkaria atera zaio 12. kongresuari begira, eta emaitzek agerian utzi dute Sayasen hautagaitzak ere indar nabarmena eskuratu duela alderdi barruan.

Botoa emateko unean, Esparzak azaldu du alderdia «indartuta» irtengo dela kongresutik: «Indarra eta konfiantza emango digu etorkizunean lanean jarraitzeko». Gainera, balioa eman die alderdiak azken urteetan eginiko bideari eta zuzendaritzarako duen taldeari; tartean daude Enrique Maia Iruñeko alkatea eta Yolanda Ibañez alderdiko idazkari nagusia: «Talde oso sendoa UPNrentzat eta etorkizunari aurre egiteko; izan ere, Nafarroako alderdi nagusiaren eta erkidego honetan erabakiak hartzen dituen bakarraren datozen lau urteez ari gara».

Esparzak «zilegitzat» jo du Sayasek hautagaitza aurkeztu izana, baina erantsi du ez zela «garai egokia»: «Ez dago arrazoi sendorik konfrontazio honi eutsi behar izateko».

Sayasek, ordea, argudiatu du ez dela beharrezkoa «behar bat egotea aukeraketa batera demokratikoki aurkezteko», baina, edozein gisaz, uste du badagoela behar hori; izan ere, premiazkotzat jo du «alderdia esentziatik berreskuratzea, behetik gorako alderdi bat egitea». Sayasek azaldu duenez, azkenaldian iruditu zaio alderdia «egoitza zentral batetik zuzendu» dutela «kaletik» baino gehiago.

Sayasek Esparza zoriondu du, baina ondorioztatu du emaitzak «mezu bat» direla: «Zenbait gauza aldatu behar dira UPNn, eta jende askok nahi du horiek aldatzea». Edonola ere, «eskua luzatu» dio Esparzari «hitz egiteko eta gehiago entzuteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.