Josu Urrutikoetxearen kontrako beste euroagindu eskaera bat egin du Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, herriko tabernen auziarekin lotuta egindakoa zabaltzeko eskatuta. Horretan oinarrituta, Urrutikoetxea aurkitu, atxilotu eta preso sartzeko eskatu dio Frantziako Fiskaltzari. Funtsean, uztailean hartutako ebazpenaren kopia bat da Pedrazen arrazoiketa. Ontzat ematen du Urrutikoetxea «ETAko buruzagi gorenetakoa» izan zela, «2002an ihes egin zuenetik atxilotu zuten arte». Horren frogatzat dauzka atxilotu zutenean aurkitutako dokumentuak, Espainiako Gobernuko ordezkarien eta ETAren arteko elkarrizketetan parte hartu izana, eta ETAren desegitearen agiria irakurri izana.
Deigarria da arrazoiketa, elementu berak kontuan hartuta Urrutikoetxea errugabetzat jo zuelako Parisko Zigor Auzitegiak 2021ean. Epaileek ebatzi zuten ez dagoela nahikoa elementu 2011-2013 aldian ETAko kide izan zela frogatzeko. Halaber, hiru magistratuek adierazi zuten negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin. Besterik iritzi dio, antza, Auzitegi Nazionalak.
Uztailean hartutako autoaren harira, galdeketa egin beharra zion Auzitegi Nazionaleko epaileak. Eta horretarako abenduaren 4an jarria zuten zita, Baionako Auzitegian, handik bideokonferentzia bidez deklara zezan Urrutikoetxeak. Baina BERRIAk jakin duenez, azken orduan bertan behera utzi diote deialdia. Horren ordez, haren kontrako euroagindua zabaldu eta hura atxilotzeko eskatu dio Pedrazek Frantziari. Abenduaren 3ko data du dokumentuak.
Gaur egun, Ipar Euskal Herrian libre bizi da Urrutikoetxea, kontrol judizial zorrotza duela. Pedraz epaileak bidalitako euroagindu berriarekin, Frantziako Fiskaltzaren esku dago erabakia: agindua ontzat emanen balu, noiznahi atxilo lezakete.
Espainiaratze aginduak indarrean
2019ko ekainean atxilotu zutenean, Urrutikoetxea Espainiaratzeko lau eskaera egin zizkion Espainiako Justiziak Parisi: bina estradizio —Luis Herguetaren hilketa (1980) eta Zaragozako atentatua (1987)—; eta bina euroagindu —herriko tabernen auzia eta Barajasko 2006ko atentatua—. Frantziako Justizia sistemak ez zuen ontzat eman Barajasko atentatua oinarri zuen euroagindua, eta Espainiak bertan behera utzi zuen Herguetaren auzikoa. Gainerako biak ontzat eman zituen Parisek, eta indarrean daude.
Baina aplikatu ahal izateko, Urrutikoetxeak Frantzian dituen auzibide guziak bukatu behar dira lehenik. Eta bat eskas zaio oraindik, 2002tik 2005era ETAko kide izan zelakoan, «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta epaitu behar baitute Parisko Dei Auzitegian. Prozedura arazoengatik behin eta berriz atzeratu ondotik, urri hasieran egitekoa zuten. Baina beste behin atzeratzea erabaki zuen epaileak, Urrutikoetxearen osasun egoera dela eta. Heldu den apirilaren 9rako eta 10erako jarri dute data.
'Herriko tabernen' auzia
Auzitegi Nazionalak 2002an ireki zuen 35/02 auziko sumarioa, herriko tabernen auzikoa. Epaiketa 2013an hasi zen, eta, prozesu hartan, 101 herriko taberna konfiskatzeko agindu zuten auzitegiek —lehenik, Auzitegi Nazionalak; gero, Gorenak—, eta urtebete eta hiru hilabete, eta urtebete eta hamar hilabete arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten hogei laguni, «erakunde terrorista bateko kide» izatea leporatuta. Bakar bat ere ez zen espetxera joan. Horren zantzuak antzeman litezke Urrutikoetxea akusazio zabalagoarekin auzipetzeko asmoen atzean.
Izatez, 2005eko otsailean auzipetu zuten Urrutikoetxea ere, auzi horri lotuta, baina hura ihesean zen orduan. Gerora, behin hura atxilotuta, Auzitegi Nazionalak euroagindu bat bidali zion Frantziari, eta Frantziako Kasazio Auzitegiak ontzat jo zuen 2020an. Halere, iazko maiatzean itxi zuen sumarioa Pedrazek berak, eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Salara bidali zuen. Bigarren Zigor Salak, baina, ekainaren 26an erabaki zuen itxiera hori etetea, Dignidad y Justicia elkarteak aurrez egindako eskaerari men eginda. Fiskaltzak auzipetzearen alde egin zuen.