Feminismoak biktima jartzen du erdigunean. Biktimari entzuten dio, biktima zaintzen du, eta biktimak ezarri nahi duen erritmoa errespetatzen du. Biktimak egotea posible egiten duen sistema aldatzeko ahalegin betean aritzeaz batera egiten dute hori guztia, noski, biktima gehiago egon ez dadin. Baina morboa saihestuz, eta biktimak babestuz.
Feminismoa antipunitibista da. Halakorik berriro ez gertatzea da helburua. Ez erasotzailea plaza publikoan urkatzea —nahiz eta gogorik ez zaion faltako askotan—. Biktima zaintzea, eta hari osatzen laguntzea da helburua. Biktimak berak behar duenaren arabera.
Batzuek nahiago izaten dute gertatutakoa ez zabaldu jendaurrean. Eta mugimendu feministari aukera hori errespetatzea dagokio. Baita biktima horiekiko begirunea duen edonori ere.
Kukairen auzian, biktimek hala jokatzea nahi zuten, baina ez da halakorik gertatu. Eta dagoeneko jakina da: Jon Maia Kukaiko zuzendariaren kontrako salaketa batzuk egon dira, sexu erasoak egotzita. Bere garaian erasotzaileak eta biktimek erabaki zuten auzia isilean bideratzea. Jendaurrean horren berri ez ematea. Jakinarazteak ez baitio garrantzia ematen auziari, ezta kentzen ere. Oihartzuna baino ez du handitzen, baina garrantzi bera du.
Prozesu horretan ari ziren Errenterian, eta bakoitzak bere konpromisoak zituen betetzeko eta bere bideak egiteko. Hobeto edo okerrago, prozesu horretan ari ziren. Baina, duela hilabete inguru biktimen nahia hautsi zen.
Xabier Oleaga-Arondo Kukai elkarteko Gida Batzordeko kideak izen-abizenez sinatutako ohar bat kaleratu zuen. Haren iritziz, gaia «arazo nahasia» bihurtzen ari zen, eta «beharrezko azalpena» eskatzen zuen, nahiz eta aitortu «tartean zeuden emakumeek» hala eskatuta erabaki zuela mugimendu feministak gaiaren berri ez ematea jendaurrean. «Gertutasuna» adierazi zien «jokabideen jasotzaile izan diren emakumeei», baina gertutasun hori hautsi zuen haien diskreziorako nahia zapuztuz. Testu horretan, Oleagak azaldu zuen lan gatazka bat ere izan dela. «Anonimotasunean ezkutatu gabe, gardentasun osoz» azalpenak emateko prest agertuz, gainera. Errematatzeko, errenteriarrei eskatzen die «gatazka hau dimentsio publikoan modu egokian» kudeatzeko laguntza, «mami faltsuzko zaratak kalte handiagoak» dakartzala argudiatuz.
Erabat hautsia utziz biktimen konfidentzialtasunerako nahia.
Orduan hitz egin zuen Oreretako Mugimendu Feministak. Zabaldu zuten oharrean, argi esplikatu zuten salaketak jarri zituzten emakumeek «konfidentzialtasun erabatekoa» eskatu zutela. Eta azaldu zuten baietz, haiek ere entzunak zituztela herriko zurrumurruak, «norabide askotakoak» eta «askotariko epaiketak eginez», baina isilik egon direla emakume horienganako erabateko errespetua adierazteko. Era berean, salatu egin zuten Oleagak guztia argitara ekarri izana, dena plazara atera izana: «Orain, nork zainduko ditu plaza publiko horretan benetan zaintza hori behar dutenak?».
Herri ingurutik harago, hautsak ez ziren askorik harrotu orduan, eta hortxe geratu zen gaiak publikoki egindako bidea. Baina, orain, bigarrenez hautsi dute diskrezioz jokatzeko erabakia.
Asteartean, PPk herriko udal batzarrera eraman Jon Maiaren eta Kukairen zuen auzia. Zertarako-eta udalak gai honetan izan duen jarrera salatzeko. Ostegunean oharra atera zuen PSE-EEk, udal jarduna zalatzan jarri eta udalean batzorde berezi baten osatzeko eskatuz. Han erasoak «benetan larriak» direla salatu zuen, eta «elkartasun eta babes osoa» adierazi zien eraso sexista horien biktimei. Babesa adierazi bai, baina babesa praktikatu ez. Izan ere, mugimendu feministak eta Bertsozale Elkarteak ostegunean bertan salatu zituzten herriko Xenpelar bertso eskolako irakasle batek egindako sexu erasoak. Gaia puri-purian, eta komunikabideak bertara begira daudenean gaia publiko egiten bada, zer babes ematen zaie biktimei? Eta diskrezioa eskatu duten biktimen gaia komunikabide nazionaletara bidean jartzen bada, zer babes ematen zaie? Halako auzi bat alderdien arteko ika-mika publikoa sustatzeko erabiltzen bada, zer babes ematen zaie? Agian, ulergarria izan liteke gaiari buruz hitz egitea, kezkak konpartitzea... baina osoko bilkurara eramatea? Ohar bat argitara ateratzea? Non geratzen da biktima horien nahia?
Errenterian urak nahasita daude. Bertsozale Elkarteak eta mugimendu feministak aste honetan salatu dituzte Xenpelar bertso eskolako irakasle baten erasoak, eta, hain justu, bihar egingo dute horiek salatzeko elkarretaratzea. Urte asko daramatzate kasu hori bideratzen horren berri eman aurretik. Maiaren auzian ere halaxe ari ziren, gaiarekin arduraz jokatuta, biktimak zainduta eta haiek errespetatuta. Zergatik ez dute gauza bera egin beste batzuek?

