Jeltzaleek nazio izaera eta euskal autogobernua defendatu dituzte, PSE-EEri erantzunez

Estebanek sozialistei leporatu die Espainiako Gobernuaren defentsan aritzea, baita Eusko Jaurlaritzaren eskumenak urratzen direnean ere. Arrizabalagak uste du «asimilazio» prozesu bat egiteko asmoa dagoela.

Esteban, Zarautzen gaur egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Esteban, Zarautzen gaur egindako agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
Zarautz
2026ko abuztuaren 28a
21:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren urteko hauteskunde zikloak markatuko du hasi berri den urte politikoa, eta hori argi geratu da EAJk, urtero bezala, Zarauzko malekoian (Gipuzkoa) egin duen ekitaldian. EAJren EBBko presidente Aitor Estebanen hitzetan, bozetan ez dira jarlekuak soilik egongo jokoan: «Hemen gakoa da zer Euskadi nahi dugun hurrengo belaunaldietarako». Eta norabidea finkatzeko orduan, agerian utzi dute zer desberdintasun dituzten PSE-EErekin.  

Izan ere, EAJk gobernukide duen alderdiari egin dizkio Estebanek kritika gehien, hura zuzenean aipatu ez badu ere. Udako etenaren aurretik, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak PPrekin eta Voxekin alderatu zituen jeltzaleak, eta «lehentasun nazionala» aplikatzea leporatu; are, ideia horretan indar egin zuen lehengo astean ere, Diario Vasco-n argitaratutako iritzi artikulu batean. Estebanen hitzetan, baina, hitz haiek errealitatetik urrun daude.

Txarretsi egin du Anduezak EAJren eta EH Bilduren «herri imajinatua» aipatu izana, eta esan dio Euskal Herria «nazio bat» dela. «Nazio bat garela uste dugulako, eta izateko eta geure burua gobernatzeko eskubidea dugulako», argudiatu du. Haren hitzetan, EAJ «euskal nazioa defendatzeko» sortu zen, eta hori lehentasun bat da alderdiarentzat. Era berean, azaldu du nazio eraikuntzak berarekin dakarrela ongizatea lortzea ere: «Ez dago dilemarik eraikuntza nazionalaren eta sozialaren artean. Nazioa eraikitzea ongizatea eraikitzea da». Hala, argudiatu du autogobernuaren bidez garatu direla, besteak beste, Osakidetza eta azpiegitura sareak. 

Hain zuzen, kritikatu egin du PSE-EEk auzi horretan jarrera, eta sozialistei egotzi die etengabe Espainiako Gobernua defendatzea, baita euskal autogobernuaren kontra egiten duenean ere. «Non dago Ertzaintza defendatzeko orduan?», galdetu du, Espainiako Poliziak udan egindako polizia operazioen harira sortutako eskumen gatazkari erreparatuta. Estebanen hitzetan, Madrilen xedea da Ertzaintzari «laguntzaile» rola ematea, eta, hala, «polizia integral» izateko aukera ukatzea. «Lehen terrorismoa erabiltzen zen aitzakia moduan. Orain zergatik egiten du hori? Espainiak polizia behar duelako, adierazteko hemen hanka bat jarria duela?».

Maria Eugenia Arrizabalaga GBBko presidenteak ere kritikatu du Espainiako Poliziak izan zuen jarrera. Hura «komatxo arteko normalizazio operazio baten» barrukotzat jo du, edo, bestela esanda, «asimilazio» asmo baten oinarritzat. Eta horren beste bi adibide ere jarri ditu: enplegu publikoan euskara betebehar gisa ezartzearen kontrako epaiak, eta gizonezkoen futboleko munduko txapelketaren harira «uniforme espainiarra jantzarazi» nahi izana. Horren harira, herri-langileek euskaraz jakitearen garrantzia eta euskal selekzioa defendatu ditu, baita transmisioaren garrantzia ere: «Transmititu herri honenganako errespetua eta maitasuna».

«Fidagarria»

Arrizabalagak gogoratu du «Euskadi» dela jeltzaleen proiektu politikoa, eta hura indartzeko lan egingo dutela. Era berean, Euskal Herriak «estatu egiturak» izateko beharra defendatu du: «Nazio bat garelako, herri bat garelako. Eta, erronka, arazo eta mehatxuei erantzuteko behar ditugulako». 

Erronka eta mehatxu horiei so, Estebanek eta Arrizabalagak nazioarteko egoerak eragindako «ziurgabetasuna» aipatu dute, eta EAJ jo dute horri aurre egiteko «antidototzat», argudiatuta alderdiaren jardunak «egonkortasuna» ematen duela. 

Izan ere, Estebanen esanetan, jeltzaleek argi dute zer bide hartu behar den, eta, aurrera egiteko helburuz, prest daude gainerakoak entzuteko eta akordioak lortzeko. Horren adibide moduan jarri du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Miramarko agerraldian iragarri zuen bilera sorta. «Hori da gobernatzeko modua, hori da fidagarritasuna ematen duena», gehitu du Estebanek.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA