Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Jon Gurutz Gomez Goikolea izendatu du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi, gaur. Goikolea Informazio Zientzietako lizentziaduna da, eta ibilbide profesional luzea du euskal erakundeen barruan, komunikazioan.
Segurtasun Saila ondo ezagutzen du; Juan Mari Atutxa Barne sailburu zela, Goikolea prentsa eta komunikazio aholkulari eta Herrizaingo Saileko Sailburuaren Kabineteko buru izan zen 1992 eta 1998 bitartean. Guztira, 11 urtez Presidentearen Kabineteko buru ere izan zen Eusko Legebiltzarrean, eta, 2009tik 2024ra, Europako Parlamentuko aholkulari izan da. Ibilbidearen azken tarte horretan, Brusela eta Euskal Herriaren artean bizi izan da ia hamabost urtez, Izaskun Bilbao europarlamentari ohiak albo-albokoa izan baitu urte horietan guztietan. Azken hilabeteotan, ETB2ko En Jake programako tertuliakide aritu da, Xabier Lapitzekin.
Aurrerantzean, Goikolea arduratuko da Arkautiko akademiako zuzendaritza nagusiaz, eta Olga Fernandino izango da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria. Goikolea eta Fernandino arduratuko dira akademiaren «hezkuntza eredu berria gauzatzeaz», Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Besteak beste, ikasleek gaua berriro Arkautin igaro beharko dute beren prestakuntzak irauten duen bitartean, eta Arkanpus plataforma digitalaren bidez online heziketa eredua ere garatuko da, Jaurlaritzak helarazi duenez.
Arkautiko tentsioak
Bingen Zupiriak gidatzen duen Segurtasun Sailaren barruan zenbait aldaketa egon dira, legealdiak urtebete baino egin ez duen arren. Miren Dobaran izendatu zuten lehenik Arkautiko akademiako buru, baina hark kargua utzi zuen abuztuan, Amaya Angulo zuzendariordearekin batera. Beraz, urtebetez egon ziren biak zuzendaritzan, eta, kargua uztea erabaki eta gero, gutun bat bidali zuten, Arkautiko langileen eta Herrizaingo Saileko lankideen «inplikazioa» eskertzeko. «Abentura guztiz aberasgarria izan da», esan zuten orduan, baina azkar zabaldu ziren akademiaren barruan dauden tentsioekin lotutako albisteak.
Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan zen joan den legealdian, eta Ertzaintzaren Arkautiko akademiako zuzendari izendatu zuten Imanol Pradalesen gobernuan. Zenbait hedabidek zabaldu zutenez, akademian zeuden zenbait irregulartasun zuzentzeko asmoz heldu zion lanari, baina ezin izan zuen asmoa burutu, barruan topatu zituen kontrako jarrerak zirela medio, eta horregatik eman ei zuen dimisioa.
Orain, Arkautin egon daitezkeen tentsio eta arazo horiek zuzentzeko ardura Goikolea gasteiztarrarena izango da. Eskarmentu handikoa da: Ertzaintzaren barruko mekanismoak ondo ezagutzen ditu, eta ardurak ez du izutzen. BERRIAk jakin duenez, Goikoleak badaki erronka handia duela aurrean, eta badaki Arkautin badela zer zuzendu eta hobetu.