Mendeetakoa, latza
gure ondarea
erauzi eta arrastan
daraman marea.
Langile nekaezinak
lan amaigabea,
alerik ale bildu
zenuen area.
Euskara izan zedin
jakintzaren mendu
eta euskara jakintza
eta pentsamendu.
Ekinean egina
denak jakiten du
nola bilakatzen den
area zimendu:
         Hezurdura bat hitzen
         mami beztuari
         eta arnasbideak
         arnas estuari
         Euskararen begiak
         mundu arrotzari,
         letrak eta papera
         gure ahotsari.
         Eraikiaz erantzun
         zenion bortxari.
Ta ankerrek ta koldarrek
ohi duten moduan,
gauean, bizkarretik
eta desorduan,
gizon jakintsu baten
bizitza onduan,
kolperik bortitzena
heldu zen orduan.
Mina muinean sartu
zizuten unetik
ere eman diguzu
ikaskizunetik.
Zenbat jakintza doan
zure hutsunetik...
jarraituko ahal dugu
utzi duzunetik!
JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak