GIB giza immunoeskasiaren birusa eta hiesa ez dira iraganeko kontuak. Haien eragina eta ondorioak apaltzea lortu da, tratamenduak badaude, baina, hala ere, kasu asko berandu diagnostikatzen dira. Berandu diagnostikatzeak esan nahi du pertsona horiek birusa kutsatu dutela eta tratamendua berandu hasi dutela. Hala erakusten dute datuek, eta hala ikusten du Marco Imbertek (Santiago, 1963), T4 hiesaren kontrako elkartean. Euskalsida federazioko presidentea da. Informazioa eta sexu heziketa osoa behar direla uste du.
Iaz 95 pertsonari diagnostikatu zieten GIBa EAEn. Hamar pertsonatik seiri berandu diagnostikatzen diete. Zergatik?
Datu horren atzean, funtsean, beldurra dago: beldurra diagnostiko probak egiteari eta beldurra kutsatuta dauden edo ez jakiteari. Beste herrialde batzuetan, proba diagnostikoak lehen arretaren barruan sartuta daude: lehen arretako medikuarengana joaten direnean, medikuak iradokitzen die urtean behin sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunen proba egiteko, eta egiten dute.
Zer eragin du berandu diagnostikatzeak?
Berandu diagnostikatzen dietenek urte asko daramatzate birusarekin bizitzen, tratamendurik gabe, eta birusa transmititu dute.
Berandu diagnostikatzen dietenez, tratamendua ere berandu hasten dute.
Pertsona batek birusa zenbat eta urte gehiagoan eduki gorputzean, libre, botiken eraginik gabe, birus horrek orduan eta kalte handiagoa eragiten du sistema immunologikoan. Pertsona horri GIBa duela diagnostikatzen baldin badiote sei edo zazpi urtean birusarekin bizitzen aritu eta gero, tratamendu erretrobirala hartzen hasiko da, eta birusa kontrolatuko du, baina kaltea egina dago haren metabolismoan, haren gorputzean, eta atzeraezina da. Gerta daiteke etorkizunean zahartzaro osasuntsu bat izateko aukera gutxiago izatea diagnostikatu berri duten pertsona batekin alderatuta. Garaiz diagnostikatu eta tratamendua garaiz jasotzen hasten direnen kasuan, nolabait esateko, birusari ez dio denbora ematen gorputzaren kontrola hartzeko, diagnostikoa izan eta hamar-hamabost egunera pertsona horrek tratamendua hasten baitu.
«Gaur egun, herritar gehienek ez dakite GIBa duen eta tratamendua hartzen duen pertsona batek ez duela transmititzen birusa»
Berandu diagnostikatzen dietenen kasuan, jada hiesaren sintomaren bat dutelako jo dute osasun zerbitzuetara?
Pertsona horiek hiesarekin iristen dira ospitalera. Hiesak eragiten duen patologia batekin iristen dira lehen arretako medikuarengana edo larrialdi zerbitzuetara: toxoplasmosia, pneumonia larri bat, tuberkulosi larri bat... Immunitate sistema guztiz kaltetuta iristen dira. Immunitate sistema hori berriro indartzeak eta gorputz horrek atseden hartzeak denbora eskatzen du. Batzuk ondo geratzen dira; beste batzuek gaixotasunaren ondorioak izaten dituzte.
GIBak eta hiesak eragin gordina izan zuten duela hamarkada batzuk. Tratamendurik ez zegoen. Orain bai. Hori guztia pasatu eta gero, halako jokabideak ez al dira ulertzeko zailak?
Jendeak informazioa falta du. Gaur egun, zoritxarrez, jende askok beldurra dio diagnostikatua izateari. 90eko hamarkadako irudiak ditu oraindik gogoan: pertsonen gainbehera, tratamenduen konplexutasuna... Jendeak beldurra dio horri: pentsatzen du sintoma eta fenomeno horiek guztiak izango dituela.
Gaur egun, herritar gehienek ez dakite GIBa duen eta tratamendua hartzen duen pertsona batek ez duela transmititzen birusa. Ez dakite tratamendua hasi eta batez beste hiru hilabetera birusa kontrolatua izaten dutela eta atzemanezina dela, atzeman daitekeen birus kopururik txikiena dutela. Gainera, kaltetutako birus bat da, ezin da erreplikatu beste gorputz batean. Ezjakintasun handia dago.
Informazio falta 2026. urtean?
Bai. Gure elkartera etortzen den edo informazioa eskatzeko deitzen digun jendeak, hori guztia azaltzen diogunean, guztiz aldatzen du arriskuaren eta beldurraren inguruan duen jarrera.
GIBa edo hiesa izateagatik baztertuak izateko beldurra badago oraindik?
Bai, asko eragiten duen faktorea da guk GIB edo hies soziala esaten dioguna. Hau da, diagnostiko positibo batek eragiten duen estigma. Jendeak beldur handia dio diagnostikatu eta gero norberaren bizitza ―lana, familia, lagunak...― aldatzeari edo suntsitzeari.
«Arazoa da jende askok sexu harreman gisa identifikatzen ez dituen sexu harremanak dituela. Ikusten dugu aho sexu, masturbazio eta estimulazio jokabideak ez direla hartzen jokabide arriskutsutzat, baina badira»
Sexu bidez kutsaturiko gaixotasun gehienen intzidentzia ―gonorrearena, klamidiasiarena eta sifilisarena― handitu egin zen iaz, gazteen artean batez ere. Ardura edo axola falta da?
Ezjakintasuna da. Urte askoan infekzio birikoen kontra aritu gara ―GIBa, B hepatitisa, C hepatitisa, papilomaren birusa...―, eta gizartean nagusi den prebentzio mezua da kondoia jarri behar dela birusetatik babesteko. Baina sexu bidez kutsaturiko gainerako gaixotasunak bakterioen bidez transmititzen edo kutsatzen dira. Bakterioek ez dute sarketarik behar, gure sexu organoen azalean daude, eta pertsona horrek eremu horretan bakterioa aktibo baldin badu, kutsatu egingo naiz. Arazoa da jende askok sexu harreman gisa identifikatzen ez dituen sexu harremanak dituela. Gizartean oso zabalduta dago sexu harremana penetrazioa duena bakarrik dela. Ahaztu egiten ditugu joko erotiko guztiak eta penetrazioaren aurretik egiten diren sexu praktika guztiak: aho sexu mota guztiak, elkar masturbatzea, baita musuak ere... Hor egoten dira gaixotasun bakterianoak. Gaixotasun bakterianoak ez du behar kondoirik gabe penetrazioa egitea. Guk ikusten dugu aho sexu, masturbazio eta estimulazio jokabideak ez direla hartzen jokabide arriskutsutzat, baina badira.
Iazko datuen arabera, gizonak gehiago kutsatzen dira. Zergatik? Arduragabeago jokatzen dute?
Argi eta garbi dago gizonen sexu praktikekin zerikusia duela eta, zehazki, kondoia ez erabiltzearekin. Askoz ere errazagoa da gizonak uko egitea kondoia erabiltzeari, emakumeak baino. Kondoiak ez du bakarrik balio GIBari aurre egiteko, baita bakterioen bidez kutsatzen direnen kontra ere.
Infekzioen hazkundean zerikusia du gonorrea, klamidiasia eta sifilisa gaixotasun arinagotzat hartzeak? Kutsatuta ere tratamenduarekin sendatzeko modukoak izateak?
Historikoki, arinagotzat hartu dira: ez dute GIBaren pareko ondoriorik. Diagnostikatu, tratatu eta sendatu egiten dira. Berez, ez dago hiltzeko arriskurik. Hala ere, arazoak sor daitezke. Adibide bat: gaur egun arazo larria dago gonorrearekin, gonorrearen bakterioaren andui bat erresistentea delako botiken aurrean.
Urte asko dira sexu heziketa ematen dela eskoletan. Datuak ikusita, badirudi sexu heziketak huts egiten duela.
Guk daukagun muga edo arazo nagusia da administrazioak ordaintzen dituen programetan oso denbora gutxi ematen digutela tailerrak egiteko. Sexu heziketak denbora gehiago behar du, benetan sexualitatearen dimentsio guztiak lantzeko. Joaten dira institutura, eta hitz egiten dute haurdunaldiaz, haurdunaldia eteteko pilulaz... Zenbait sexu praktikaren ondorioak saihesteaz hitz egiten ari dira, ez nolako harremana duzun praktika horiekin, nola bizi dituzun, gorputzaren etikaz, plazerez, fantasiez, hizkuntzaz eta sedukzioaz... Sexu formazioa ez da bakarrik infekzioak eta haurdunaldiak prebenitzeaz hitz egitea. Gazte horiek beren burua ulertu behar dute, jakin behar dute zergatik kitzikatzen diren, nola kontrolatu dezaketen, zergatik gustatzen zaizkien praktika batzuk eta beste batzuk ez, zer arrisku dituzten, zergatik batzuetan eroso sentitzen diren eta beste batzuetan deseroso... Dimentsio asko dira. Sexualitatearen dimentsio guztiei heldu behar zaie nerabe horiek beren burua ulertzeko. Ez badizute hitz egiten zure jarrera eta jokabide sexualei buruz, ez duzu zeure burua ezagutzen eta ulertzen, eta ez duzu ikasten zuk eduki nahi duzun sexualitatearen kontrola izaten.
«Proba diagnostikoak egitea da onena autozaintzarako: emaitza negatiboa bada, indartu egiten ditu hartutako neurriak; positiboa bada, berriz, infekzioaren kontrola hartzen duzu»
Etxean sexuaz natural hitz egitea falta da? Etxean informatzen ez bada, gazteek beste leku batzuetan topatuko dute informazioa, eta beste batzuk izango dira sexuari buruzko erreferentzia.
Sexu heziketa eskolaren esku uzten da, baina oinarriak etxea izan behar du. Hala ere, sexua tabua da oraindik. Okerrena da ez dela ulertzen, ez dela ikusten gehien babestuko zaituena ezagutzen duzuna dela. Gurasoek ez dute beldurrik izan behar sexualitateari buruz hitz egiteko.
Ekainean egindako agerraldi batean, herritarrak gonbidatu zenituen urtean behin GIBaren eta sexu bidez kutsaturiko gaixotasunen testak egitera, testak norberaren osasunaren zaintzan sartzera. Halako neurriak norberaren bizitza sexualera egokitu beharko dira, ezta? Batzuek behin baino gehiagotan, beste batzuek urtean behin...
Bai, jakina. Gaur egungo mundua sexualki oso aktiboa da. Sexu praktikak oso ohikoak dira, eta automatikoki behartu egiten gaitu arduratsuagoak izatera. Bere burua zaintzen duenak gainerakoak ere zaintzen ditu. Zenbat eta sexu bikote gehiago, jakina, arrisku handiagoa izango duzu sexu bidez kutsaturiko gaixotasunen bat izateko. Hilabetean pertsona ezberdin batekin edo birekin sexu harremanak dituztenei gutxienez urtean behin proba egiteko gomendatzen diete; sexualki pertsona hiperaktiboa baldin bada, hilean hamabost pertsonarekin baldin baditu sexu harremanak, urtean bitan egin beharko du. Sexu harremanen eta sexu bikoteen kopuruaren araberakoa da.
Testak arrotzak dira, ordea, herritar gehienentzat.
Ba, proba diagnostikoak egitea da onena autozaintzarako: emaitza negatiboa bada, indartu egiten ditu hartutako neurriak; positiboa bada, berriz, infekzioaren kontrola hartzen duzu.
Ahalduntzeko modu bat da?
Zaintzeak ez du esan nahi sexualitateari espontaneotasuna kentzea: kontrakoa; lasaitasuna ematen du, ahaldundu egiten du. Seguru sentitzen zara egiten duzunaz, eta horrek saihestu egiten du sexu praktika arriskutsuak egitea.