Jose Suarez parlamentari ohiak Nafarroako PP utzi du, Garciari kritika gogorrak eginda

«Zintzotasun, zorroztasun, koherentzia eta bokazio falta» egotzi dio alderdiko buruzagiari. Garciak ukatu egin du barne arazorik dagoela PPren baitan.

Javier Garcia eta Jose Suarez, elkarrekin, prentsaurrekoa eskaintzen. PP
Javier Garcia eta Jose Suarez, elkarrekin, prentsaurrekoa egiten. PP
joxerra senar
2025eko maiatzaren 9a
14:26
Entzun 00:00:0000:00:00

Krisi hotsak Nafarroako PPn. Iragan legealdian Navarra Suma taldeko parlamentari izan zen Jose Suarez, PPko ordezkari gisa. Suarezek alderdia utzi du, eta bere agurrean gogor kritikatu du Javier Garcia alderdiko buruzagia. «Politikan motibatzen nauten balio politikoak falta zaizkio: zintzotasuna, zorroztasuna, koherentzia eta bokazioa», idatzi du X sare sozialean. Suarez PPko idazkari nagusi izan zen Ana Beltranen agintaldian.

Gaur goizean, etxebizitzari buruzko ekitaldi bat antolatu du alderdiak, eta bertan izan da Javier Garcia, alderdiko ordezkari nagusiez inguratuta —Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuak, Maribel Garcia Malo parlamentaria, Carmen Alba Iruñeko hautetsia eta Amelia Salanueva senataria—; Garciak nabarmendu du ez dagoela krisirik alderdi barruan.

Garciak ez die erantzun Suarezek egin dizkion kritikei. Eskertu dio egindako lana. «Nafarren arazoak konpontzeko gaude hemen». Balio politikorik ba al duen galdetu diote: «Noski», erantzun du.

Espainiako PP gertutik aztertzen ari da egoera. Gaur bertan Iruñean izan da Paloma Martin PPko Garapen Jasangarriko idazkariordea, baina ez du alderdiaren egoeraz hitz egin nahi izan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.