2025ean sute handiak izan ziren, eta aurten, berriz, Ceutako migranteen krisia. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek gogor kritikatu du Espainiako alderdi nagusiek, PSOEk eta PPk, nola kudeatzen dituzten Espainiako arazo nagusiak, eta galdetu du «hilak» dauden «tragediak ere» baliatu behar ote diren «etekin politikoa ateratzeko». Politika egiteko modu gordin hori Araba, Bizkai eta Gipuzkoako politikagintzarekin alderatuz hasi du urte politikoa Jaurlaritzako lehendakariak, Donostiako Miramar jauregian egindako gobernu bileraren osteko agerraldian.
Miramarko lorategietan turistak paseoan ikusten ziren Pradalesek agerraldia egin duen aretoko leihoetatik. Aurreko eserlekuetan Jaurlaritzako sailburuak eserita zituela, agerraldia hasi eta berehala, euskal ekosistemarekin bat datorren ekimen baten berri eman du, zeinak ez ei duen «polarizazioa» sustatzen: Pradalesek bilera sorta bat egingo du alderdi politikoekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin, «alferrikako gatazketatik urruntzeko» asmoz.
Gobernura iritsi berritan ere, jaso zuen eragileen ikuspuntua askotariko gaien inguruan, antzeko bilera sorta baten bidez, eta legealdiaren erdia igarota, beste sail bat egingo du, 2027an iritsiko den hauteskunde zikloaren atarian. Iraileko lehen hamabostaldian elkartuko da eragile sozioekonomikoekin eta alderdi politikoekin.
Eta bilera horien gai zerrenda ere argitu du Jaurlaritzako buruak. Batetik, «nazioarteko egoera ezegonkorra» kontuan izanda, egoera ekonomikoaren eta etorkizunerako dituzten aurreikuspenen ingurukoak jorratu nahi ditu; besteak beste, hazkunde ekonomikoari eta enpleguari lotutakoak. Izan ere, lehendakariak kezka adierazi du inflazioa herritarren «poltsikoetan» izaten ari den eraginagatik. Gainera, abagune hori baliatuko du 2027rako aurrekontu proiektuaren oinarrien lehen aurkezpena egiteko ere.
Bestetik, autogobernua «indartzearen eta zabaltzearen» inguruan aritu nahi du. Pradalesek adierazi du «izaera nabarmen legegilea» izango duela abiatu berri den urte politikoak, eta Jaurlaritzaren asmoen berri emango die eragileei. Autogobernuaren auzian, baina, ezinbestean landu beharreko beste bi gai ere baditu lehendakariak: Gernikako Estatutua osatzeko negoziazioen egoera eta estatus politiko berriaren inguruko eztabaida.
Estatus berria
Lehenari dagokionez, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua negoziazio prozesu betean dira, eta abuztuan ere bi aldeak harremanetan egon direla jakinarazi du lehendakariak; Pradalesek zehaztu du Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezekin hitz egin duela auziaz. Biak udako etenaren aurretik biltzekoak ziren, baina Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen bilkura hura, eskumenen transferentzian aurrera egiteko «nahikoa eduki politiko» ez zegoela iritzita. Bada, iraila hastearekin batera, Maria Ubarretxena Autogobernu sailburua Madrilera joango da, Lurralde Politikako Ministerioko arduradunekin biltzeko. Oraingoz, ordea, ez dute hitzordurik jarri Sanchezen eta Pradalesen goi bilerarako.
Etorkizuneko estatus politikoaren inguruko eztabaidari dagokionez, berriz, lehendakariak ez du xehetasunik eman. Adierazi du «alderdiak entzuteko» konpromisoa hartu zuela eta «berretsi» egiten duela konpromiso hori. Hala, bilera sortan jakin asmo du EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko negoziazioetan zer-nolako aurrerapenak egon diren, «egon badira». Era berean, eta entzun duenaren arabera, adierazi du irailaren 17an Eusko Legebiltzarrean egingo duten politika orokorreko bilkura izan daitekeela «lehendakariaren posizioa markatzeko» abagunea.
Pradalesek jakin asmo du EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren arteko negoziazioetan zer-nolako aurrerapenak egon diren, «egon badira». Entzun duenaren arabera, irailaren 17an Legebiltzarrean egingo duten politika orokorreko bilkura izan daiteke «lehendakariaren posizioa markatzeko» abagunea.
Azkenik, Jaurlaritzak esku artean dituen zenbait proposamen ere aurkeztuko dizkie Pradalesek alderdiei eta gainerako eragileei. Industria, ekonomia, segurtasuna, euskara eta etxebizitza arloak aipatu ditu, eta indar berezia egin du azken horretan. Pradalesen hitzetan, etxebizitzarena «arazo estruktural» bat da, eta ezinbestekoa da horri irtenbide bat emateko neurriak hartzea. Bide horretan, Jaurlaritzak funts sozial baterako proiektua aurkeztu zuen, eta horren ingurukoak jorratu nahi ditu, EAJren eta PSE-EEren arteko itunetik haratago irits daitekeen akordio bat eskuratzeko.
Humanismoaren defentsa
Funtsean, Pradalesek azaldu du legealdiaren bigarren erdian zera duela helburu, «elkarrizketa sustatzea, eta akordioak lortzeko beste espazio batzuk bilatzea, alferrikako gatazkak alde batera utzita». Hala, aste hasieran Linkedin sare sozialean zabaldutako mezuan nabarmendutako «humanismoa» berretsi du: «Euskarririk sendoena da estualdietan».
«Lehen Jaurlaritzaren legatuak bizirik dirau: pertsona ororen duintasuna erdigunean jartzea eta garai zailetan ere —eta oraingoak zailak dira—, demokrazia, askatasuna eta justizia soziala defendatzea»
IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Hain zuzen, Pradalesek nabarmendu du jarrera hori izan zela lehen Eusko Jaurlaritzak sustatu zuena. Urriaren 7an beteko dira 90 urte hura eratu zenetik, eta horregatik urte politiko «berezia» izango dela esan du lehendakariak. «Lehen Jaurlaritzaren legatuak bizirik dirau: pertsona ororen duintasuna erdigunean jartzea, kausa beraren alde ezberdin pentsatzen dutenak elkartzea, bakegintza eta elkarbizitza beste guztiaren gainetik sustatzea, eta, garai zailetan ere —eta oraingoak zailak dira—, demokrazia, askatasuna eta justizia soziala defendatzea».
Urte politikoko lehen agerraldia Ceutako krisi humanitarioak baldintzatu du. Izan ere, hala definitu du Pradalesek berak: «Krisi humanitario eta politikoa da». Kazetariek galdetuta, Espainiako Gobernuaren, oposizioaren zein Europako Batasuneko erakundeen erantzuna kritikatu du lehendakariak, eta adierazi du kudeaketa «nabarmen» hobetu zitekeela. «Hain zaila da gobernuko presidenteak eta Feijoo jaunak telefonoa hartzea eta hitz egitea gutxieneko batzuk adosteko?», adierazi du. Izan ere, aitortu badu ere gaia «oso konplexua» dela, nabarmendu du «lankidetza, batasuna eta erantzun integral bat» behar direla konponbide bat topatzeko.