Miren Dobaran Arkautiko akademiako zuzendariak dimisioa eman du. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du erabakia ofizial egin, baina, BERRIAk jakin duenez, Dobaranek jada eman dio erabakiaren berri Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari, eta hark onartu egin du. Amaia Angulo akademiako Administrazioko eta Zerbitzuen Arloko zuzendariak ere eman du dimisioa. Biek ala biek urtebete inguru eman dute Segurtasun Saileko talde berrian. Sailburuak abuztu amaieran edo irail hasieran kenduko ditu kargutik.
Dobaranek eta Angulok gutun batean eman dute erabakiaren berri. Gutun hori eskuratu du BERRIAk, eta hartan azaldu dute iazko udaren amaieran hartu zutela ardura berria beren gain, akademia «erreferente» bihurtzeko, «egungo garaietara egokitzeko» eta ikasleei «prestakuntza bikaina» emateko. Oharrean diotenez, «ia urtebeteko lan gogorra» egin dute, «eraldaketa horri bide emateko beharrezkoak ziren fase guztiak» abiarazi, eta ezarritako erronkak bete. Orain, karguan urtebete baino gutxiago eman ondoren, adierazi dute «baztertu eta lekukoa pasatzea» dagokiela. Argitu dute «ekainaren amaieran» egiten hasi zirela kargua uzteko prozesua, hau da, Ertzaintzaren azken lan eskaintza publikoa egin aurretik.
Dobaranek eta Angulok azpimarratu dute «abentura guztiz aberasgarria» izan dela egindako bide hori, aurrerantzean izango dituzten «proiektu profesionaletan» lagunduko diela, eta eskerrak eman dizkiete «akademiako langileei» eta saileko kideei, emandako babesagatik.
Barruko tentsioak
Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan zen joan den legealdian, eta Ertzaintzaren Arkautiko akademiako zuzendari izendatu zuten Imanol Pradalesen gobernuan. Vocento taldeak zabaldu duenez, akademian zeuden zenbait irregulartasun zuzentzeko asmoz heldu zion lanari, baina ezin izan du asmoa burutu, barruan topatu dituen kontrako jarrerak direla medio, eta horregatik eman du dimisioa.
«Arkautiko eta Segurtasun Saileko zenbait boteregunerekin» izan ditu desadostasunak, komunikabide horren arabera. Iturri horrek dioenez, Ertzaintzako hainbat goi kargudunek ez zuten ongi hartu postua «era irregularrean» betetzen zuten hamar irakasle inguru kargutik kentzeko erabakia, ezta lan eskaintza publikoetako azterketak ez filtratzeko hartutako neurriak ere.