Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak gerraren aurkako mezuak zabaldu ditu gaur Iruñean, eta «joera belizistari eta militaristari aurre egiteko beste jendarte eredu bat» eskatu du. Izan ere, Gerrari ez. Bizitza duinak denontzat lelopean, protesta egin dute Espainiako Defentsa Ministerioak Nafarroako hiriburuan duen egoitzaren aurrean. Ezohiko protesta izan da, performance bat, hain zuzen, non Donald Trump AEBetako presidenteak berak eman duen gerraren kontrako mezua.
Trumpez mozorrotutako aktibista batek jakinarazi du AEBen asmoa dela soldaduak eta base militarrak Europatik erretiratzea, baita Bardeatik ere. Atzean, babesa erakusten, zenbait jarraitzaile izan ditu Trumpek, Make America Great Again (Egin berriro Amerika handi) leloa idatzita zuten pankartei eusten ari zirela. Lelo hori oso ezagun bihurtu da Trumpek 2016ko hauteskunde kanpainan berreskuratu zuenetik. Eta kanpaina hartan baleude bezala antzezteko prestatu dute gaur eszenatokia, baita AEBetako banderaren koloreetako puxikekin atondu ere.
Antzezpenak antzezpen, instituzio publikoei eskakizun serioak egin dizkie eredu sozial, ekonomiko eta ekologiko baten alde borrokatzen duen mugimenduak: gerra amaitzeko konpromiso zehatzak har ditzaten. Zehazki, lau eskaera zerrendatu dituzte: lehenengoa, «Euskal Herria lurralde baketsua eta desmilitarizatua izan dadila». Eta hori lortzeko zer pauso eman beharko liratekeen azaldu dute: gerra eremuetara armak bidaltzeari uztea, gastu militarra murriztea eta NATO desegiteko urratsak egitea. Bestalde, proposatu dute Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan neutraltasun estatutuak onartzea.
Bigarren eskaera gerraren negozioan ez parte hartzea da: «Patronalei eta enpresei industria militarraren alde ez egiteko eskatzen diegu, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, industria militarra zuzenean edo zeharka indartzen duten inbertsiorik ez egiteko».
Gaur egun sektore horretan gastatzen den dirua trantsizio ekosozialerako eta industria birmoldatzeko erabiltzea proposatu dute, horrela lortuko bailitzateke, haien ustez, baliabide ekonomiko horiek justizia soziala sustatzen duten sektoreetarako erabiltzea, «langile klasea erdigunean» jarrita.

Inbertsioak zerbitzu publikoetarako
Horretaz gain, eta hirugarren eskaerari lotuta, iritzi diote gastu militarra etengo balitz baliabide publiko gehiago leudekeela «bizitza duinak bermatzeko» eta gaur egun murrizketak jasaten dituzten hainbat sektoretako inbertsioa handitzeko. Esan dutenez, eskubide sozialen bermearekin lotutako zerbitzu publikoak dira, besteak beste, pentsioak, hezkuntza, osasuna, zaintza eta etxebizitza eskubidea.
Horiek ez ezik, elikadura osasuntsua eta klima krisialdiari aurre egiteko «benetako neurriak» ere bermatu ahalko lirateke. «Migrazio politika arrazistak» ere gogoan izan dituzte, eta horiek bertan behera uzteko eta migranteei harrera duina egiteko garaia dela ohartarazi dute.
Erakunde publikoei egin dieten laugarren eskaera zera da: autoritarismoari eta oldarraldi erreakzionarioari muzin egin diezaiotela. «Balio militaristak, matxistak, arrazistak, indibidualistak eta klasistak areagotzen» ari direlakoan, alternatiba bat proposatu dute: «gardentasuna, eztabaida demokratikoa eta herritarren erabakitzeko gaitasuna» bermatzea.