John Clarkek, Michel H. Devoretek eta John H. Martinisek irabazi dute Fisikako Nobel saria

Hiru zientzialarien aurkikuntzak erakutsi du propietate kuantiko mekanikoak zehaztu daitezkeela eskala makroskopikoan. Mikrotxipen transistoreen eta teknologia kuantikoaren eremua garatzen lagundu du.

Fisikako Nobel saridunen argazkiak, pantailan. CHRISTINE OLSSON / TT / EFE
Fisikako Nobel saridunen argazkiak, pantailan. CHRISTINE OLSSON / TT / EFE
2025eko urriaren 7a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

John Clarki, Michel H. Devoreti eta John H. Martinisi eman diete gaur 2025eko Fisikako Nobel saria. Zientzien Suediako Errege Akademiak hiru zientzialariak saritu ditu, energia zirkuitu batean energia maila kuantifikatuak eta tunel kuantiko makroskopikoaren efektua aztertzeagatik. 

1985ean egin zuten esperimentua, eta frogatu zuten sistema makroskopiko batean —esku baten tamainako sistema batean— tunel mekaniko kuantikoa gertatzen dela eta energia maila kuantifikatua izaten dela.  Frogatu ahal izan zuten ere mekanika kuantikoak aurreikusi bezala funtzionatzen duela sistemak.

Mekanika kuantikoan, tunneling izeneko prozesu baten bitartez, nukleo baten partikula batzuek zeharkaezina den harresi bat zeharka dezakete. Baina aurretik partikula asko baldin bazeuden, efektu kuantiko mekanikoak hutsalak bilakatzen ziren. Saritutako zientzialarien aurkikuntzak, ordea, erakutsi du eskala makroskopikoan eginez gero propietate mekaniko kuantikoak zehaztu daitezkeela. Aurkikuntzari esker, mikrotxipen transistoreen eta teknologia kuantikoaren eremua garatu da.

Clarkek, Devoretek eta Martinisek supereroalez osatutako zirkuitu elektroniko bat eratu zuten. Zirkuitu elektroniko horretan, supereroaleko partikula desberdinek sistema bat osatzen zuten, zeinak partikula bakar bat balitz bezala funtzionatzen zuen. Supereroaleko osagaiak eroalea ez zen geruza fin batek banatzen zituen: horri Josephsonen batura deitzen zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.