Joseba Erostegi Bidaguren euskal presoa (Antzuola, Gipuzkoa) libre geratu da gaur goizean, 09:15 aldera, Herrera de la Manchako espetxetik irtenda (Ciudad Real, Espainia), Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Zigorra osorik bete ondoren utzi dute aske. Erostegik senideak eta lagunak zain zeuzkan kartzela atarian, eta etxerako bideari heldu diote harreraren ondoren.
1997ko uztailean atxilotu zuten, ETArekin lotuta, Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioaren bahiketaren operazioan. Josu Uribetxeberria, Joxe Miguel Gaztelu eta Xabier Ugarte ere atzeman zituen orduan Guardia Zibilak. Uribetxeberria 2015ean hil zen, gaixotasun baten ondorioz —azkeneko hiru urtean baldintzapean aske egon zen—; Gaztelu kartzelatik atera zen, 2017an, eta Ugarte ere bai, iaz.
66 urte ditu Erostegik. 22 urte eta erdi pasa eduki dute, beraz, preso, eta beti, lehen graduan eta Euskal Herritik urrun.
ETAk Ortega Lara 532 egunez izan zuen bahituta, Arrasaten (Gipuzkoa). Guardia Zibilak askatu zuen, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak koordinatutako operazio batean.
Hego Euskal Herriko espetxeetan lau euskal preso daude; Espainiako Estatuan, berrehun pasatxo; eta Frantziakoan, 37.