«Marmotaren eguna». Accionak Nafarroako Parlamentura bidalitako bi zuzendariek hala esan diete kazetariei, labur. Jose Antonio Entrecanales ez baita gaur ere parlamentura agertu. Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak gaurko agertzeko eskatu zion Entrecanalesi, Accionako presidenteari. Baita bigarren aldiz deitu ere, urtarrilaren 20an ere parlamentura agertzeko eskatu baitzion, eta Entrecanales orduan ere ez baitzen joan, legearen arabera derrigorrezkoa bada ere. Haren ordez, Accionako bi zuzendari bidali ditu berriz: Joaquin Mollinedo eta Jose Julio Figueroa.
Nafarroako Parlamentua ez dago konforme, eta bihar erabakiko du zer egin. Zigor Kodearen 502. artikuluak dioenez, «Espainiako Gorteetako eta autonomia erkidegoetako ikerketa batzordeetara ez joatea desobedientzia delitutzat joko da», eta sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra ezar dakioke hori egiten duenari.
Accionak, ordea, uste du kasu honetan deitutako pertsona ez dela Entrecanales bera, baizik eta Acciona enpresa, pertsona juridiko gisa. Hala, urtarrilaren 20an argudiatu bezala, enpresak dio haiei dagokiela erabakitzea nor joango den parlamentura.
Are: enpresak parlamentura bidalitako idatzian dioenez, batzordera joateko hitzordua Acciona Construcciones enpresari eskatu behar litzaioke, eta ez Acciona taldeari. «Acciona Construccionesek, Acciona taldeko filialak parte hartu baitu Belateko adjudikazioko enpresa elkartean», azpimarratzen du. Gaineratu du talde nagusiak ez duela lizitazioan eta adjudikazioan parte hartu. Era berean, oroitarazi du ez taldea ez filiala ez dituztela auzi judizialean ikertu. Hain justu, epaileek pertsona jakin batzuen aurka jo ohi dute, eta ez enpresen aurka.
Azkenik, Accionak argudiatu du Entrecanalesek joateko borondatea adierazi duela bi ordezkari hara bidalita. Mollinedo eta Figueroa parlamentura joan dira, bai, baina ikerketa batzordeak ez ditu aintzat hartu, eskaera Entrecanalesi zuzendu ziolako. Accionak dio haien enpresaren ordezkaria ez dela presidentea, administrazio kontseilua baizik. Enpresaren hitzetan, ordezkaria izendatzeko eskubidea urratu dio parlamentuak.
Parlamentuaren ikuspegia
Bihar berriz bilduko da ikerketa batzordea, 09:30ean, eta orduan erabakiko du zer egin. Legelarien ikuspegia entzun nahi dute taldeetako ordezkariek, ezer erabaki aurretik. Entrecanales bigarren aldiz joan ez denez eta Zigor Kodea argia denez, aukera nagusietako bat da fiskaltzari gertatutakoa jakinaraztea. Entrecanalesen jokabidearen aurka mintzatu dira zazpi taldeetako ordezkariak, baina zenbaitek nahiago izan dute zuhurrago jokatu.
«Parlamentuak defenditu behar du mundu guztia berdin tratatua izan dadila», esan du UPNko Javier Esparzak, batzordearen saioa amaituta. Haren hitzetan, beste edozein herritarrek bezala, ikerketa batzordera joateko betebeharra du Accionako presidenteak. Gertakariak fiskaltzari jakinaraztearen alde agertu da UPN, baina gaineratu du erabakia «aho batez» hartu behar dela. «Ez dugu adostasuna hautsiko».
PSNko Ainhoa Unzuk adierazi du legelarien ikuspegia entzun nahi dutela lehenik. «Entrecanales batzordera joan behar dutenetako bat da, eta besteekin jokatu dugun modu berean jokatu behar dugu harekin», adierazi du: «Herritar guztiak behartu behar dira legea betetzera; berdin zaizkigu haien izen-abizenak».

EH Bilduko Laura Aznalen arabera, ez dagokio Accionari erabakitzea nor joango den ikerketa batzordera. «Gure jarrera oso argia eta irmoa da. Fiskaltzara eramatea proposatzen dugu». Ildo beretik jo du Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek. Haren ustez, frankismotik eratorritako elite ekonomiko bat dago, «nahieran jokatzera ohituta». Zurekin Nafarroak asmoa agertu du fiskaltzari informazioa bidaltzeko.
Zuhurrago jokatu nahi izan dute Geroa Baik eta PPk. Pablo Azkonaren (Geroa Bai) arabera, bihar zehaztuko dute zer urrats egin. «Irmo jokatu behar dugu, eta batzordearen ikuspegia defendatu». Dena den, argi utzi du fiskaltzari jakinaraztearen alde bozkatuko dutela. PPko Javier Garciak ere ez dio arazorik ikusten horri. «Ikusi nahi dugu beste aukerarik planteatzen ote den».
Oscar Txibite eta Santos Cerdan
Entrecanales ez da agertu, baina oso aste trinkoa izango da ikerketa batzordean. Bihar, Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilaria joango da. Adjudikazio prozesuaren erdian hartu zuen kargua, 2023ko abuztuan, eta horren ostekoei eta gainkostuen inguruko polemikari buruz galdetuko diote batzordekideek.
Biharamunean, berriz, auziko protagonista nagusia joango da: Santos Cerdan PSOEko eta PSNko Antolamendu idazkari ohia. Auzi judizialeko beste ikertu batzuen aldean, Cerdan ez zen isildu Espainiako Senatuan egindako agerraldian, eta espero da galdera batzuei erantzungo diela.
Koldo Garciaren eskaera, airean
Nafarroako Parlamentuak eskaera egin dio Espainiako Auzitegi Gorenari, baimena eman dezan Koldo Garcia Uharteko zinegotzi ohi eta Jose Luis Abalosen gidari izandakoa martxoaren 11n deklaratzera etor dadin. Gorenak arratsaldean, hasiera batean, jakinarazi du baimena ukatu duela, baina akats bat egin du. Izan ere, Gorenak uste zuen eskaera otsailaren 11rako (asteazkenerako) zela, eta Garciak ostegunean Gorenean deklaratu behar duenez Madrilen, ezezkoa eman dio. Dena den, akatsa zuzenduz gero, Garciak ez luke arazorik izango batzordera joateko. Garcia espetxean dago gaur egun, behin-behinean.
Gero, Goreneko iturriek eurek onartu dute akats egin dutela eta litekeena dela martxoaren 11n Garciaren agerraldia baimentzea.