Plentziako irakasle jazarriaren ustezko hainbat erasotzaile identifikatu dituzte

Gorlizko Udaltzaingoak sare sozialen bidez izan zuen gazteen asmoen berri, eta, Ertzaintzarekin elkarlanean, kaleko jantzitako agenteak bidali zituen. Poliziek hainbat adingabe identifikatu dituzte.

Plentziako Uribe Kosta BHI institutua. IRATXE RODRIGUEZ / EFE
Plentziako Uribe Kosta BHI institutua. IRATXE RODRIGUEZ / EFE
14789412 kepa
Gorliz
2025eko azaroaren 18a
13:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uribe Kosta BHI institutuko irakasle baten aurkako jazarpenak hautsak harrotu ditu Plentzian eta Gorlizen (Bizkaia): ez dira gutxi argitara emandako gaitzespen eta arbuio oharrak. Gaur, Gorlizko eta Plentziako udalek «babes osoa» adierazi diote erasotako irakasleari. Gorlizko erakundeak jakinarazi duenez, urriaren 31ko gauean, Udaltzaingoak sare sozialen bidez jakin zuen gazte talde bat elkartzekoa zela bizilagun horren etxearen aurrean: «Informazio horrekin, eskura zeuden baliabide guztiak erabili ziren, gorabeherei aurrea hartzeko eta irakaslearen segurtasuna bermatzeko». Ertzaintzarekin elkarlanean, kaleko jantzitako agenteak bertaratu ziren, eta hainbat adingabe identifikatu zituzten.

Salaketa aurkeztu zuen irakasleak adierazi duenez, gainera, ez da jazapena pairatzen duen lehen aldia: azken zortzi urteetan gertatu da, urriaren 31ko gauean beti. Salatutakoaren arabera, hezkuntza zentro hartako DBHko lehen, bigarren eta hirugarren mailako hainbat ikasle dira erasotzaileak, baita Gorlizko ikastetxeko LH6ko ikasleak ere. Hori dela eta, Adingabeen Fiskaltza ikertzen ari da zer gertatu den, litekeena delako 12 edo 13 urteko adingabeak egotea erasotzaileen artean. Irakasleak baja hartu du, haren lankideek baieztatu dutenez «lur jota» baitago.

«Beharrezkoa da gertakariei aurrea hartzea eta prebentzioan etengabe lan egitea, gazteei eta familiei zuzendutako kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintzen bidez»

 Gorlizko Udala

Egoerari aurre egiteko eskura zituzten «baliabide guztiak» erabili baziren ere, Gorlizko Udalaren ustez «ez da nahikoa abisu bat edo gorabehera bat gertatzen denean soilik esku hartzea». «Beharrezkoa da gertakariei aurrea hartzea eta prebentzioan etengabe lan egitea, gazteei eta familiei zuzendutako kontzientziazio eta sentsibilizazio ekintzen bidez, eta errespetuan heziz, horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen».

Horregatik guztiagatik, udalak ezinbestekotzat jo du «gai hau inplikatutako eragile guztiekin koordinatuta jorratzea». Era berean, ikastetxearen eta kaltetuaren esanetara jarri dira, «egoerari heltzeko eta horrelako gertaerarik berriz izan ez dadin nola lagundu aztertzeko».

Plentziako Udala, erasoaren berririk gabe

Antzera mintzatu da Plentziako Udala ere: erasoa Gorlizen gertatu zen arren, gaia ¨«zeharkakoa» dela eta eremu guztietatik jorratu behar dela adierazi du ohar bidez. Eta, ildo horretan, txarretsi du kasuaren «tratamendu mediatikoak» ez duela laguntzen esku hartze egoki bat egiten.

Dena den, Plentziako Udalaren oharrak agerian utzi ditu ikastetxearekiko komunikazio arazoak. Izan ere, erakundearen arabera, udalak ez zuen berehala izan irakaslearen aurkako erasoaren berri: institutuko zuzendaritza astebete geroago jarri zen harremanetan udal gobernuarekin; eta bitartean, ez zuen udala deitu eskola kontseiluaren bileran parte hartzera, zinegotzi batek bertan ordezkaritza izan arren. Edonola ere, lanerako prest agertu da Plentziako Udala: «Irtenbide integral baten bilaketan inplikatzeko borondateari eusten diogu».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.